Laura Mintegi: "Idaztea bizitzeko modu bat da, munduari begiratzeko norberak duen talaia"

Ia hogei urteko isilunearen ondoren iritsi zen iaz Laura Mintegiren (Lizarra, 1955) azkeneko lana, “Akabo” (Txalaparta). Oraingoan, bikote-harreman baten zirrikituetan murgildu da idazlea, maitasuna, inkomunikazioa, traizioa eta botere-harremanak ardatz hartuta. Idazle, irakasle eta euskal kulturaren erreferente ezaguna den Mintegirekin, literaturaz, idazteko beharraz eta euskarazko irakurketaren egoeraz ere hitz egin dugu.
Laura Mintegi: "Idaztea bizitzeko modu bat da, munduari begiratzeko norberak duen talaia"
Laura Mintegi Akabo liburua eskuetan duela. Iturria: Berria
2026/11/17 16:01
Maider Aranberri Sarasua

Hilketa batekin hasten duzu liburua. Zergatik hain muturreko egoera kontaketa hasteko? Nondik sortu zitzaizun ideia?

Nahiko intuitiboa izan zen. Ez nekien nola segituko nuen, baina banekien horrela hasi behar nuela. Une hori da nobela osoaren korapiloa, ardatza. Gerora dator garatzea pertsonaiak zergatik heldu diren muturreko egoera horretara eta, beste alde batetik, zer gertatuko den jazoera horretatik aurrera. Erdigunea den une hori, beraz, hasiera-hasieratik agertu nahi nuen, eta hortik aurrera tiraka joan atzera eta aurrera. 

Komunikazio eza eta isiltasunak dira liburuaren ardatzetako bat. Zer gertatzen da elkar ulertzeari uzten diogunean?

Komunikazio ezak hoztasuna dakar, eta urruntzea. Komunikazioari uko egitea hausturaren lehenengo sintoma da, hitz egiteko eta, batez ere, entzuteko interesa galtzen delako. Bizitza-proiektua partekatu duten bitartean elkarri mintzatzeko eta elkar aditzeko beharrizana zuten, zerbait berria eraikitzen ari zirelako amankomunean. Baina kide batek bizitza-proiektuari eusteko interesa galtzen duenean, ez du esfortzurik egiten bere bizipenak partekatzeko eta, are gutxiago, hurkoarenak entzuteko. 

Bikote baten kasua jarri dut, edonoren eskura dagoen esperientzia delako, baina berdin-berdin gertatzen da kolektibo batek bizitza-proiektua sortzen duenean artegintzaren arloan, zientziaren eremuan edo arlo politikoan. Proiektua abiarazten denean komunikazio intentsoa eta eskuzabala sortzen da partaideen artean baina, behin interesa galduta, kolektibotik desmarkatzen denak komunikatzeari uzten dio eta urrundu egiten da kolektibotik.

“Inoiz baino komunikatuago gauden honetan, are eta nabarmenagoa da inkomunikazioa”. Zure hitzak dira. Zer esan nahi izan duzu?

Teknikak baliabide ugari sortu ditu komunikatzeko, banan-banan, multzo zabalean, distantzia laburrean eta urrunean. Arazoa da komunikazioa ez dela norabide bakarreko mezu-jaurtiketa. Komunikazioa sortzeko ezinbestekoa da igorlea, uneren batean, entzule bihurtzea; eta, alderantziz, entzule izan denak igorle bihurtu behar du. Komunikazioak eskuzabaltasun dosi handia eskatzen du, prest egotea ulergarri egiteko adierazi nahi dudana, eta prest egotea, halaber, norbaitek adierazi nahi didana aditzeko, benetan aditzeko. Baliabide teknikoak eduki baditugu, baina gero eta eskuzabaltasun gutxiago sumatzen da solaskideen artean.

Zerk pizten dizu idazteko gogoa?

Jakinminak. Gai batek harrapatzen nauenean gehiago jakin nahi izaten dut gai horren gainean. Gaia ulertzeko pertsonaiak asmatzen ditut, eta pertsonaia horiek laguntzen didate ulertzen, beraien bizipenak deskribatzen ditudan heinean. Betidanik idatzi izan dut eta sumatzen dut inoiz ez diodala idazteari utziko. Bizitzeko modu bat da, munduari begiratzeko norberak duen talaia. Argitaratzea beste kontu bat da. Ez da zertan argitaratu idazten den guztia, irakurlearekiko errespetuagatik batez ere. Nobela bat egitea lan exigentea da, ordu asko eskatzen du. Badu afiziotik, baina ofiziotik ere badu. Sormena afizioa da, baina liburua egitea ofizioa da.

Nolakoa da izaten da zure idazketa-prozesua?

