Albert Boadella (Els Joglars): "Publikoak artistaren askatasuna estimatzen du gehien"
- Astelehenean Eibarren egongo zara hitzaldia eskaintzen. Badakizu Jardunaldien historian lehen aldiz errepikatuko dela hizlaria? Gogoan daukazu Eibarren emandako lehen hitzaldi hura?
Lehenengo hitzaldi hura eman nuenetik urte mordoa igaro dira, 26 bat urte oker ez banago. Lehen hitzaldi hura eman nuen sasoian ilehoria nintzen eta akrobaziak egiteko ahalmena ere banuen. Gaur egun, ordea, 50 metrotan antxitxiketan egingo banu leher eginda amaituko nuke. Fisikoari dagokionez, beraz, aldaketa nabarmena dago, hasteko. Jakina, fisikotik kanpora ere, pentsakeran-eta aldaketak egon dira, urteek aurrera egin ahala hainbat pentsakera eta jarrera leundu eta beste batzuk are gehiago erradikalizatu ditut. Edozein modutan ere, bigarren hitzaldian aurrenekoan baino segurtasun handiagoarekin jardungo dut. Horrenbeste denbora eta gero orduan zer esan nuen ez dut gogoratzen, baina seguruenik sasoi hartan sinesten nituen gauzen inguruan egingo nuen berba. Ordutik hona gizartea bera ere aldatzen joan da eta ni ahalik eta egokien moldatzen ahalegindu naiz, bizitza nik parte har dezakedan zerbait izaten jarraitzeko, bizitzaren ikusle hutsa ez bilakatzeko.
- Antzerki-giroan ibiltzen zaretenen artean nolako oihartzuna daukate Eibarren antolatzen dituzten moduko jardunaldiek?
Aurtengo egitaraua irakurrita, benetan eskaintza zabala dagoela ikusi dut. Hori ona dela uste dut, topikoetatik haratago jendeari antzerkia bere zentzurik zabalenean zer den ulertzeko aukera ematen zaiolako. Izan ere, antzerkia egiteko hamaika modu eta baliabide daude eta horietako asko egitaraua osatzen duten lanetan ikusiko dira.
- Bizitza osoa daramazu antzerkigintzan. Nolako bilakaera izan du antzerkigintzak urte hauetan guztietan? Hobera ala okerrera egin du?
Antzerkiaren aurkezpen, baliabide tekniko eta horrelako beste kontuetan, antzerkia inguratzen duten guztietan egoerak hobera egin du, horretan ez daukat zalantzarik. Jendearen interesak gora egin du, komunikabideek antzerkiari eskaintzen dioten arreta hazi egin da eta telebistak antzerkiarekin amaituko zuela uste genuen sasoi hura aspaldi laga genuen atzean. Baina edukiei begiratuz gero, horretan zalantza gehiago daukat. Diktaduraren azken urteetan eta trantsizioaren hasieran, gizartean gertatzen zen guztiaren inguruko kezka handia zegoen eta horrek antzerkian isla zuen. Baina urteekin antzerkia moduren batean esateko metafisikoagoa egiten joan da, eragin zuzena galdu du eta satirizatzeko duen ahalmenean hutsunea igartzen dut.
- Polemika zure lanetako askoren bidelagun izan da, zu kartzelara sartzera ailegatzeraino. Nola egin daiteke aurrera, bidean sortzen joan diren traba guztien gainetik?
Artista batek, edozein generotakoa izanda ere, artista izateko bidean oztopoak behar dituela pentsatzen dut. Gauzak errazegi lortzea ez da ona. Umeekin bezala, oztopo guztiak aldendu eta dena erraz ematean gaizki heztea besterik ez da lortzen. Horregatik nire aurkariei moduren batean eskerrak eman behar dizkiet, besteak beste norberak egindakoak zerbaitetarako balio duela sentiarazten laguntzen dutelako.
- Hala ere, gaur egun kritikarako zein aurkariendako gogo gutxi ikusten da oro har…
Administrazio politikoak kulturaren barruan duen esku-hartzearen ingurukoak ez ditugu behar bezala gainditu. Egiteko moduarengatik-edo, artistari mendekotasun konplexua eragin dio betidanik eta presioaren aurrean amore eman dute askok eta askok.
- Hitzaldiaren izenburua gogora ekarrita, zer behar du antzerkiak libre izateko?
Independentzia, askatasun, argitasun… sena duten artistak, euren beldurrei zein publikoari aurre egiten dakiten artistak, horrek batzuetan arriskua ekar dezakeela jakin arren. Ikusleak artistarengandik gehien estimatzen duena bere askatasuna da.