60. eta 80. hamarkaden arteko Eibar nolakoa zen erakusten duen dokumentala landu dute

‘Eibar 1960 – 1980: gozo eta mikatz’ da bere izenburua eta gazteentzat zuzenduta dago
60. eta 80. hamarkaden arteko Eibar nolakoa zen erakusten duen dokumentala landu dute
2024/07/04 13:14
eta kitto!

Ego Ibarra batzordeak ‘Eibar 1960 – 1980: gozo eta mikatz’ dokumentala landu du. “Aldaketa handiko bi hamarkadaren inguruko begirada”, euren berbetan. Lana Eibarko BHI eta Batxilergoko ikastetxeetako ikasleentzat pentsatuta dago, “eta jende orori zuzenduta” dago. “Dokumental honek herriaren historiaren errepaso bat egin nahi du, ikasleen eskola-kurrikuluma kontuan hartuta, testuinguru jakin batean izandako gertaera jakin batzuk azalduz”, gehitzen dute.

Dokumentala lau zatitan dago banatuta. Lehenengoa 1960 eta 1965 urteen artean kokatzen da, “hazkunde akaso larregizkoaren urteak”, batzordearen berbetan. “Eibarrek, orduan 31.860 biztanle zituen; lana nonahi; fabrika handiak eta etxe azpietako tailer txikiak. Munduan zehar, Municheko Kongresua (‘kontubernioa’, frankismoarentzat), Estatu Batuen eta Soviet Batasunaren arteko gerra hotza, Berlingo harresia…”.

Bigarren zatia 1966 eta 1972 urteen artean kokatzen da. “Eibarko herriak ezagutu duen arorik oparoenetakoa: ordukoa dugu lehen etxe-orratza, Untzagako dorrea; beharrik ere ez zen falta; kultura-gosea zegoen, Euskal Jaiak, orduko Fiesta Vascak, sekulako arrakasta lortu zuen; Boleran eta Jai-Alaian kantu-txapelketak antolatzen ziren; Juan XXIII kooperatiba-kontsumoa zabaldu zen Urkusuan…Hala ere, urte haietan giroa asko gogortu zen: salbuespen-egoerak, Lorenzo Zabalaren bahiketa, grebak fabriketan, Burgosko prozesua, Perez Jauregui eibartarraren heriotza manifestazio batean. Tentsio-une handiak bizi izan ziren”, dio Ego Ibarrak.

Hirugarren atalean (1973-1975), petrolioak izandako prezio-gorakadaren ondorioa, inflazioa eta herritarrengan izan zuen eragina islatzen da; eta politikan, Añoveros auzia, frankismoaren heriotza-zigorrak eta Francoren heriotza.

Laugarren zatia, amaitzeko, Trantsizioaren sasoian kokatzen da, 1976tik 1982ra. Ego Ibarraren berbetan, “gorabehera handiko urteak: ilusioa, gauzak aurrera ateratzeko gogoa, aldaketa politiko handiak (Erreforma, aministia, Konstituzioa, Estatutua, lehenengo udal-hauteskundeak). Eta Eibarren auzolanaren eredutzat har daitekeen Gure Herria elkartea. Kulturaren eta euskararen arloan aurrerapausu handiak eman ziren; emakumeen eskakizunak, ordura arte isilean egondakoak, aurreneko aldiz hasi ziren ozenki entzuten. Sasoi hartan, eskola asko zeuden Eibarren baina eskolaume asko zeudenez, eskola berriak jaso ziren 1978. urtean (Arrateko Andra Mari, Iturburu ikastola). Eibarrek 39.919 biztanle zituen 1979an, sekula izan duen biztanle-kopururik handiena. Zailak izan ziren urte haiek; gorabehera eta gatazka handiko bi hamarkada izan ziren, baina baita ilusioaren eta aldaketaren hamarkadak ere”.