Beti ez da berdina, nobela bakoitzak bere dinamika izan duelako. Guztietan gaia agertu da hasieran eta hortik tiraka sortu dira pertsonaiak eta, azkenean, trama edo argumentua sortu da. Nobela batzuetan titulua jakin izan dut, oraindik lerro bat idatzita ez neukanean. Beste batzuetan titulua asmatu ezinean ibili naiz hiruzpalau urtean idazten egon eta gero. Guztietan, baina, ez naiz konformatu erraz eta automatikoki atera den lehenengo esaldiarekin. Fikzioa egiten dut, baina ez da simulakroa. Ez da gezurra, egia bat dago literaturan, zintzotasunez idatziz gero eta norberaren buruari gezur txikirik esaten ez badizkiogu.

Psikologian doktorea zara eta psikologiak eta psikoanalisiak presentzia handia dute zure literaturan. Psikologoaren begiradak laguntzen dizu idazterakoan?

Psikologian doktoretza egin izanak ez nau psikologoa bihurtzen. Ez dut egin ikasketa-arauturik, autodidakta naiz. Nerabea nintzela hasi nintzen psikologia irakurtzen eta ez diot utzi. Ez dakit psikologiak literaturara eraman nauen, ala literaturak psikologiara. Edonola ere, ez dut ulertzen bata bestea gabe. Intentsitate berberaz bizi ditut biak.

Euskaraz idazten duzu eta euskal literaturaren bilakaera gertutik ezagutu duzu. Euskal literatura osasun onean dagoela esango zenuke?

Gaur egun lau idazle-belaunaldi ari dira idazten eta argitaratzen aldi berean. Euskal literaturaren historian, bost mendeetan, lehenengoz gertatu da egoera hau. Bestalde, azkenengo bi belaunaldiek ez dute premiarik izan hizkuntza beren kabuz bereganatzeko, esfortzu pertsonala eginez, euskaraz eskolarizatu direlako. Euskal literaturak ez du frogatu behar beste edozein literaturaren mailan dagoela, “homologazioa” lehenengo belaunaldi hauek egina dutelako. Euskal literaturak osasun ikaragarri ona du. Sistema literarioa, ordea, ahula da. Baina horretan ere “homologatuta” dago inguruko sistema literarioekin. Areago, euskarazko sistema hobeto dagoela esango nuke, atzean komunitate linguistiko kontzentziatuta duelako.

Nerabezaroan ikasi zenuen euskara, eta euskal literaturaren erreferenteetako bat zara. Nolakoa izan da eta da zuk aukeratutako hizkuntzarekin harremana?

Euskarak euskaldun egiten gaitu eta, ni-neu, idazle ere egin nau, gaztelaniaz inoiz ez bainuen argitaratuko. Euskara ikasten hasi nintzenean idazteari utzi nion, eta dezente kostatu zitzaidan barne-mundua ama-hizkuntza ez zen beste hizkuntza batean adieraztea. Gaur egun, aldiz, ezin izango nuke literatura, nire literatura, gaztelaniaz idatzi, euskarak nire mundua zeharkatu duelako alderik alde. Ez naiz bakarra. Beste askok egin dute bide bera. Finean, indar handiagoa du erabakimenak kanpotik ezarritako baldintzak baino. Edozein egoerari eman dakioke buelta, norberak halaxe erabakiz gero.

Emakume idazle gisa ibilbide luzea duzu. Zer-nolako bilakaera sumatu duzu emakumeen presentziari dagokionez? Aukera gehiago dituzte emakumeek gaur egun lanak argitaratzeko?

Emakumeen sarrera masiboa literaturan konparatu liteke kontinente berri baten deskubrimenduarekin geologiaren eremuan. Emakume protagonistak, emakume begiradak, emakume erritmoa, emakumearen neurriari egokitutako espazioak eta esaldiak, ekarpen handia dira literaturarentzat. Hala ere ez dezagun gure burua engaina. Euskal literaturan emakume idazleok lehen %15a baginen, orain %35a gara. Egia da ikusgarritasuna handitu dela, eta argitaletxeek areagotu dutela presentzia hori, baina interes komertzialengatik baldin bada, ikusgarritasuna etorri den moduan joango da. Literaturan, beste arlo guztietan bezala, ez dago berdintasunik. Intelektualen artean mikromatxismoak sotilagoak dira, baina badira. Eta emakume idazleok segitzen dugu sentitzen “gurea” ez den espazioan sartzen “uzten” digutela, maizter beti ere, ez andre eta jabe.

Zer ari zara irakurtzen? Gomendiorik?

Garazi Arrularen “Dakigun hori” nobela ari naiz irakurtzen, oso gustura. Eta hainbat liburu ditut zain. Liburuarekin batera denbora-bono bat saldu beharko ligukete.