Gaztetxe baten kronika
Ilusioz zabaldu zuten atea 2011ko irailean. Indarrez itxi dute 2026ko maiatzean. Tartean, 15 urteko bidea egin du Eibarko Gaztetxeak: autogestioa ardatz, kolorez, musikaz, aldarrikapenez eta auzolanez betetako urteak.
Atea izan da eraikinaren irudi esanguratsuena. Hiru urte lehenago, Cadenas Iris tallarreko langileak sartzen ziren handik barrura; gero, gazteak, asanbladara, kontzertuetara edo ekintzak prestatzera. Joan den astean, berriz, adreiluz itxi zuten sarrera bera, ertzainek ingurua zaintzen zuten bitartean. Irudi horrek laburbildu du askorentzat gaztetxearen amaiera: ilusioz irekitakoa, indarrez ixtea.
2011ko abuztuan okupatu zuten Iparragirre kaleko eraikina, Asua Errekako gaztetxea hustu eta hilabete gutxira. Gazte talde batek hartu zuen espazioa, instituzioetatik kanpo eta autogestioaren aldeko apustua eginez. “Eibarren erabili bariko espazio mordua dagozela pentsatzen dogu eta horretako bateri bizittasuna emoteko aukeria ikusten genduan”, zioten orduan, …eta kitto!-n argitaratutako kronikan. Lehen egun haietan, garbiketa eta txukuntze lanen artean, ilusioa zen nagusi.
Ordutik, belaunaldi askoren topagune izan da gaztetxea. Kontzertuak, bazkariak, hitzaldiak, tailerrak, zine emanaldiak, asanbladak, manifestazioak eta eztabaidak hartu ditu bere hormen artean. Gazte askorentzat lehen aldarrikapen espazioa izan da; beste askorentzat, berriz, herrian bestelako kultur eta politika egiteko modu baten erakusleiho.
Hamarkada eta erdian, ekintza eta jarduera askotarikoak egin izan dira bertan. Egun osoko egitarauak, kontzertu ugari, asteroko asanbladak, topaketa desberdinak, aurkezpenak… Azken egunetara arte, bizirik egon da espazioa.
Baina joan den astean iritsi zen desalojoa. Ondorioz, bertan behera gelditu dira astebururako iragarrita zituzten ekitaldiak ere. Ertzaintzak eraikina hustu zuen goizean, eta arratsaldean dozenaka herritar elkartu ziren protestan. Ondorengo manifestazioan ere gaztetxearen aldeko aldarriak bete zituzten kaleak. Ez ziren gutxi izan espazioaren alde kalera atera ziren gazteak.
Mobilizazioan asanbladako kideek argi utzi zuten espazio bat baino gehiago izan dela gaztetxea: “Hemen sortu dira harremanak, borrokak eta ametsak. Gaztetxia ez delako soilik eraikin bat, herri honetan antolatzeko eta bizitzeko modu bat baizik”.
Orain, adreiluz itxita dago atea. Baina 15 urtean barruan bizitakoak nekez itxiko dira horma artean.