ALBERTO SAN EMETERIO: “Bidean galdu ditudan lagunen omenez idatzi dut ‘La íltma copa’ eleberria”
Tabernen gaueko giroan 30 urtez lan egin ondoren, Alberto San Emeteriok badu zer kontatu gai horri buruz. Denetik ikusi duela esan daiteke, hainbat lagun egin ere, horietako batzuk gaueko giroan galdu direlarik, eta hori guztia papelera eraman nahi izan du ‘La íltma copa’ liburuan. Eleberriak demaseko arrakasta izan du eta 3. edizioa inprimituko duela esan digu. Ego Gain kaleko Fasprint dendan eskuratu ahal izango da.
San (horrela esaten diote Albertori) aski ezaguna da barra atzean egiten duen lanagatik, beti onena emateko gogoz. ‘La íltma copa’ liburuan ere horrela egin du, dena eman, maitasun handiz eta joan direnen omenez. Harrituta dago lanak izan duen harrerarekin, “gaindituta”, baina norbaitentzat lagungarria bada, pozik geratuko da.
Barra atzean ikusi zaitugu askotan, irratian entzun ere sarritan, baina zure idazle fazeta ez genuen ezagutzen. Nola sortu da?
Idazten dudan bigarren eleberria da hau, baina argitaratzen dudan lehenengoa. Konbentzitu egin nautelako kaleratu dut, baina nik ez nuen nahi. Niretzat idatzi izan dut beti. Bidean galdu ditudan lagunen omenez idatzi dut eleberri hau. Laguntasunean, adikzioetan eta hobetzeko grinan oinarritzen da, gaueko aisialdian azken finean. Omenaldi moduko bat egin nahi nuen, baina Mexikon bizi den lagun eta idazle boliviar batek liburuaren kontzeptua aldarazi zidan eta formatua aldatu nion, nobela itxura emanez.
Nolako itxura zuen hasieran?
Nire esperientziak, oroitzapenak, pasadizoak... kontatzen nituen, baina bere aholkuz, historia berdina kontatuz, beste pertsonaia batzuk asmatu nituen. Beraz, benetako gertakizunetan oinarrituta dago, baina fikziozkoa da.
30 urtez egon zara gaueko aisialdian lanean. Izango zenuen ba zer kontatu.
Urte asko izan dira. Lagun asko galdu ditut adikzioen ondorioz. Gaueko giroak hori du. Alde onak eta txarrak ditu, eta liburua azken alderdi horretan kokatzen da, baina ez kritika batetik, baizik eta berreraikitzetik. Denok bizi izan ditugu sasoi batzuk gaueko aisialdian, bakoitzak berea, baina badago irtenbidea. Liburu gogorra da. Irakurtzen duena aipatua sentitu daiteke arloren batean: drogen, jokoaren edo alkoholaren adikzioari dagokionez, maitasun kontu zailetan... Liburuak gainditu egin nau.
Zentzu horretan, zaila izan da idaztea?
Bai. Barrenean nituen oroitzapen batzuk nahasi zaizkit eta ez nuen nahi, baina pausoa eman behar nuela sentitu nuen. “Infernua sufritu duen ororen omenez” dio lehen orriko esaldiak.
Liburua Fasprinten bakarrik eskuratu daiteke, ezta?
Herri mailan saltzea nahi nuen. Ez nuen plataformetan saldu nahi, ezta editorialen bitartez ere. Modu autofinantziatu, autogestionatu eta autoeditatuan eginda dago. Horregatik, Fasprintekin harremanetan jarri nintzen liburua inprimitzeko eta saltzeko. Lehenengo edizioarekin ehundaka liburu inprimatu genituen eta uste genuen 3-4 hilabetetan salduko genituela, asko jota. Ba egun eta erdian saldu ziren. Bigarren edizioa, printzipioz, plataformetan jartzeko asmoa nuen, baina harrera ona ikusita, oraindik herrian bakarrik saltzea erabaki nuen. Oso eibartarra naizelako eta harro nago gainera, eta liburuak interesa pizten badu, bereziki herrikideentzat izatea nahi dut, gero gerokoak. Ez zait axola mila liburu edo bi saldu, ez dut hori bilatzen, istorio bat kontatzea baizik.
Bertan kontatzen dena Eibarren gertatua izanik, pentsa daiteke eibartarrei interesgarria irudituko zaiela.
