Aimar Goenaga, idazlea: “Lagunek endredatuta animatu naiz liburua idaztera”
- Nola animatu zinen liburua idaztera?
Koadrilako lagunek aurretik nik idatzitako testuak irakurrita zituzten, kontatzen ditudanak gustatzen zaizkie, baita horiek kontatzeko orduan erabiltzen dudan estiloa… Gauzak horrela, liburua idazteko animatzen hasi ziren eta piskat eurek endredatuta ekin nion lanari. Urtebete inguru eman dut idazten eta iazko udan eman nuen argitara niretzat lehenengo liburua den hau.
- Nolako istorioa kontatzen duzu?
Sanferminetan Iruñara parrandan doan Eibarko koadilari gertatutako gorabeherek osatzen dute istorioaren ardatza. Bertan daudela, ezustekoan hainbat gertakari tartean agertzen joango dira eta horiek istorioaren amaiera inork espero ez lukeen modukoa izatea eragingo dute.
- Eibarko koadrila sanferminetan… kontakizuna benetan gertatutakoetan oinarritutakoa da ala asmatu egin duzu?
Liburuan kontatzen dudanaren hari nagusia goitik behera nik asmatutakoa da, baina tartean, liburuan jasota dauden pasadizoetako batzuk benetan guri edo inguruan gertatutakoak dira.
- Izenburua euskeraz ipini diozu, baina liburua berez gazteleraz eta euskeraz, biak nahastuta idatzi duzu, ezta?
Narrazioa gazteleraz idatzi dut, baina elkarrizketak-eta euskeraz daude. Gainera, euskalkiak erabili ditut, idaztarau eta bestelakoak zaindu barik, errealitatetik ahalik eta gertuen egoteko asmoz.
- Lana argitara emateko Bubok plataforma erabili duzu. Nola funtzionatzen du horrek?
Plataforma independientea da eta euren webgunean edozeini nahi duen liburua argitaratzeko aukera ematen diote, luzeerari lotutako gutxieneko baldintza batzuk betez gero. Formatu digitalean zein paperean argitaratu daitezke liburuak, baina paperezkoan ale bakoitza saldu ahala, hori baino ez da argitaratzen.
- Eta esperientzia hau eta gero, liburu gehiago idazteko asmorik baduzu?
Bai, besteak beste lehenengo liburu honek bigarren parte bat eskatzen duelako.