Gau Beltza: gure arbasoen itzala eta gaur egungo sormena
Udazkena iristearekin batera, egunak laburtu, iluntasunak lekua hartu eta kaleak beldur estetika modernoaren kolorez betetzen dira. Beldurrezko mozorroak, plastikozko kalabazak eta eskeleto faltsuak agertzen dira supermerkatu, atari eta lorategietan. Fenomenoa ezagun egin da mundu osoan: Halloween. Hala ere, plastikoaren azpian, aspalditik gurean erroak dituen ospakizun bat ezkutatzen da: Arimen Gaua, edo Gau Beltza.
Oinarri eta esanahiei buruz hitz egiteko, Josu Ozaita antropologoarekin solastu gara; bera eta Jaime Altunak Juan San Martin beka irabazi zuten duela hamarkada bat. Bekari esker, ‘Halloween edo Arimen Gauaren ospakizunen inguruan Euskal Herrian eman den bilakaera eta partaideen diskurtso, bizipen eta praktiken azterketa' izeneko ikerketa egin zuten. Ozaitak dioenez, ikerketa gauzatu zutenean Gau Beltza gutxi ospatzen zen Euskal Herrian, eta gaur egun sekulako zabalpena izan dute.
"Heriotza bizidunen bizitzara ezagutu gabeko formetan azaltzen den momentua da Arimen Gaua"
Ozaitak azaldu duenez, Gau Beltza erritu moduko unea da: “Udazkenarekin batera, argitasunetik iluntasun arora igarotzen garen une sinbolikoa da. Ordua aldatu berri dugu, argi-orduak gutxitu, eta etxean egoteko denbora areagotu. Natura bera da jaiaren abiapuntua: kalabaza eta gaztainaren garaia da.”
Arimen egunarekin lotura zuzena, eta heriotzaren presentzia
Gaiari loturiko hainbat artikulu idatzi ditu Oier Araolaza antropologo eibartarrak dantzan.eus eta eibar.org atarietan. Artikulu horietan azaltzen duenez, Arimen Gaua Europa osoan Erdi Arotik gutxienez ospatzen diren Neguko Festen (San Martin, San Nikolas, Olentzero, inauteriak,...) beste aldaera bat baino ez da. Araolazak gogora ekartzen du garai batean arbiak eta kalabazak hustu eta kandela barruan jarrita bide bazterretan uzten zirela, jendea izutzeko.Ez zen, beraz, atzerriko ohitura bat: “Halloween zer zen ere ez zekiten garaian egiten ziren haiek”, dio Ozaitek.
 
Ospakizunak nahastu ohi badira ere, desberdintasun handia dago Halloween eta Arimen Gauaren artean. “Hauxe da oinarrizkoa: Gau Beltza Euskal Herritik pentsatua da, euskaraz. Gainera, hainbat desberdintasun daude: Gau Beltzean baratzeko kalabazak erabiltzen dira, ez plastikozkoak. Eske errondetan euskarazko esaldiak erabiltzen dira, ez gaztelania edo ingelesezkoak. Halloween eskea talde txikitan egiten da, Gau Beltzean herri batzuetan puska biltzea egiten da, herriko ume guztiak batera, komunitatean, janaria eskatuz eta elkarrekin janez”. Gauza sinpleak diruditen arren, sinbolikoki garrantzia handikoak direla gailendu du Ozaitak: “Gozokiek baino, gaztainek dute protagonismoa, basoko gozokiek. Bestetik, beldur ibilbideetan mitologiako istorioen transmisioa egiten da, edota, euskarazko beldurrezko kontakizunak kontatu…”.
Orduan, Haloween edo Arimen Gaua?
 
"Hauxe da oinarrizkoa: Gau Beltza Euskal Herritik pentsatua da, euskaraz"
Hala ere, belaunaldien arteko iruditeria ez da berdina. Adinekoek heriotza eta doluarekin zuten harremana edota ospakizunak egiteko modua bestelakoa zela adierazi du Ozaitak. Modu berean, gaur egun gazteek Arimen Gaua ospatzearen arrazoia belaunaldi berriek tradizioa zerbait bizia eta aldakor moduan antzematen dutelako dela uste du. “Gau Beltza “berreskurapena” izan ordez, berrinterpretazio edo berrasamatzea da. Garai bateko ohitura batzuk barnebiltzen ditu, gaur egunera ekarrita, baina sormena ere erabiltzen du eta elementu berriak ere ekarri”.
Etorkizunari begira, Ozaitek indarra ikusten dio Gau Beltzari: “Fenomeno kultural berezia da, azken urteetan indar handiz hazi dena. Ziur nago gehiago zabalduko dela, ia orokortu arte”.
