Aintzane Crujeiras, antzezlea: "Umeek eurendako sortutako musika entzutea eskertzen dute"

Aintzane Crujeiras, antzezlea: "Umeek eurendako sortutako musika entzutea eskertzen dute"
2014/03/07 00:00
eta kitto!

- Nolakoa da "Kapsulak" antzezlana?
Antzezlana baino gehiago, umeentzat egindako musika zuzenean eskaintzeko kontzertua da, baina musikarekin batera badago dena lotzen duen istorio bat, abesti eta abesti tartean kontatzen dugun istorioa. Kontakizunean nire laguna den ume bat, Txiki da protagonista. Istorioan Txikik egunean zehar egiten dituen gauzak kontatzen ditu, abestien arteko lotura modukoa sortuta. Era berean, abestietako batzuk istorioa osatzen laguntzen dute.

- Eta zelako gauzak egiten ditu ume horrek?
Ba edozein umek egiten dituen eguneroko kontuak: goizean esnatu eta ohetik altxatu, armozua hartu, eskolara joan, jolastu… Momentu horiek guztiak banan-banan sailkatu eta Txikik "kapsula" deitzen dituen kutxetan gordetzen joaten da, gustatzen zaizkionak "G" hizkiarekin eta gustatzen ez zaizkionak "E" hizkiarekin markatuta. Gustatzen ez zaizkionen artean, eskolatik kanpora egin beharreko jarduera-zerrenda luzea osatzen dutenak daude, adibidez.

- Ume askok euren burua Txikirekin identifikatuko dute…
Hori da asmoa eta, egia esateko, ume askok Txikiri gertatzen zaizkion gauza eta egoerak berezko sentitzen dituzte, erraz identifikatzen dituzte. Gainera, abesti batzuetan nirekin batera kantatzeko eskatzen diet umeei, istorioaren parte sentiarazten laguntzeko.

- Orain arteko esperientziaren arabera, zeintzuk disfrutatzen dute gehiago, umeek ala helduek?
Publiko familiarrarentzat pentsatutako lana da eta biek, umeek zein nagusiek asko disfrutatzen dute: umeek, pailazoen abestietatik kanpora eurendako bereziki sortutako musika entzutera ohituta ez daudelako. Eta gurasoek, umeak hain pozik ikustean eurek ere primeran pasatzen dute. Izan ere, letra umeentzat pentsatuta dago, baina musika helduendako modukoa da eta umeek hori eskertu egiten dute. Jatorrizko lana Kataluniako Samfaina de Colors taldearena da, baina eurek bakarrik abestiak eskaintzen dituzte, baina gure bertsioan Oihana Bartra bertsolariak lanaren egokitzapena egin du eta, besteak beste, antzerki bidez kontatzen dugun istorioa gehitu diogu.