PIPER TXURIAK elkartea: “Maskulinitatearen erronkak bizipenez eta gazteek ulertzeko moduan azalduko ditugu”
Zein da zuen elkartearen zeregina?
Piper Txuriak 2008an sortu zen gizonez osatutako talde gisa, eta bi urte geroago legezko elkarte bihurtu zen gizarteak eskatzen zizkigun jardueren eskaera gero eta handiagoari erantzun ahal izateko, hasiera batean Bilbo inguruan. Maskulinitateak eta gizarte eta kultura honetan gizon izateak zer esan nahi duen eta ze ondorio dituen hausnartzeko espazioa eskaintzen die kideei. Hori ahalbidetzeko, adiskidetasunean, elkarrekiko laguntzan eta errespetuan oinarritutako espazioa sortu dugu, eta horrela laguntzen eta inspiratzen gara. Bestalde, gizarteari hezkuntza-jarduerak eta bestelako sentsibilizazio- eta kontzientziazio-baliabideak eskaintzen dizkio, guztiak maskulinitateari eta gizonei buruzko uste tradizional patriarkalak eraldatzeko. Eta, kontzientzia berri horretatik abiatuta, gure arteko harremanak patriarkatutik aske egon daitezen jardutea, hau da, sexismorik, desberdintasunik, indarkeriarik eta menderatzerik gabe. Hori da gure helburua.
Zer da Eibarko tailerretan eskainiko duzuena? Zeinentzako izango da?
Bi orduko tailer horietan mutil gazteek hartuko dute parte, gizon heldu batek lagunduta. Guztira, 21 lagun izatea aurreikusten dugu (interesatuek oraindik izena eman dezakete). Gure asmoa bien arteko lotura sendotzea da, nagusi den maskulinitate patriarkalaren eredu horrek gizonen arteko harremanetan sortzen dituen zailtasunei helduz: elkar zaintzea, maitasuna eskaintzea, elkarrengandik hurbil egotea, gure emozioak erakustea. Horretaz guztiaz hitz egingo dugu, eta agian praktikatuko dugu.
Gure asmoa da maskulinitatearen erronkak bizipenez eta gazteek ulertzeko moduan azaltzea. Dinamikak, jokoak eta zirkuluak egingo ditugu elkarri entzuteko. Helduak gazteen aliatuak eta laguntzaileak izango gara eta, aldi berean, tailerra helduentzat izango da, agian lehen ez geneukan zerbait ikas dezagun. Maitasunetik, zaintzatik eta alaitasunetik diseinatutako tailerrak dira. Elkarrekin egoteaz gozatzeko gune izango dira. Bi ordu atsegin pasako ditugu, eta ziur nago gure botereari eta jakinduriari lotuago aterako garela.
Oraindik plaza batzuk gelditzen dira, beraz, parte hartzera animatu nahi ditugu mutil/gizonak. Izena emateko 614 131 174 Whatsappa erabil daiteke