Asteburu honetan hasiko den sanandresetako jai egitaraua aurkeztu du Udalak
Egitaraua aurkezten hasi baino lehen, San Andres egunerako deituta dagoen Greba Feminista Orokorraren harira, honakoa adierazi du alkateak: “Gure ustez, grebarekin lortu nahi dutena eskatzeko beste bide batzuk badaude eta guk ez dugu grebarik egingo. Edozein modutan ere, norberaren eskubidea da greba egin ala ez, eta gauza bat zein bestea erabaki, denentzat errespetua eskatu nahi dut”.
Sanandresak ospatzen hasteko egitaraua asteburu honetan hasiko da, zapatu goizean Errebalen egingo den San Andres Eskolarteko 19. Bakailao Txapelketarekin. Guztira 40 parte-hartzaile izango dira eta 10:30ean hasiko dira bakailaoa prestatzen. Hori amaitu eta, jarraian, 12:00etatik 14:00etara, Bacalaos Alcorta 5. Pintxo Lehiaketa egingo da: “Bertan izango dira Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako, Nafarroako eta Frantziako pintxo-txapeldunak, eta aurten ere Showcooking formatuan egingo da, interesa duten guztiek pintxoak nola egiten diren ikus dezaten”.
Asteburua atzean laga eta, datozen egunotarako beste lau hitzordu izango direla nabarmendu dute: “Azaroaren 24an, ostiralean, Coliseo antzokiak San Andres Bertso Jaialdiaren 27. edizioa hartuko du, …eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik. Aurten, Unai Agirrek, Maddalen Arzallusek, Oihana Bartrak, Beñat Gaztelumendik, Unai Iturriagak eta Jon Maiak hartuko dute parte. Jaialdia hasi aurretik, San Andres Bertso Paper Lehiaketaren sariak banatuko dira”.
Azaroaren 25ean, larunbatean, Txistorraren Egunaren 19. edizioa egingo da. Eibarko Txirrindulari Elkarteak amaiera emango dio denboraldiari urteroko hitzordu honekin; eguna txotx-arekin hasiko da, Peio Osoro triatleta eibartarraren eta Javier Garcia kazetari bizkaitarraren eskutik. Debako dultzaineroek joko dute eguerdian, eta txistorra salduko da 12:15etik 15:00etara eta 18:30etik 21:00etara. 19:00etatik aurrera, Ustekabe Txarangak kaleak animatuko ditu, eta ordu horretatik eta 22:00ak arte, Danel Santiago DJ-aren emanaldia egongo da, Errebal Plazan.
Azaroaren 26an, igandean, San Andres Bakailao Txapelketaren Sari Nagusia egingo da. Lehiaketaren 29. edizioa izango da, eta Untzaga plazan hasiko da, goizeko 11:00etan. Txapelketa honetan 35 bikotek hartuko dute parte.
Ordubete geroago, Exfibar Erakusketa Filatelikoaren 54. edizioa inauguratuko da, Portaleko erakusketa aretoan. Arrate Elkarte Filatelikoak antolatuta, aurten Ibarkurutzeko iturriari eta Gimnastika Erritmikoko Ipurua Klubari eskaini zaie erakusketa. Horretarako, zigilu pertsonalizatua eta oroitzapenezko zigilu-marka eskatu zaizkio Correosi.
Hilaren 29an, asteazkenean, elektrotxaranga batek animatuko ditu Eibarko kaleak, 19:00etatik 22:00etara bitartean. Eta 22:30ean erromeria hasiko da, Laket taldearen eskutik.
Programa hilaren 30ean, San Andres egunean amaituko da. Azaldu dutenez, “Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokaren 44. edizioa izango da protagonista nagusia. Goiz osoan zehar egingo den azokako postuak Untzagan eta Txaltxa-Zelaian jarriko diren karpetan egongo dira. 45 ekoizlek hartuko dute parte azokan zein lehiaketan, atal ezberdinetan: barazkiak (10), fruta (1), ogia (15), gazta (10), eztia (4), txakolina (2), loreak (1) eta Debabarreneko gazta (2). Azken edizioetan bezala, Untzagako karpan fruta- eta barazki-ekoizleen postuak egongo dira, eta Txaltxa-Zelaiko karpan gainerako ekoizleenak (ogia, gazta, eztia, txakolina…).
Calbeton kalean, berriz, abereak erakutsiko dituzte. Hamar baserri hauetatik ekarriko ditzute animaliak: Aritxulueta, Mandiolagainekoa, Zumaran, Arizmendigoikoa, Orbe, Agirreazpikoa, Untzeta, Gisasola, Mendigoiti eta Sumendiaga.
Horrekin batera, goiz-eguerdi partean Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du, eta Toribio Etxebarria kaleak binakako aizkolari-txapelketa hartuko du, eguerdian. San Andres azokako, pintxo lehiaketako eta kartel lehiaketako sariak 13:00ean banatuko dira eta, aurten hortxe amaituko dira San Andres eguneko ospakizunak. Izan ere, beste urte batzuetan dantzaldia egin da arratsaldean, baina Kezka dantza taldeak aurtengo dantzaldia zapatura aldatzea eskatu du eta, beraz, ez dute San Andres egunean egingo.
Amaitu aurretik, alkateak eskerrak eman dizkie “aurten ere gure jai tradizionaletako jardueretan parte hartzen duten elkarte guztiei: ASPE, Urbat, Usartzako txistulariei, eta baserritarrei. Eibarren elkarte-sare oparoa dugu, eta horretaz oso harro egon behar dugu”.