47. Durangoko Azokia: laburragua baiña bete-betia

47. Durangoko Azokia: laburragua baiña bete-betia
2012/12/04 00:00
eta kitto!

Areto Nagusixa izango da Azokan egingo diran aurkezpenen bihotza. Danera 46 aurkezpen hartuko dittu guniak, gehixenak liburuenak eta solasaldi eta hitzaldi nagusixak be bertan egingo dira. Erakustazokan bertan, barruan egongo da, sarrera inguruan, Irudienea eta K@biarekin batera. Saguganbara, barriz, oiñ arte “Haur Literatura Aretua” moduan ezagutu doguna ordezkatuko daben gunia izango da eta haur eta gurasueri eskindutako espazio horretan bereziki aittatu bihar dira tallarrak, ohiko ipuin kontalari saio eta aurkezpenekin batera. Ahotseneak, bestalde, sorkuntza makalduko daben krisirik ez daguala agerixan lagako dau. Izan be, 4 egunetan, goizetik gabera, eten barik, aurkezpen eta emanaldixak egingo dira bertan, 88 guztira. Irudienea euskal ikus-entzunezko sorkuntzaren barri jasotzeko toki ezin aproposagua izango dala aurreratu dabe antolatzailliak, "batez be film laburreri dagokixenian". Plateruena kafe antzokixa Azokiaren gune bihurtuko dabe aurten lehelengoz eta, horri esker, Azokiak atiak itxitta be, Azokaren bizitza luzatuko dabe bertan eskinduko diran kontzertu eta bestelako emanaldixak. K@bia teknologixa, sorkuntza, kultura eta edukixen konsumo-joera barrixendako eskaparatia izango da, beti be euskeria ardatz dakela. Arte eszenikuendako tartia be egongo da, Szenatokia izenekuan: bertan bestelako erakustazoka eta jaialdixetan tokirik ez daken euskal sortzailliak euren biharra ezagutzera emoteko aukeria izango dabe. Eta urtetik urtera sendotzen doian Azoka TV-ri esker, internet bidez kanal bi emitiduko dittue. Streaming bittartez Durangokoazoka.com webgunian segitzeko aukeria eukiko dau nahi dabenak eta, horrez gain, Azokan bertan egongo dan pantalla erraldoian be ikusiko da.

Nobedadiendako eskaparatia
Euskal literatura eta disko ekoizpenari begira, Durangoko Azokia benetan hitzordu inportantia dala begibistakua da. Urrixan hasi eta abendura bittartian, argittara emoten diran lan barrixen zerrendia luzatzen eta luzatzen juaten da, beti be begixak Durangon ipiñitta. Aurten Azokiari begira 411 titulu barrik ikusi dabe argixa: 289 liburu, 65 bideo, 32 aldizkari, zazpi liburu elektroniko eta bestelako 18 argitalpen gehixago. Konparatzen hasi ezkero, iaztik hona beherakada txikixa ikusi geinke liburu nobedadietan, iazko titulu barrixak 313 izan ziran-eta, baiña hortik kanpora, beste produktuetan iazko kopuruari eustia eta hainbat kasutan gainditzia be lortu da.
Azokan parte hartuko dabeneneri begiratzen badetsagu, danera 127 argitaletxe, disketxe, talde, alkarte eta erakunde egongo dira Durangon. Antolatzailliak emondako datuen arabera, iaz Durangon egon ziranetatik bederatzi ez dira aurten bertan izango, baiña ez da holako hutsune haundixa somatuko zortzi eskari barri onartu dittue eta.
Azokiaren iraupena beste batzuetan baiño laburragua izango da: lau egunetan egongo da zabalik, oiñ arte ohikua ziran bost egunetan martxan egon biharrian. Baiña horrek ez dau eragiñ haundirik izango azokiaren inguruan antolatzen diran ekitaldixetan. Are gehixago, gune eta espazio diferentietan garatzeko sekula baiño programaziño zabalagua osatu dabe, 300 ekitaldi baiño gehixagorekin.
Azokia 10.30xetan zabaldu eta 20.30xetaraiño egongo da zabalik, baiña Ahotsenea guniak ordutegi berezixa eukiko dau, bere ordutegixa 22.00ak arte luzatuta. Holan, aurkezpen gehixagori tokixa egitteko aukeria eskinduko dau eta, horrekin batera, Azokaren ondoren Plateruenan emongo dittuen kontzertuetarako zubi natural modura jardungo dau. Izan be, Plateruena Kafe Antzokixak Durangoko Azokiaren programaziño ofizialaren parte izango da aurten lehelengoz.

