Klub Deportiboa Eibarko hegoaldeko mendietan egitea aurreikusten den haize-erroten proiektuaren aurka azaldu da
Zuzendaritzan eztabaidatu ondoren, euren erabakiaren berri eman diete bazkideei eta Mendia Bizirik taldeak zabaldutako helegitea sinatzera animatu dute jendea
2025/12/12
10:26
Ekhi Belar Errasti
Eibarko hegoaldeko mendietan (Azurtza - Topinburu – Ilordogaina inguruan) egitea aurreikusten den haize-erroten inguruan eztabaidatu du Eibarko Klub Deportiboaren zuzendaritzak, eta proiektuaren aurka dagoela jakinarazi du. Bazkideei euren ikuspuntuaren berri eman diete, “eta Mendia Bizirik taldeak zabaldutako helegitea sinatzera animatzen zaituztegu”, diote.
Deporren zuzendaritzak erabaki du klubak bere helegitea aurkeztuko duela zenbait arrazoirengatik:
- Azurtza eta Illordogaina arteko mugarri asko desagertu egingo dira.
- Azurtza eta Illordogaina bitartean dauden sei iturburu estali edo desagertzeko arriskuan daude.
- Topinburu mendira igotzeko biderik erabiliena desagertu egingo da eta mendi tontorra bera desagertzeko arriskuan dagoela uste dute.
- Eibarko Itzuliko Ibilbideko Azurtza - Illordo zatia desagertuko da.