Liburu honentzat goiburu hau dut: “Erakutsi, sendatzeko”. Hau da, historia kontatu nahi dut bertan azaltzen dena jendeak beste ikuspuntu batetik ezagutu dezan. Ez dut inor sendatu nahi, batzuek bizi izandako istorioak kontatu baizik. Gertutik bizi izan ditudan istorioak.
Istorio horiek kontatzeko, nolako egitura du eleberriak?
Istorioa ez du idazle batek kontatzen, nik neuk baizik, lehen pertsonan. Eleberria irakurtzen duzunean, zure begietara begira nagoela konturatuko zara. Ez dut idazten zuk irakurtzeko, hitz egiten dizut. Momentu batzuetan eleberria edo istorio bat kontatzen dut, eta beste batzuetan aholkuak edo iritziak ematen dizkizut. Bi kolaboratzaileren laguntza jasotzeko zorte handia izan dut.
Nortzuk?
Batetik, Jose Antonio Azpilikueta ilustratzailea, Supermendikuteren egilea. Liburu gogorra denez, arnasguneak eskaini nahi nituen, ez nuen itogarria izatea nahi, eta bere binetak tartekatu ditut. Gainera, oso eibartarrak dira. Esker onez hartu zuen nire proposamena eta asko lagundu dit. Bigarrenik, Aisa Villavicencio Antelo aipatu nahiko nuke. Lehen aipatu dudan idazle eta pedagogo boliviarra da bera. 15 urteko lagun-harremana dut berarekin Internet bitartez, eta 2024an Parisen elkartu ginen. Topaketa horrek dena aldatu zuen. Zirriborroak erakutsi nizkion, irakurri egin zituen eta liburuaren kontzeptua aldatu zidan. “Funtzionatzea nahi baduzu, beste zentzu bat emaiozu”, esan zidan. Horri esker, historia honek helduleku bat duela uste dut.
Nola sentitzen zara liburuak izan duen harrerarekin?
Harrituta. Ez dut asimilatzen, ez dut ondo eramaten. Zerbitzaria naiz et, idaztea gustatzen zaidan arren, ez naiz idazlea. Idatzi dudana edonork egin dezake, nahi izatea da kontua. Argitaratzeko konbentzitu nindutenean, gutxienez gauza on bat egin behar zela erabaki nuen. Gustatu edo ez, gutxienez landua izatea, egitura egokia edukitzea, eta abar. Poz-pozik nago izan duen harrerarekin.
Izenburua bitxia da: ‘La íltma copa’...
Zer iradokitzen dizu?
Zerbait falta zaiola dirudi. Mozkor batek “la última copa” esan nahi eta ez asmatzea bezala.
Askok pentsatzen dute antzera. Gaueko aisialdia, alkohola, mozkor dagoen norbaitek egin dezake berba horrela... Baina ez. Barbarismo bat da. Hau da, nahita gaizki idatzitako berba bat. Liburua irakurtzerako orduan argituko da zergatik dagoen horrela idatzita. Esaldi hori izan zen liburua aurrera ateratzera bultzatu ninduena, bertan omendu nahi izan dudan lagun batena delako.
Bidean galdu dituzun lagunen omenez idatzi duzula esan duzu, baina baita bizirik jarraitzen duten batzuengatik ere?
Bai, eta gauza bitxi bat gertatu zait zentzu horretan. Liburuan lagun baten historia kontatzen dut eta bere alaba nirekin harremanetan jarri zen orain dela gutxi, liburuko pertsonaia hori bere aita dela jakin gabe. Harreman estua izan genuen bere aitak eta biok, eta infernu batzuetatik iragan zuen. “Infernura erortzea erraza da, irtetea pixka bat zailagoa izango da”, diot liburuan.
Esan duzu "gainditu" egin zaituela liburuak izan duen harrera onak. Zergatik?
Kritika onak ez ditut ondo asimilatzen. Txarrak bai, prest nagoelako. Eraikitzaileak diren neurrian, noski. Kritika positiboak inoiz ez ditut ondo eraman, kostatu egiten zait. Lehengo egunean neska bat negarrez etorri zitzaidan, liburuak bere inguruko pertsonen oroitzapenak ekarri zizkiolako, eta asko hunkitu zidan, txarto pasa nuen. Liburua irakurleen barrenera heltzen da, euren ahulguneetara, eta moduren batean hori bilatu dut. Sendatzea bilatzen dut, baina horretarako berba egin behar da. Ez naiz gaian aditua, baina bizipen batzuk izan ditut eta agian laguntzeko balio dezakete.