Debako argitalpenendako txokoa
Urteroko moduan, Badihardugu alkartiak stand-a ipiñiko dau Durangon. Badiharduguk berak ez dau argitalpen barririk etara aurten, baiña edozelan be Urretxu eta Zumaixako nobedade bana eruango dabela aurreratu deskue alkarteko arduradunak. Halanda be, Badihardugukuak aurten hitzarmen barrixak siñatu dittuenez, iaz baiño liburu gehixago eskinduko detse bisitarixeri: "Euskeriarekin zerikusixa daken eskualdeko argitalpenekin batera, Euskal Herri osora zabaldu dogu deixa eta hainbat udalerri eta alkartek argitara emondako liburuak izango dittugu ediziño honetan".

Motxaillen kulturia
Urteroko moduan, bestalde, kanpoko kultura bateri tarte berezixa eskinduko jako Azokan eta aurten motxaillena izango da Durangoko hitzordurako gonbidatu daben kulturia. Antolatzailliak diñuenez, "motxaillak euskal lurraldian bizi dirala ehunka urte pasau dira, baiña halanda be, askorendako oindiok be kultura ikuseziña eta urrunekua da". Kale Dor Kayiko motxaillen alkartiarekin batera jardun dabe biharrian arlo honen barruan eskinduko diranak preparatzeko orduan.
Horri esker, kultur programaziño zabala osatu dabe. Bestiak beste, haurrendako taillarrak, ipuin kontalari saiuak eta jokuak antolatu dittue. Horretxekin batera andrazko motxaillen eguna eta euren aldarrikapenak, mahai-inguruak, hitzaldixak, erromintxela, zuzeneko musika emanaldixak, fusiño-ikuskizuna eta beste sorpresa batzuk be egongo dira.
Kale Dor Kayiko alkartea irabazi asmo bariko alkarte kulturala da. 1989xan eratu eben eta harrezkero kulturen arteko alkar ezagutzak eta inklusiño jarduerak osatu dabe bertan egitten daben biharraren ardatza. Egoitza nagusixa Bilboko Txurdinaga auzuan dauka eta Bizkaian ez eze Gipuzkuan be jarduten dabe biharrian. Eibarren bertan bulegua dake, Txaltxa Zelai kaleko 1-behian. Alkartiak lehenago be hartu izan dau parte Azokan. Durangon lehelengoz 2010ian egon zan, Euskadiko Gazteria Kontseilluko stand-ian.

Argizaiola Benito Lertxundiri
Benito Lertxundi musikarixarendako izango da, bestalde, urtero banatzen daben Argizaiola sarixa. Aurkezpen gitxi bihar dau Orioko abeslarixak, izan be 1960ko hamarkadaz geroztik euskal musikaren sorkuntzan zein kulturgintzan erreferente inportantienetakua izan da bera eta merito osoz jasoko dau errekonozimendua. Gaiñera, Durangoko Azokiarekin berarekin lotura estu-estua daka, bigarren ediziñotik hasitta gaur eguneraiño urtero bertan presente egon da eta, bakarlari modura parte hartu aurretk Ez Dok Amairu taldeko kide moduan, Mikel Laboa, Xabier Lete, Lurdes Iriondo edota aurtengo Azokiarendako kartela sortu daben Nestor Basterretxea artistarekin batera, bestiak beste. Bixar, abenduaren 6xan emongo detse Argizaiola Benito Lertxundiri, Jon Maiak zuzenduko daben "Gauean Argi" ekitaldixan. 

Azokaren ingurukuak

Eguaztena 5
22.30.- Kontzertua: Gatibu.

Eguena 6
13.00.- Alkarrizketia: Carod-Rovira. Mahai-ingurua: "Independentzia olatua", Iñaki Soto, Iñaki Petxarroman eta Arantzazu Zugastirekin.
22.30.- Kontzertua: Bizardunak + Vendetta.

Barixakua 7
13.30.- Erromerixia, Aiko taldiarekin.
22.30.- Motxai-gaba: txalapartarixak, Las Fanis, Arkaitz Estiballes, Vembrule, Amets Arzallus, Bien me sabe…

Zapatua 8
13.30.- Iparraldeko kultur-agentien jaixa.
22.30.- Kontzertua: Betagarri.

Domeka 9
13.30.- Lasterketaren sari banaketia.
20.00.- Kontzertua: Kherau.