«Xor eta Beltz» album ilustratua aurkeztuko dute azaroaren 19an Eibarren
Sorbeltzek milaka kilometro egiten dituzte urtero, migrazio-bidaian. Bidean, ordea, ez dituzte distantziak eta helmugak soilik izaten gogoan: beldurrak, zailtasunak eta atzean utzitako bizipenak ere badaramatzate. Horixe kontatu nahi izan dute Ane Aierbek, Maialen Diaz de Ceriok eta Iñaki Sanz-Azkuek «Xor eta Beltz. Mundu bat guztiontzat» album ilustratuan. Xor izeneko sorbeltza da istorioaren protagonista, eta haren bidaia hartu dute abiapuntu migrazioaz eta kulturartekotasunaz haurrei hitz egiteko. Liburua Durangoko Azokaren «Zu Non, Han DA» egitasmoaren barruan aurkeztuko dute. Eibarren ere aurkeztuko dute, azaroaren 19an, ostegunean, Adarabar-en, 18:00etan.
Ane Aierbe Hernaniko Urumea ikastolan lanean ari zela sortu zen liburuaren ideia. Maialen Diaz de Ceriorekin batera, ikasmateriala inguruko errealitatera egokitzen aritu zen. Lehen Hezkuntzako lehen mailan Hernaniko sendabelarrak landu zituzten, eta, esperientzia ona izan zenez, hurrengo ikasturterako beste gai bat aukeratu nahi zuten. Migrazioa gero eta nabarmenagoa zen eskolan, baina haurrei gai horri buruz hitz egiteko baliabide gutxi zituztela ohartu ziren. «Migrazioa gero eta nabarmenagoa da eskoletan, gero eta haur migratzaile gehiago etortzen dira, eta iruditzen zitzaigun bazegoela lantzen ez genuen zerbait», azaldu du Aierbek. Orduan, Iñaki Sanz-Azkue biologoak sorbeltza proposatu zien, hegaztien migrazioa eta pertsonen migrazioa lotzeko aukera ematen zuelako.

Hasieran, beren ikasgelan erabiltzeko materiala prestatzea zen asmoa. «Gure umeek zer behar dute? Zer egin behar dugu? Zerk funtzionatu digu?», galdetzen zioten beren buruari. Baina hasierako asmoa baino urrunago iritsi zen egitasmoa: Hernaniko ikasgelan sortutako lana Euskal Herriko beste ikastetxe batzuetan ere erabiltzeko modukoa zela ikusi zuten. Aierberen esanetan, hiruren arteko lana oso atsegina izan da: «Hirurak talde oso ona osatzen dugu, eta oso ondo moldatu gara».
Xorren migrazio-bidaia da albumaren ardatza. Sorbeltzaren joan-etorria kontatzeaz gain, bidean izan ditzakeen beldurrak eta une zailak ere erakutsi nahi izan dituzte egileek. «Migrazioa bidaia bat da, baina horren barruan beldurrak daude, eta une guztiak ez dira onak. Horren atzean badira guk bizi izan ez ditugun egoerak, zorionez, baina jende askok bizi behar izan dituenak». Hegazti baten istorioaren bidez, beraz, migrazioaren atzean dauden bizipenak haurrei hurbildu nahi izan dizkiete.
Nola kontatu, ordea, norberak bizi izan ez duen errealitate bat? Galdera horri erantzuteko, Maialen Diaz de Ceriok migrazioa bizi izan duten pertsonengana jotzea proposatu zuen, haien iritzia ere kontuan hartzeko. Ikastolako hainbat amari ipuina irakurtzeko eta zer iruditzen zitzaien esateko eskatu zieten. «Guk kontatzen genuen istorio bat, guk bizi ez duguna. Eta agian jakin behar genuen bidaia hori bizi duenaren begirada zein den». Amen erantzuna oso hunkigarria izan zen: «Uau! Eskerrik asko ikuspegi honekin eta modu honetara gure haurrekin hau lantzeagatik», esan zieten. Aierberentzat, garrantzitsua izan zen migrazioa bizi dutenen iritzia jasotzea, haien esperientziak kontuan hartu gabe ezin baita gai horri buruz behar bezala hitz egin.
Migrazioa, gertuko errealitatea
Haurrei migrazioaz hitz egitea ez da beti erraza, kontzeptu abstraktua izan baitaiteke haientzat. Horregatik, egileek eguneroko bizitzako adibideetara ekarri nahi izan dute gaia. «Migrazioak ez du esan nahi munduko beste puntara joan behar denik. Denok ditugu migrazioak inguruan; Hernanitik Urnietara joatea ere migrazioa da, txikiagoa bada ere». Aierberen ustez, garrantzitsua da horrelako bizipenei buruz hitz egitea, haurrek uler ditzaten eta normaltasunez bizi ditzaten.

