#ABIAN Lanbide Heziketa Azokaren bigarren edizioa aurkeztu dute

#ABIAN Lanbide Heziketa Azokaren bigarren edizioa aurkeztu dute
2015/03/03 00:00
eta kitto!

Datorren astean, martxoaren 11n Armeria Eskolako patioan zabalduko duten Abian Debabarreneko II. Lanbide Heziketa Azoka aurkezteko ekitaldia hartu du gaur Debegesak. Hiru egunetan, martxoaren 11, 12 eta 13an zabalduko duten azoka eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxe guztiek eta Debegesa Garapen Agentziak elkarlanean antolatu dute, lehen edizioak izan zuen harrera onarekin animatuta. Ekimenak, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesaz gain, eskualdeko hainbat entitate eta enpresaren laguntza ere jaso du eta gaurko ekitaldian aurreratu dutenez, "Debabarreneko Lanbide Heziketaren erakusleiho aparta izango da eta, arrazoi ezberdinengatik, azoka herritar guztientzat interesgarria izango da zalantza barik".
Zabalik egongo den hiru egunetarako egitarau zabala osatu dute antolatzaileek, doako tailer, mahai-inguru eta hitzaldiekin eta parte hartzeko interesa dutenek aurrez izena eman beharko dute, 943820110 telefonora deituta edo pymes@debegesa.com helbidera idatzita. Azokari buruzko informazio zabalagoa eta egitarau zehatza kontsultatzeko Debegesaren webgunera, www.debegesa.eus helbidera jo daiteke.

EGITARAUA
- Martxoak 11, eguaztena
10.00.- Inaugurazio ekitaldia, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Debabarreneko Udalak eta eskualdeko enpresak.
10.30.- Mahai-ingurua: "Lanbide Heziketa, enplegua helburu". Parte-hartzaileak: Ricardo Barkala (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Sailburuordea), Jon Peli Uriguen (Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Diputatua), Patricia Tames (Invema-AFM-ko Zuzendariaren ondokoa), Eneko Astigarraga (Codesyntax-eko gerentea), Begoña Gutierrez (Egogain Gerontologia Zentroko Zuzendaria) eta Patxi Samaniego (Etxe-Tar enpresako Berrikuntza Zuzendaria).
16.00-17.30.- Hitzaldia: “THERE IS NO BOX: Berrikuntza eta sormena, merkatuaren joera berriak”, Pep Torresen eskutik.
17.00-18.00.- Hitzaldia: “Gaitasuna Egiaztatzeko Egitura”, Lanbideren eskutik.
17.30-19.00.- Jardunaldia: “Internetek lagundu gaitzake lana aurkitzen?”. Erreputazio digitala eta nola hobetu lana bilatzerako orduan. Mondragon Unibertsitateko Miguel Fernandezen eskutik. 

- Martxoak 12, eguena
10.00-11.00.- Tailerra: “Lan-bilaketa Interneten”. Sartu, Lanbideren zentro laguntzailearen eskutik.
11.00-12.00.- Tailerra: “Nola egin zure bideocurriculuma”. Daiteke, Lanbideren zentro laguntzailearen eskutik.
12.00-13.00.- Tailerra: “Lana bilatzeko formula berriak”. Ermuko Udaleko Lanerako Enplegu-Agentziaren esperientzia eta horretan izena ematea, zure curriculumak hautaketa prozesuetan parte har dezan.
16.00-17.00.- Tailerra: “Enplegurako pilula positiboak”. Langabezian edo lana hobetzeko egoeran dauden pertsonentzat enplegua lortzen laguntzeko erremintak. Daiteke, Lanbideren zentro laguntzailearen eskutik.
18.00-19.00.- Gurasoentzako jardunaldia: “Nola lortu gure seme-alabek erabakiak hartzeko orduan ardurak bereganatzea?”. Incress/IMH-ko Goizalde Santamarinaren eskutik.

- Martxoak 13, barixakua
09.00-10.00.- Tailerra: “Nola sortu zure negozio-ideia propioa?”. Debegesako Enpresa-proiektu berrientzako zerbitzuko Vanesa Hortasen eskutik.
11.00-12.30.- Jardunaldia: “Urratsbat programa. Esperientziak”.