"Mugikorrik ez haurtzaroan, pantailaz gaindiko bizitzaren alde"
Telefono mugikorra gure egunerokoaren parte da, eta haurrak zein nerabeak ere ez dira salbuespena. Alabaina, erabilera horrek gero eta kezka handiagoa piztu du azken urteetan. Horregatik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait gurasok eta hezkuntza-komunitateko kidek Altxa Burua mugimenduaren babesean ahotsa altxatu dute, ikastetxeak sakelako telefonorik gabeko arnasgune izatea eskatzeko. Eztabaida iritsi da Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordera ere, eta gizartean zabaltzen ari da galdera bera: zer leku izan behar du pantailak haurtzaroan?
Galdera horri erantzuna ematen saiatuko dira bihar Eibarren egingo den Altxa Burua mugimenduaren topaketa orokorrean. Jardunaldia ongietorri eta irekiera instituzionalarekin abiatuko da, eta ondoren —10:00etatik 11:00etara— Francisco Villar Cabeza psikologoaren hitzaldia izango da. Villar Bartzelonako Hospital Sant Joan de Déu-ko haur eta nerabeen suizidioaren prebentzio programaren koordinatzailea da, eta aditua da osasun mentalaren eta arrisku-jokabideen prebentzioan. Psikologoak dioenez, pantailen erabilera goiztiarrak eta sare sozialen gehiegizko esposizioak haurren garapen emozionalean eta sozialean eragina izan dezakete. Villarren mezua argia eta zuzena da: “haurrek pantailarik gabe hazi behar dute, bestela bizitza galduko dute”.
Hitzaldiaren ardatza izango da haurtzaroaren defentsa. Hasteko eta behin, nerabeak haurrak ere badirela gaineratu du adituak: “Autonomia gehiago badute ere, haurrak dira oraindik”. Azpimarratu duenez, adin txikikoen bizitza gero eta gehiago murrizten ari da pantailen eraginez: “Jolasa, aspertzea eta harremanak egiteko gaitasuna galtzen ari dira. Eta horiek dira haien garapenaren oinarriak”. Bere esanetan, gaur egun haur eta nerabe askok denbora gehiegi igarotzen dute pantailen aurrean. “Gainera, denbora horretan ez dute benetan ikasten eta ez dira emozionalki garatzen”.
Alarmak piztuta: suizidioak, ziberjazarpena eta mendekotasunak
Psikologoaren arabera, azken urteetako datuak kezkagarriak dira. “Osasun mentaleko zerbitzuetan gero eta kasu gehiago ikusten ditugu: suizidio saiakerak, antsietatea, garapen-atzerapenak… Egoera horiek guztiek pantailen erabilerarekin lotura estua dute”.
Kasuen gorakadaren aurrean, herritarrak mugitzen hasi dira: “Zientziak berandu dakar froga, erakundeek ez dute erreakzionatzen, eta gurasoek hartu dute lehen lerroa. Altxa Burua bezalako mugimenduak arazoari aurre egiteko sortu dira”.
"Ikasketa prozesuan, arkatza eta papera dira garapen kognitiboaren tresna nagusiak. Pantailak ez dira beharrezkoak"
Prebentziorako, sakelakorik ez 16 urtera arte
Prebentzioaren inguruan ere argi mintzatu da: “Ez dago sekreturik: 16 urtera arte ez dute sakelakorik behar. Ez dago beste biderik”. Interneterako sarbidea bera arriskutsua dela dio, “ziberjazarpenagatik, eduki sexual kaltegarriengatik eta mendekotasunagatik”.
Era berean, mugikorrarekiko menpekotasuna ezagunak ditugun bestelako adikzioekin alderatu du: “Haur bati mugikorra ematea alkohola edo tabakoa eskaintzearen parekoa da. Ez dute haur guztiek kalte bera jasango, baina guztiek dute arriskua”.
“Teknologia ez da etsai bat, baina ez da haur eta nerabeentzako”
Villar ez da teknologiaren aurkako diskurtsoaren aldekoa, haren erabilera desegokiaren aldekoa baizik. “Teknologia tresna gisa behar dugu, baina haurrek ez. Autoak ere behar ditugu, baina ez diegu 10 urteko umeei gidatzen uzten. Pantailak helduentzat dira. Haur eta nerabeek, aldiz, denbora behar dute mundua esperimentatzeko, ez digitalizatu eta haien menpeko bihurtzeko”.
Eskola eta etxeetan pantailak kanpora
Ikasgeletan pantailek duten tokia ere zalantzan jarri du adituak. “Ikasketa prozesuan, arkatza eta papera dira garapen kognitiboaren tresna nagusiak. Pantailak ez dira beharrezkoak. Hezkuntzako langileek askotan esan digute eskolan pantailak kendu dituztenean, berehala hobetu dela giroa: gehiago jolasten dute, gatazka gutxiago dago eta ikasleen arreta handiagoa da”.
Hobekuntza horiengatik, gero eta familia gehiagok erabakitzen dute seme-alabei lehenengo sakelakoa beranduago ematea. “Guraso askok horrelako erabakiak hartzen duten tutore bakarrak direla uste dute, eta, ondorioz, lortu nahi dutena ezinezkoa dela. Bestalde, gero eta gehiago dira, eta sarean aurkitzen dute indarra. Hori da Altxa Burua-ren indarra”.
"Haur bati mugikorra ematea alkohola edo tabakoa eskaintzearen parekoa da"
“Egin teknologia-buruek egiten dutena, ez esaten dutena”
Diskurtsoan badu mezu probokatzaile bat ere: “Teknologia handietako zuzendariek ez diete pantailarik ematen seme-alabei. Haiek badakite zertaz ari diren. Egin haiek egiten dutena, ez esaten dutena (hau da, seme-alabei mugikorra ematea edo Interneterako sarbidea erraztea)”.
Azpimarratzen duenez, jarrera hau ez da kontserbadurismoa, “zientzia eta esperientzia klinikoa” baizik. “Esan bezala, pantailen erabilera goiztiarrak garunaren garapena oztopatzen du eta harreman sozialak kaltetzen ditu”.
“Gurasoen ekintzari esker, paziente gutxiago ditut”
Azken mezuan, Altxa Buruaren parte diren –edota ideiak partekatzen dituzten- gurasoei zuzendu zaie Villar: “Esker ona baino ezin diet adierazi. Haiei esker nire seme-alabak hobeto bizi dira eta nire pazienteak gutxiago dira. Gizartea aldatzen ari dira, eta ziur nago gure haur eta nerabeen etorkizuna babestea lortuko dugula. Hori da benetako iraultza”.