Izenburuaren bigarren zatiak ere badu bere esanahia. «Mundu bat guztiontzat» esapidearen bidez, munduko hainbat lekutan bizi diren haurren arteko antzekotasunak eta loturak nabarmendu nahi izan dituzte egileek. «Hemen bizi den haur bat, Afrikan bizi den bat edo Asian bizi den bat: denak haurrak dira. Denok bizi gara mundu berean, egoera hobe edo okerragoetan, baina askotan ez dugu mundua begi berberekin ikusten». Haurren arteko harremanez gain, naturarekiko lotura ere lantzen du albumak.
Aierberen ustez, txikitatik landu behar da ikuspegi hori, helduok haurrek baino aurreiritzi gehiago ditugulako. «Haurrak berez bizi dira gauzak, baina, konturatu gabe, gizartean ditugun ikuspegiak eta begiradak transmititzen dizkiegu pixkanaka». Horregatik, aniztasuna eguneroko bizitzaren parte dela erakutsi nahi diete haurrei. Gizartean asko hitz egiten da aniztasunaz, baina ez da beti erraza izaten hitzetatik eguneroko jokabideetara igarotzea. «Asko esaten dugu, baina gero kostatu egiten zaigu. Aniztasunaren alde egon arren, hori egunerokoan gauzatzeko ahalegina egin behar da. Beste modu batera begiratzen ikasi behar dugu», dio Aierbek. Izan ere, urteetan osatutako aurreiritziak gainditzea ez da berehalako lana.
Ikasgelatik liburura
Sorbeltza ahalik eta zehatzen marraztea ere izan da Aierberen kezketako bat. Horretarako, Sanz-Azkue biologoaren laguntza izan du, hegaztiaren ezaugarriak ondo irudikatzeko. Hegoen luzera, lumaje zuria eta gorputzaren forma hartu ditu kontuan, besteak beste. «Sorbeltza ahalik eta errealen irudikatzen saiatu gara». Bereziki aipatzekoa da Xor habiara itzultzen den azken irudia. Aierbek azaldu duenez, urtebetean egindako lanaren emaitza da: marrazkia aldatzen eta osatzen joan dira denbora horretan.

Liburuaren amaieran ageri diren lau haurrek ere lotura zuzena dute Aierberen ikasgelarekin. Proiektua lantzen ari ziren ikasturtean gelara iritsi ziren lau ikasle berrietan oinarritu ditu pertsonaiak. Haurrak beraiek ere aritu ziren lanean: mapak eta bestelako jarduerak egin zituzten, eta liburuan beren buruak ikusi zituztenean poz handia hartu zuten. Aierbek gogoan du zein berezia izan zen haientzat ipuinean beren burua aurkitzea.
Albumaz gain, ikaskuntza-egoera bat ere prestatu dute, irakasleek ikasgelan migrazioa lantzeko. Baina materiala ez dute eskoletara mugatu nahi izan. Karta-jokoa eta bingoa ere sortu dituzte, Euskal Herriko hegazti migratzaileak abiapuntu hartuta migrazio mota desberdinak ezagutzeko. «Ematen du irakasleentzako eta eskoletan lantzeko liburua dela, baina ez da horretarako bakarrik. Etxekoentzat ere material polita dago». Hala, familiek ere izango dituzte haurrei migrazioaz eta kulturartekotasunaz hitz egiteko baliabideak.
Ikasgelan sortutako lana liburu bihurtuta, orain irakurle gehiagorengana iristea dute helburu. Aurkezpenak, ordea, ez dira egileentzat ohiko zeregina. «Azkenean, gu irakasleak gara, eta ez dugu horrelakorik inoiz egin. Ipuin bat egin dugu, baina aurkezpenek eta horrek dakarren guztiak urduri jarri gaituzte: “Baina zer da hau? Nola egiten da?”». Hala ere, hiruren artean prestatu dituzte aurkezpenak, liburuaz zer kontatu nahi duten argitzeko. Aierbek oso ontzat jo du hiruren arteko lana, eta orain Xorren istorioa ikasgelatik kanpo ere ezagutaraztea dute erronka.
