AIAMA TALDEA: “Ohorea da Arraten gurekin kontatu izana”
Arrateko jaietan izango zarate jotzen asteburuan. Zer moduz zaudete? Gogotsu?
Bai, egia esanda azkeneko kontzertua Ermuan eman genuen Santixauetan. Hori uztailean izan zen; beraz, berriro ere martxan hasteko gogoz gabiltza. Ermuarrak izanik ere askotan igo izan gara Arrateko jaietara eta bertan jotzeak nolabaiteko inbidia sortzen du. Guretzako ohorea edo plazera da Arrateko jaietan gurekin kontatu izana.
Nondik dator taldearen izena?
Ez du misterio handirik. 2021ean taldea sortzean taldekideok askotan esaten genuen esaldia zen.
Nortzuk osatzen duzue taldea?
Gaur egun bost kide gara: Andoni Arregi (abeslaria), Ian Ogiza (gitarra), Martzel Ugena (baxua), Oier Araiztegi (bateria) eta ni, Peio Lopez (gitarra).
Indarberrituta aurkeztuko zarete Arratera.
Bai, uztailean kaleratu genuen ‘Amodioz eta indarrez’ disko berria. Ermuan Santixauetan aurkeztu genuen, txosnagunean. Ez zen aurkezpen ofiziala izan, disko berriarekin egiten genuen bigarren kontzertua izan zen.
Punk-Oi! estiloak beti izan du izaera erreibindikatibo eta herrikoi bat. Zuen kasuan, zein mezu edo gai lantzen dituzue?
Diskoan gaur egun gazteon burutik pasa daitezkeen zenbait gai landu nahi izan ditugu. Esaterako, badaude abesti erromantiko gisa deskribatu ditzakegun hainbat kanta. Bestalde, badaude egungo estatu eta polizia indarkeriaren inguruko beste batzuk. Aberriaz ere hitz egin dugu. Herri zapaldu bat garen heinean, frantziar zein espainiar estatuak eragiten diguten asimilazioari aurre egin nahi diegu eta, bide batez, musikarekin herritarren kontzientzia piztu. Euskal Herrian bizi garela aldarrikatu nahi dugu ‘Askatasun olerkiak’ abestian. Batez ere hori, gaur egungo langile klasekoak garen gazteok pairatzen ditugun biolentziaren ingurukoak landu ditugu.
Aurrera begira, zein da zuen hurrengo erronka?
Ez dugu erronka edo helburu finkorik. Hala ere, egia da ahalik eta kontzertu gehien ematea edo gure musika ahalik eta jende gehienak ezagutzea gustatuko litzaigukeela. Gure diskoak atera, jendeak gure taldea ezagutzea, gaztetxeetan eta herriko festetan jotzea… Hori da nahi duguna.
Zer esango zeniekete aldizkaria irakurtzen dabiltzan herritarrei?
Lotsarik ez dugun bost gazte gara, ondo pasatzeko elkartzen garenak. Giro ona sortzen ibiliko gara Arraten eta, hortaz, gure kontzertura etortzera animatu!