Tradizioa eta jai giroa San Andres jaiak ospatzeko

Bertsolaritza, musika, gastronomia eta herri kirolak izango dira datozen egunetako egitarauaren ardatz. San Andres eguna azaroaren 30ean ospatuko dugu, urteroko nekazaritza azokarekin eta beste hainbat ekitaldirekin.
Tradizioa eta jai giroa San Andres jaiak ospatzeko
2026/11/27 18:26
eta kitto!

Azaroaren azken egunek berezko lekua dute Eibarko jai-egutegian. San Andres egunaren inguruan antolatutako ospakizunek gastronomia, kultura eta herriko ohiturak uztartzen dituzte, eta aurten ere egitarau zabala prestatu dute. Dagoeneko egin dituzte lehen hitzorduak: azaroaren 14an, Eskolarteko Bakailao Lehiaketa; hilaren 21ean, Txistorra Eguna; eta 22an, XXXII. Bakailao Txapelketa, San Andres Saria. Orain, asteburuko hitzorduen eta hilaren30eko ospakizun nagusiaren txanda izango da.

Gaur, azaroaren 27an, XXXII. San Andres Bertso Jaialdia egingo dute Coliseo antzokian, 20:00etan. ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako saioan, Aner Peritz, Irune Basagoiti, Xabat Illarregi, Aitor Etxebarriazarraga eta Andoni Egaña ariko dira bertsotan, Jon Mikel Mujikak jarritako gaiei erantzunez. Hogeita hamabigarren aldia izango du jaialdiak. Sarrerak zortzi euroan eskuratu ahal izango dira, saioa hasi aurretik, Coliseoko leihatilan.

Bihar, hilaren 28an, prebentziorako eta informaziorako guneak jarriko dituzte Untzaga plazan, 23:30etik 02:00etara. Ai Laket! elkarteak substantzien testinga eskainiko du; Garaiak taldeak aisialdiari eta substantzien kontsumoari buruzko informazioa emango du; eta Sexubizi jaietako prebentzio programak ere bere gunea izango du.

Domekan, hilaren 29an, musika izango da protagonista. Ahantzi erromeria taldeak erromeria eskainiko du 19:00etatik 22:00etara, eta Ustekabe txarangak 20:00etatik 22:00etara joko du. Sexubizi programak ere bere gunea izango du, 20:00etatik 23:00etara.

Azaroaren 30ean, nekazaritza azoka

Astelehenean ospatuko dugu San Andres eguna, eta urteroko nekazaritza azokak hartuko du goizeko protagonismoa. XLVII. edizioa izango du aurten, eta Untzaga plazan eta Txaltxa Zelaian egingo dute. Azokako epaimahaiak 09:30ean ekingo dio lanari.

Goizean zehar, beste hainbat izango dira. 11:30ean, Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du. Eguerdian, bi ekitaldi izango dira aldi berean: Errebal plazan, San Andres Aizkolarien Txapelketaren XXII. edizioa jokatuko dute; Untzaga plazan, berriz, bertsolariak, trikitilariak eta kalejira izango dira.

Dantzak ere izango du bere tartea. 12:30ean, Kezka Dantza Taldeak Plazara Dantzara erromeria eskainiko du, Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin batera. Eguerdiko ekitaldiei amaiera emateko, 13:15ean banatuko dituzte San Andres azokako, pintxo lehiaketako eta kartel lehiaketako sariak.

Sortzaileen azoka eta kontzertuak,zapatuan

Jaixak Herrixak Herrixandako jai batzordeak egun osoko egitaraua prestatu du azaroaren 28rako. Gure Eskuk, berriz, Euskal Kantu Poteoa egingo du eguerdian, Casinotik abiatuta.

San Andres jaien harira, herriko bi eragilek ere bat egingo dute zapatutako ospakizunekin. Jaixak Herrixak Herrixandako jai batzordeak sortzaileak eta musika izango ditu ardatz egun osoko egitarauan; Gure Eskuk, berriz, euskal kantuen inguruan elkartzeko gonbita egin die herritarrei. Jaixak Herrixak Herrixandako (JHH) jai batzordearen egitarauko lehen hitzordua Sortzaileen Azoka izango da. 12:00etan hasiko da, Untzaga plazan, eta Eibarko hainbat sortzaile eta artisauk hartuko dute parte. Azokaren hasieran, Marasmia talde feministak antolatutako Marianitada ere egingo dute.

Arratsaldean, musika izango da protagonista. 19:30ean, Latuna Bando txarangak girotuko ditu kaleak, eta ondoren Alarma Morea eta Aingura taldeen kontzertuak izango dira. Alarma Morea 2019an Zumarragan (Gipuzkoa) sortutako emakumez osatutako taldea da. Rumba flamenkoa dute musika-estilo nagusi, baina beste doinu batzuk ere uztartzen dituzte. Emakumeen ahalduntzea eta euskararen erabilera dira taldearen bi ardatz nagusiak. Aingura taldeak, berriz, punkrock eta punk-oi doinuak ekarriko ditu Eibarrera. Nafarroa Garaiko hainbat herritako bost musikarik osatzen dute taldea. Kontzertuen ostean, txosnetako musikarekin jarraituko dute karpan, goizaldeko 04:00ak arte.

Euskal kantuen bueltan elkartzeko Gure Eskuk ere bat egingo du zapatuko ospakizunekin, Euskal Kantu Poteoa antolatuta. 12:00etan abiatuko dira Casinotik, eta herriko kaleetan barrena ibiliko dira, euskal kantutegiko abestiak elkarrekin abestuz.