AIMAR GOENAGA: “Ondo pasatuko dugula seguru nago”

AIMAR GOENAGA: “Ondo pasatuko dugula seguru nago”
2012/04/19 00:00
eta kitto!

-Irunekoen kontra arituko zarete. Ezagutzen duzu Irun?
Ez. Tarteka-tarteka pasatu izan naiz handik, Eibar KEren foball partiduak ikustera eta horrela, baina ezer gehiago.
-Eta aurkariak, ezagutzen dituzu?
Bai. Manu Goiogana gurekin dabil hemengo bertso-eskolan, hemen dagoelako lanean, baina bestea ez dut ezagutzen. Manu, behintzat, oso ondo moldatzen den bertsolaria da.
-Nola ikusten duzu lehia?
Soziedade baten markoan eginda, lehiaren kontua pixka bat baztertzen da eta kalera begira bidaltzen den irudia da batipat. Ondo pasatuko dugula seguru nago, hori bai. ‘Pike’ honekin txantxarako aukerak egongo direla pentsatzen dut.
-Zurekin Jon Mikel Mujika ibiliko da. Nolako bertsolaria dela esango zenuke?
Tenple gehiagoko bertsolaria da, baina ondo konplitzen duena.
-Etxeko taldea izango zarete. Abantaila ala desabantaila da zuentzat?
Jendea zertara datorren arabera. Barreak botatzera badator, seguru aski abantaila izango da, gu erosoago arituko garelako. Ikusleak zita lehia gisa hartzen badu, beste kontu bat izango da.
-Horrelako desafio batean aurretik parte-hartu duzu?
San Andres bezperan Eibarko bi lagunekin Debabarrenako beste hiru lagunen kontra egin genuen desafioa. Publiko aldetik atentzio berezia egoten da horrelakoetan eta bertsolariak eskertzen du.