“A25etik harago: indarkeria matxistaren aurkako borroka etengabea da”
Eibarko Andretxea herritarrei irekitako gune feminista da, Berdintasun Unitatearen baitakoa. Bere helburua da berdintasuna, tratu onak eta emakumeen ahalduntzea sustatzea, ikuspegi kritiko, intersekzional eta dekolonial batetik. Azaroaren 25aren harira Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna–, Andretxeko kideek herriko mugimendu feministarekin elkarlanean ekimen ugari prestatu dituzte, indarkeria matxistaren aurkako borroka eta oroimena herritarren egunerokoan txertatzeko asmoz.
“Azaroaren 25a egun sinbolikoa da, baina guretzat urteko egun guztietan izan behar du, indarkeria matxistaren kontrako lana etengabea baita”, diote Andretxetik. Egun horretan, kalean egingo diren ekintza sinbolikoen bitartez emakumeen aurkako indarkeria sistematikoa salatu eta biktimen bizipenak aitortu nahi dituzte. Horregatik, Emakumeen Mahaiaren laguntzaz bi ekintza nagusi antolatu dituzte: azaroaren 25ean bertan, 11:30ean “Matazak ehuntzen indarkeria matxisten aurka” izeneko ekintza kolektiboa egingo da, Altzoa emakume alargunen elkarteak bultzatua; eta 13:30ean herritarren elkarretaratzea egingo da “Indarkeria matxistarik ez! Aitortza, erreparazioa eta memoria” lelopean.
Ekintza askotarikoak
2025eko programazioak mota askotako ekintzak biltzen ditu. Horien artean, “Memoriaren lekuak indarkeria matxisten aurrean” erakusketa egongo da ikusgai abenduaren 31ra arte Andretxean, mundu osoko kolektibo feministen esperientziak biltzen dituena. Era berean, azaroaren 13an Irule Abokatuen eskutik hitzaldi juridikoa egingo da. Indarkeria matxista kasuei aurre egiteko dauden defentsa eta salaketa aukerak azalduko dira bertan.
Azaroaren 26an, berriz, Mireia Delgado Expositor ipuin-kontalariak “Hariak, jostorratzak eta zauriak” kontaketa feminista eskainiko du.
Horrez gain, Juan San Martin Udal Liburutegiarekin elkarlanean Irakurketa Gida bat sortu dute, indarkeria matxistari buruzko liburuen gomendioekin. Gida hori helduentzat eta gazteentzat baliagarria izateko prestatu dute.
Prebentzioa, komunitatea eta ardura partekatua
Andretxeko kideek adierazi dutenez, jarduera guztiak herritar guztiei zuzenduta daude. Helburua da gizartea sentsibilizatzea eta aktibatzea, ulertaraziz indarkeria matxista ez dela tratu txar fisiko edo psikologikoetara mugatzen: “Gizarte-egitura oso bati heldu behar zaio, eta horretarako ezinbestekoa da sentsibilizazioa, prebentzioa, ahalduntzea eta erreparazio kolektiboa uztartzea.”
Eibarren, azken urteotan, kontzientzia eta inplikazio komunitarioa handitu dira. “Elkarte feministen lana eta herritarren parte-hartzea funtsezkoak izan dira indarkeria matxistaren aurkako erantzun partekatua eraikitzeko”, azaldu dute. Hala ere, erronka handiak daude oraindik: prebentzioan sakontzea, arreta integrala hobetzea eta ahalduntze prozesu erreparatzaileak indartzea, besteak beste.

Andretxeko kideek herritarren erantzun positiboa nabarmendu dute: “Azaroaren 25aren bueltan herriko eragile askok interesa erakusten dute eta kalean antolatzen diren ekintzetan parte-hartzea nabarmen igo da azken urteetan.” Gauzak horrela, A25aren inguruan egiten diren adierazpen eta ekintza guztiei urte osoan zehar eutsi behar zaiela azpimarratu dute.