350 zuhaitz landatu zituzten zapatuan Urkoko magalean
Zuhaitz Egunaren bueltan 350 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatuko ziren zapatuan Urkoren magalean dagoen Pagaegikortako udal-lursailean. Ekimena Eibarko Ingurumen Sailak antolatu zuen, eta Baso Biziak elkarteak, Eibarko Klub Deportiboak eta Lurgaia Fundazioak ere hartu zuten parte. Oraingoan 14 espezie autoktonotako 350 zuhaitz eta zuhaixka landatu dira, tartean haritzak, pagoak, hurritzak, lertxunak, makatzak, sagarminak, ahuntz-sahatsak, sahats ilunak, zuhandorrak, elorri beltzak, hostazuriak, ereinotzak, elorri zuriak eta otsalizarrak. Eguraldiari aurre eginez jardun zuten bolontarioek, eta luntxa Izuako parkingean egin beharrean Iturburun egin zuten azkenean.
2023an Udalak Pagaegikorta baserria eta bertako lursailak erosi zituen: hiru partzela, 23 hektarea eta erdiko azalerarekin. Lursail batzuetako pinuak moztuta, 2024ko otsailean Urkoren magalean baso autoktonoa lehengoratzeko proiektuaren lehen fasea egin zen. Horrela, saka-bide batzuk berriztatu dira, 11 putzu sortzeaz aparte, biodibertsitate handiko guneak gauzatuz. Espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzeko lanak ere egin dira, 27 espezietako 8.614 zuhaitz eta zuhaixka landatuz. Horiei gehitu behar zaie zapatuan landatutakoak.