Ados Teatroak “Kopaz kopa” euskerazko komedia berria aurkeztuko du datorren astean
2021/11/11
18:07
eta kitto!
Datorren asteko eguenean, 19:00etan, “Kopaz kopa” antzezlan estreinatu berria eskainiko du Ados Teatroak, euskeraz, Coliseoan. Garbi Losadak zuzendutako lana Rex Pickett-en ‘Entre copas/ Sideways’ eleberriaren euskarazko bertsioa da, Losadak berak eta Jose Antonio Vitoriak moldatu eta Ane Labakak itzulitako antzezlana. Asier Sota, Iñigo Aranbarri, Ainhoa Aierbe eta Ainara Ortega dira protagonistak eta, diotenez, “hasieran komedia hutsala badirudi ere, antzezlana garatzen doan neurrian, karga sakonagoa bereganatzen doa. Detailez jositako istorio txikiak kontatzen dira antzezlan honetan”.
Ados Teatroa-k eta Bidebitarte Kooperatiba-k produzitutako antzezlana xumetasunez kontatutako istorioa da: “Entretenitzeari utzi gabe, bakardadea, indibidualismoa, laguntasuna eta malenkonia bezalako gaietan murgiltzen da. ‘Kopaz kopa’ lanak gozatzera gonbidatzen gaitu, existentziaren momentu grisak alde batera uzten”.
Sarrerak 10 euro balio du (7 euro Coliseoaren Lagunak txartelarekin) eta aurretik eros daiteke, leihatilan (barixakuan eta astelehenean, 17:30etik 19:30era) edo Kutxabank zerbitzuaren bitartez. Bestela, ikuskizunaren aurretik salgai ipiniko dituzte, txarteldegian.
https://www.adosteatroa.com/videos/Kopaz-kopa.mp4