Akats burokratiko batek Patronatua ixtea ekarri du
Astelehen goizean kaleratutako beharginak ordezkatzen Portalean egon ziren Nerea Zalduegi, June Aranzeta, Ixone Gómez, Blanqui Alvarez eta Amaia Arozenak irakurritakoari jarraituta, "2011. urtearen amaieran zentruak Osakidetzarekin zuen hitzarmena berritzea tokatzen zen. Berritu beharreko hitzarmen horri esker eskaintzen genuen, hain zuzen ere, zentruan hartzen genituen gaixo gehienentzat errehabilitazio zerbitzua, gure bezeroen %90 edo gehiago Osakidetza bitartez etortzen ziren-eta".
Beharginek emandako datuei jarraituta, zentruak 1975az geroztik izan du Osakidetzarekin hitzarmena eta bertako fisioterapeutek egunean 100dik gora laguni errehabilitazioa eskaintzen jardun dute iazko urtearen amaiera arte: "Ez dugu behar faltarik izan, oso martxa onean jardun dugu lanean, ixteko erabakia hartu duten arte".
Eta errehabilitazio zentrua ixteko erabakiak Osakidetzako hitzarmena berritu ez izanarekin lotura zuzen-zuzena daukala diote: "Osakidetzarekin hitzarmena berritu ahal izateko dokumentazioa aurkezteko orduan izandako akatsengatik, zuzenean konkurtsotik kanpo geratu gara, Osakidetzak bost urtean behin lehiaketa bidez esleitzen duen paketea eskuratzeko aukera barik. Gure zuzendariak 88 urte dauzka eta, behin baino gehiagotan arduretako batzuk beste norbaiten esku lagatzea eskatu arren, inork ez digu kasu egin eta ez zentruko batzordeak ez beste inork ez du gainbegiratu zuzendariak egindakoa".
Errekurtsoa ez onartzea
Dokumentazioa aurkezteko orduan bete beharreko baldintzen arabera, besteak beste, hiru kartazal entregatu behar ziren lehiaketan sartu ahal izateko: "A, B eta C kartazalak bereiztuta aurkeztea eskatzen zuten, eta gure zuzendariak ez zuen C delakoa, hain zuzen ere eskaintza ekonomikoa jaso behar zuen sobrea aurkeztu eta, ondorioz, zuzenean lehiaketatik kanpo geratu ginen". Gauzak horrela, beharrean zeuden pare bat fisioterapeuta gertatzen ziharduenaz zerbait jakiten lehenak izan ziren, abenduaren 16an batzordeko kide batek "kontutxo bat komentatu" nahi ziela esatean: "Gerturatu eta Osakidetzako hitzarmen barik geratu ginela esan zigun, hori zen kontutxoa. Hala ere, lasai egoteko esan zigun, errekurtsoa aurkeztu eta dena konponduko zela".
Baina zentruko batzordekoek errekurtsoa aurkeztuta ere ez zieten onartu eta hortik, 40 eguneko tartean, arazo barik beharrean jardutetik zentrua itxi eta langabezian egotera pasatu dira beharginak: "Ia egun batetik bestera gure burua kale gorrian ikusi dugu. Gainera, orain dirurik ez dagoela diote. Enpresak zentrua hartzekodun-lehiaketara aurkezteko asmoa duela esan digu eta, beraz, dagozkigun indemnizazioak, txikienak ere jasoko ote ditugun zalantza daukagu. Gutariko batzuk 30 urtean beharrean jardun eta gero dagokiguna ere ez dugu jasoko eta zuzenean FOGASAra bidali nahi gaituzte".
Beharginek argi laga dute "zentrua ixteko arrazoia hitzarmena berritzeko orduan dokumentazioa txarto aurkeztu izana, besterik ez dela izan". Bestalde, arazoaren berri izan eta kaleratze-gutuna jaso dutenez geroztik enpresak eurekiko izan duen jarrerarekin "engainatuta" sentitu direla adierazi zuten agerraldian, "eta horrenbeste urtean bertan beharrean jardun ondoren enpresaren aldetik jaso duten babes eza izugarria" izan dela salatu zuten. Hain zuzen ere, eurek diotenez jarrera horrek bultzatuta erabaki dute herritarrei gertatutakoaren berri ematea. Eurek eskainitako zerbitzua bertan behera geratzeak, bestalde, gaixoei zuzenean eragingo diela pentsatzen dute, itxaron-zerrendak luzatuta, "Amostegik eta Osakidetzak berak hartu beharko dituelako".
Agerraldia amaitu aurretik, Patronatutik pasatu diren guztiei euren eskerrik beroena adierazi nahi zieten, "urte hauetan guztietan erakutsi duten konfidantzagatik eta guretzat horren gogorrak diren une latz hauetan gurekin egoteagatik, eskerrik asko eta betira arte".