Aitor Echebarria, musikaria: “Bartzelonan demaseko panorama musikala zegoen, baina Eibar ezberdina zen”

Aitor Echebarria, musikaria: “Bartzelonan demaseko panorama musikala zegoen, baina Eibar ezberdina zen”
2021/06/04 09:55
eta kitto!
Bartzelonan jaio eta bihotz eibartarra duen musikaria da Aitor Echebarria, ‘Aitorpenak’. Bere aitaren jaioterriarekiko duen atxikimendua hain da handia, abestia egin duela herriaren omenez: ‘Denbora ez da inoiz gelditzen’. Bere solid popa Eibarrera ekartzeko eta abestia eibartarren aurrean kantatzeko irrikaz dago.

 

Nola inspiratu zaitu Eibarrek ‘Denbora ez da inoiz gelditzen’ abestia egiteko?

Aita eibartarra da eta txikitatik sarritan joan naiz Eibarrera. Beraz, ia derrigorrezkoa zen Eibarri buruzko abestia egitea. Herria nolakoa zen eta nola aldatu den azaltzen dut bertan.

 

Nolako aldaketak ikusten dituzu Eibarrera etortzen zarenean?

Taberna giroan ikusi dut aldaketa asko. Rock musika gustoko dut eta 90. hamarkadako Eibarrek nire izaerarekin bat egiten zuen. EH Sukarra eta Su Ta Gar taldeen musika asko entzuten nuen sasoi hartan eta Eibarrera joaten nintzen bakoitzean flipatu egiten nuen. Bartzelonan ere demaseko panorama musikala zegoen, baina Eibar ezberdina zen. Denborarekin, tabernetan jartzen zuten musika aldatzen joan zen. Bitxikeria bezala, lehengusu bati Su Ta Garren diskoa erosi nahi nion eta Eibarren ezin izan nuen disko madarikatua aurkitu. Lehen, edozein tokitan aurkitu zenezakeen Su Ta Garren disko edo kaseteren bat. Kontu horrek inspiratu ninduen ‘Denbora ez da inoiz gelditzen’ abestia egiteko. Gauzak aldatu egiten dira denboraren poderioz eta, pixka bat ezkorrak izanik, hondamendira bidean goaz. Hala ere, osasuna eta proiektuetan ilusioa izatea da garrantzitsuena.

 

Bartzelonako eta Eibarko eszena musikala ondo ezagutzeak asko lagundu dizu musikari bezala?

Bai, noski! Eibarren oso giro ‘makarra’ aurkitzen nuen, nahiz eta Bartzelonan ere bazegoen horretarako aukerarik. Aita eibartarra eta ama kataluniarra direnez, alde bietatik edan dut, gauza onak eta txarrak. Eibartarren eta kataluniarren izaerak osagarria direla uste dut, eta zoragarria da herri biekin lotura izatea. Azken batean hori da solid popa, poparen barruan indarra edo grina duen estiloa. ‘Fuego y garra’ da nire lehen abestietako bat eta imajina dezakezue izena nondik datorren.

 

‘Denbora ez da inoiz gelditzen’ abestia disko baten barruan dago?

Ez. Eibarri buruzko abestia sortu nahi nuen Eibarren, lan intimista, eta horrela egin dut. Kantua San Agustin kaleko Kitarshokak estudioan grabatu dut Aitor Sologaistoaren laguntzarekin. Hasieran nahiko abesti sinplea zen, baina berak moldaketa batzuk erakutsi zizkidan eta asko gustatu zitzaizkidan. Izan ere, San Andres elizan ‘Gure aita’ entzuteaz gain (bertan bataiatu ninduten eta horregatik ez dut apostatatzen, ohorea delako eta Bartzelonako San Andres auzoan jaio nintzelako), ‘Aitormena’ izan zen euskaraz entzun nuen lehen abestietako bat, lehengusuen etxean, eta txundituta geratu nintzen. Abesti arraroa iruditu zitzaidan, biolin doinuekin. Aitor Sologaistoari nire abestia erakutsi nionean esan zidan biolin doinuak sartzea pentsatu zuela eta ideia zoragarria iruditu zitzaidan. Oso pozik nago abestiarekin. ‘Aitorpenak’-en abestirik luzeena da.

 

‘Aitorpenak’ izenak eta ‘Aitormena’ abestiak nolabaiteko lotura dute?

Bai, izen artistikoak badu zerikusia Hertzainaken abestiarekin, nire kantuak oso intimistak direlako baita ere, nahiko beltzak, Aitorren penak. Nahiko egolatra edo egozentrikoa dirudi, baina bizipen txarrak purgatzeko modu bat da.

 

Kataluniarra izanik, abestia euskaraz egin duzu. Zergatik?

Nola ez euskaraz egin! Abestiak euskaraz izan behar zuela sentitzen nuen, duda barik. Euskarazko abesti gehiago egin ditut. Euskaldun berria naiz eta B2 mailako azterketa egiteko prestatzen dihardut.

 

Baduzu kontzertu berririk eskaintzeko asmorik?

Bartzelona inguruan kontzerturen bat eskainiko dut, akustikoan. Bartzelonako Euskal Etxean jo behar nuen, baina pandemiaren ondorioz ezarri dituzten aforo murrizketekin eta bestelako mugen ondorioz atzeratu behar izan genuen. Eibarrera joatea asko gustatuko litzaiguke, ‘Denbora ez da inoiz gelditzen’ Eibartik pasa behar delako derrigorrez.

 

Kontzertuetan ere zure eibartartasuna agerian lagatzen duzu, argazkietan ikusi dugulako Eibar FT-ren bandera ikusgai jartzen duzula.

Cioka Creativako lagunek oparitu zidaten bandera hori. Eurek egin dute ‘Denbora ez da inoiz gelditzen’ kantuaren artelana eta hara joaten naizen bakoitzean eurak dira nire ordezkariak. Pozik erakusten dut bandera kontzertuetan eta Eibar Lehen Mailatik jaitsi den arren, datorren urtean berriz itzuliko gara, edo bestela hurrengoan.

Aitor Echebarria