Eider Rodríguez idazlea izango dugu bihar Eibarren, "Harixa Emoten" jardueraren baitan

Eider Rodríguez idazlea izango dugu bihar Eibarren, "Harixa Emoten" jardueraren baitan
2024/01/15 10:44
eta kitto!
Bihar, hilak 16, “Idazlearekin Harixa Emoten” jardueraren urteko lehen saioa egingo da Portalean. Eider Rodríguez izango da Eraikuntzarako materiala liburuari buruz berba egiteko. Taldeko kideek aukera izango dute liburuari buruzko galderak edo iruzkinak egiteko.

Ainhoa Aldazabalek zuzenduko du saioa. Eibarko Udal Liburutegiak  ...eta kitto" Euskara Elkartearekin elkarlanean antolatutako jarduera da Harixa Emoten.

 

Idazlea

Orereta, 1977. Publizitatean lizentziatua eta lanbidez irakaslea da EHUko irakasleen unibertsitate eskolan. Kazetari lanetan aritua da artikulu ezberdinak argitaratuz, besteak beste, The Balde, Oarsoaldeko Hitza, eta Hitzak eta ideiak aldizkari eta egunerokoetan. Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004) narrazio liburua da argitaratu duen lehen literatur lana. 2006an Irene Nemirovskiren lehen liburua Le bal euskaratu du Eider Rodriguezek Dantzaldia (Txalaparta, 2006) izenburupean.

2018an Euskadi Saria jaso zuen Bihotz Handiegia lanagatik eta urte berean Haur eta Gazte literatura Euskadi Saria Santa Familia lanagatik.

 

Liburuaren sinopsia

Harea, zementua, karea. Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat.

Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna liburu honetako narratzaileak. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu.

Zaldiak, igerilekua, kaleko jendea, bigarren etxe izandako almazena, sua, azulejuak, soldaduskako eskutitzak, Benicassimeko apartamentua, gasolina, landareak. Aita baten puskak bildu ditu Eider Rodriguezek bere aurreneko nobelan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu.