Aitor Gorosabel (Su ta Gar): “Taldearen esentzia galdu gabe, zerbait desberdina egiteko gogoa genuen”

Aitor Gorosabel (Su ta Gar): “Taldearen esentzia galdu gabe, zerbait desberdina egiteko gogoa genuen”
2016/10/28 11:04
eta kitto!
Betiko indarra eta pasioa galdu gabe, 10 kantuz osatutako lan berezi eta desberdina atera du Su ta Gar talde eibartarrak. “Maitasunari pasioa” taldearen 11. diskoa da eta gaurtik aurrera eskuragai izango dugu ohiko salmenta-lekuetan. Maitasuna ardatz, erritmo lasaiagoek, sentsibilitatez betetako letrek eta nahasketa elektro-akustikoak teknika eta elegantzia handiko emaitza dakarte, hori guztia 28 urteko ibilbide bikaina duen taldearen nortasuna galdu barik.

- Diskoa behin entzutea besterik ez dago lan berezia dela jakiteko. Zerk ematen dio berezitasun hori?
Berezia da besteak metaleroagoak, azkarragoak izan direlako. Esango nuke ez dela balada disko bat, ezta akustikoa ere. Gure disko guztietan beti agertu izan diren kantu lasai horien ildotik doan kantu-sorta da. Letrak orokorrean maitasunaren ingurukoak dira, gure esperientzia pertsonaletatik eta sentimenduetatik aterata daude, nahiz eta errealitate zehatza ez izan (maitasuna ingurukoeri, familiari, Euskal Herriari, galdu ditugunei, amodioaren gazi gozoak…).  Gure ibilbideko intimistena da. Euskal Herriari buruzko abesti bat ere badago, “Erresistentziara kondenatuak”; aldarrikatzailea da, baina intimistagoa eta enpatikoagoa, eta maitasunetik idatitza. Gaiek egiten dute kantuak ere lasaiagoak izatea. Beste batzuetan baino gitarra akustiko eta piano gehiago dago, baina betiko Su ta Gar ere sartzen da; distortsioa ere badago, indartsu jarraitzen du. Su ta Gar-en esentziak hor jarraitzen du.  “Elektro-akustiko” bazala definitu dute diskoa.

- Zergatik erabaki duzue orain, 28 urteko ibilbidea bete duzuenean, horrelako diskoa ateratzea?
Era naturalean izan da. Alde batetik beti egon da eskakizun bat gure jarraitzaile askoren aldetik. “Jo ta Ke”, “Itxaropena” eta bestelako abesti ezagunetatik haratago, diskoetan jendea ez da ados jartzen gehien gustatzen zaion kantua zein den esaterakoan. Hori kuriosoa da. Jarraitzaile askori –emakumezkoak zein gizonezkoak izan uste dut berdin dela– horrelako kantu lasaiak gustatzen zaizkio. Azken bi edo hiru urteetan, batzutan Xabirekin eta bestetan bakarrik, ekitaldi berezietara akustikoan horrelako bi edo hiru kantu abestera joan garenean (“Zure albotik urrun banago”, “Bere hitzen faltan”, “Zain zure zain” edo “Denborak”esate baterako),  jendeari oso ondo sartu zaio eta horrek ere animatu gaitu.  Dena dela, diskoan bakarrik gitarra akustikoarekin irtetzea ez genuen ikusten, gu distortsiorik gabe ezin gara egon.

- “Maitasunari pasioa” da diskoaren izenburua. Zer adierazi nahi izan duzue horrekin?
Buelta asko eman ondoren, alde batetik maitasuna ardatza izanda eta, bestetik, gauzak beti pasioarekin egiten ditugula eta letretan ere pasio hitza askotan azaltzen dela kontuan hartuta, hitz-joko hori egitea erabaki genuen. Gauza asko adierazten dira: maitasunari pasioa erantsi behar zaio indar handiagoa izateko, maitatzea maite duzula, orokorrean jendea maite duzula, maitasunari plus bat jartzen diozula... gero bakoitzak bere interpretazioa egin dezake. Goiburu horretan ere gure izaera isladatzen da. 28 urte eta gero, nahiz eta gure lanarekin, sormenarekin gorabeherak izan, zorionez pasioz egiten dugun lana da. Borxa Arrillagak idatzitako “Ezer pasiorik gabe” kanta zoragarri bezain gogorrak gutariko bakoitzarengan pasioak eta berau galtzeak zein garrantzi izan dezakeen isladatzen du.

- Diskoa udaberrian ateratzea pentsatzen zenuten. Baina eztarrian izan zenuen arazoarekin, ebakuntza tartean, eta gero eskuan izan zenuen istripuarekin dena atzeratu behar izan duzue…
Martxoan egin zidaten eztarriko ebakuntza. Aurretik ahotsa grabatzeko asmoa genuen, baina infekzio bat izan nuen eta ezin izan nuen. Instrumentu guztiak grabatuta zeuden uztaileko eskuko istripuaren aurretik. Uztaila eta abuztuan grabatu ditut ahotsak.

- Osasun aldetik izandako arazoak direla eta, taldean aldaketak egin behar izan dituzue.  Zer moduz moldatu zarete?
Eskuan izandako istripua dela eta, kontzertu batzuk bertan behera laga behar izan genituen uztailaren amaieran eta abuztuaren hasieran. Beste gitarrista bat aurkitzea beharrezkoa zela ikusi genuen eta berehala Aitor Losada etorri zitzaigun burura. Berari deitu, egoera azaldu eta astebetera kanten %70 ikasita zeukan. 18 egunetara gurekin batera taula gainean zegoen. Berarentzako erronka handia izan da, eta gu benetan oso eskertuta gaude. Alde horretatik oso pozik gaude. Nik oraindik debora behar dut atzamarra sendatzeko, eta bitartean hor jarraitzen dut gitarra barik baino abesten. Niretzako ere beste erronka bat izan da. Orain arte sekula ez dut gitarra barik mikrofonoarekin abestu. Hala ere, oso ondo moldatu naiz. Modu positiboan hartu dut hasieratik, “Su ta Gar-ekoek hartu naute abeslari moduan!” pentsatuz (jajaja). Desberdintasun handia dago eszenarioan egoteko moduan: beste jarrera bat, beste postura batzuk, jendearengana jaitsi eta jendeari mikrofonoa jarri... Nahiko beldurtuta nengoen, baina gero taula gainera igo eta, gitarrarekin edo gitarra barik, Aitor Gorosabel naiz, ahotsa nirea da. Agian desberdina izango zen abeslaria ordezkatu behar izatea, hori bai izango zela arraroa! Esperientzia oso ona izan da, espero nuena baino hobeto joan da.

- Disko berri honek kontzertuak beste modu batean aurkezteko aukera ematen du. Zein formatotan aurkezteko asmoa daukazue?
Gure asmoa urtarrilean antzokietan aurkeztea da, jendea eserita. Ordurako atzamarra guztiz sendatuta izatea espero dut eta orain kontzertu batzuk lotzen gabiltza. Hau ere guztiz desberdin izango da guretzako.

- Nolako erantzuna izango du disko berriak zuen ustetan?
Orokorrean momentuz jendeari gustatzen ari zaio. Desiatzen gaude erantzuna ikusteko, eta ilusioarekin. Panorama musikala eta kontsumitzeko erak asko aldatu dira, eta hau 10 kantuz osatutako diskoa da.  Gazteek ere ez dakit entzungo duten. Uste dut gure jarraitzaileek diskoa eskuratu eta entzungo dutela eta erantzuna orokorrean positiboa izango dela. “Kaña brutala” nahi duenarentzat ez da izango disko hau, hurrengoa izango da, baina sentsibilitate pixka bat daukanak disko hau oso gustora entzungo duela pentsatzen dut. Zerbait desberdina denez, jende gehiagorengana heltzea posible delakoan nago. Antzokietakoa ere ikuskizun desberdina izango da, printzipioz asmoa da beste fase bat izatea eta, ondoren, betiko formatora bueltatuko gara.

- Orain dela 10 bat urte Jo Ta Ke ekoizpenak sortu eta zuen kabuz argitaratu dituzue diskoak. Nolako alde onak eta txarrak ditu autogestioaren aldeko apostuak?
Beste batzuen esku lagatzen baduzu, erabaki gutxiago eta ardura gutxiago hartu behar dituzu eta lan gutxiago egin. Baina ez daukazu zuren lanaren gain erabakiak hartzeko gaitasunik, ezta jabetzarik ere. Gure kasuan, orain lanaren gain erabakitzeko gaitasun osoa daukagu baina, sortzeaz eta grabatzeaz gain, disko bat kaleratzeak eskatzen duen guztia norberak egin behar du: grabaketa estudioa, diseinua, fabrikazioa, banaketa, promozioa, teknologia berrietara egokitzea, inbertsioa eta abar luze bat kudeatzea.

su-ta-gar-2

su-ta-gar-3