Alberto Villarreal: “Gerraren basakeriaren aurrean gelditzen zaigun baliabide bakarra osasun-sistema da”

Eibar Palestinarekin elkarteak Palestinako historiaren inguruko erakusketa egingo du ekainaren 13ra arte, Topalekun, eta 13an, 12:00etan, Alberto Villarrealek ‘Osasuna gerrako arma bezala’ izeneko hitzaldia eskainiko du toki berean.
Alberto Villarreal: “Gerraren basakeriaren aurrean gelditzen zaigun baliabide bakarra osasun-sistema da”
2026/06/08 17:29
Ekhi Belar Errasti

Villarreal erizaina da eta, ‘Osasun-langileak genozidioaren aurka – Al-Ahli Arab Taldea’-ren bitartez (Israelek bonbardatutako ospitale baten izena da hori), batez ere osasungintzaren arlotik eskaintzen die laguntza palestinarrei. Izan ere, hori da gizakiaren azken muga, osasun-zerbitzu gabe, ez zaigu ezer geratzen, heriotza bakarrik, eta horrek guztioi eragiten digu.

 

‘Osasuna gerrako arma bezala’ izango da zure hitzaldiaren izenburua. Zer esan nahi duzu horrekin?

2023ko urriaren 7ko gertaeren aurretik, irailean, Palestinan egon ginen, Zisjordanian, Jericoko errefuxiatu-esparruan kolaboratzen. Handik irten ginenean egoera okertzen zihoala ohartu ginen eta, urriaren 7aren ondoren, Al-Ahli ospitalea bonbardatu zutela ikusita, osasun-langile bezala zerbait egin behar genuela pentsatu genuen. Izan ere, ikusten duguna da Israelek osasuna, gosea eta egarria suntsipen handiko arma bezala erabiltzen dituela. Ez dago hiru gauza horiek baino gehiago suntsitzen duen ezer. Gerraren basakeriaren aurrean gelditzen zaigun baliabide bakarra osasun-sistema da. Hori da azken babeslekua, bizitza eta heriotza banatzen dituen gauza bakarra. Hor jaio zen ‘Osasun-langileak genozidioaren aurka’, baina ez bakarrik Palestinan gertatzen ari denagatik, Libanon ere antzeko zerbait gertatzen ari delako. Munduko toki askotan egiten da osasun-sistemaren aurka zibilak beldurtzeko.

Ospitaleak bonbardatu dituzte, baina osasun-sistemaren aurkako erasoak haratago doaz, agian ez hain modu ikusgarrian. Horrek arriskutsuago egiten ditu?

Suntsipen handiko armak dira. Oso ikusgarria da bonbardaketak ikustea, baina benetako mina goseak, egarriak eta gaixotasunek egiten dute. Osasun-sistemak nolabaiteko ongizatea, gaixotasunak prebenitzen laguntzea eta hilkortasuna saihestea eskaini ahal dizkizu. Hiltzaile isila da. Osasun-sistemarik gabe, jendea poliki-poliki hiltzen doa, jendeak ezin duelako behar duena jaso. Gaur egun, ospitaleen suntsipen masiboaren ondoren Palestinan gertatzen ari dena da, ez bakarrik zauriak dituen jendea ezin dela artatua izan, baizik eta bestelako gaixotasunak dituen jendea edo tratamenduak jasotzen zituztenak ere zaindu gabe geratu direla, eta hiltzen joan direla. Gazatarren bizi-itxaropena 75 urtetik 35-40 urtera jaitsi da. Israelek hildako lagunen kopuruak aipatzen ditugu, 35.000 direla eta abar, baina Lancet bezalako argitalpen zientifikoek diote hildakoak 600.000 inguru izango direla. Zifra hori ez da inon agertzen.

Gaur egun, nolako osasun-baliabideak dituzte Gazan?

Israelek Gazako osasun-baliabideen % 96 suntsitu du, eta ia klinika eta ospitale guztiak izan dira kaltetuak. Berriz altxatzeko aukerarik gabe geratu dira eta zutik daudenek ia ez dute hornikuntza-elektrikorik. Beraz, ezin dituzte euren makinak piztuta eduki. Generadoreen bitartez funtzionatzen dute, baina zaila da. Horniduren sarrera blokeatuta dagoenez, beste ospitaletatik lortutako gauzekin aukera izanda ere, ezin dute operatu. Inkubagailuek, arnasgailuek, material elektromedikoek... ez dute funtzionatzen.

Zuen elkartea eta antzekoak noraino iritsi daitezke laguntza eskaini ahal izateko?

Gurea oso plataforma txikia da. Euskadi mailan kontzientziazio-lana egiten saiatzen gara eta baliabide-bilketak egiten ditugu UNWRA erakundeari emateko. Eurek Gazan bertan egiten dute lan osasun-langileekin eta bertako jendearekin. UNWRA Nazio batuen Erakundearen agentzia bat da, baina antzeko beste elkarte batzuek (Mugarik Gabeko Medikuak, adibidez) herrialdea laga beharko dute orain, Israelek euren kolaboratzaile eta langile guztien izen-abizenak ematera behartu dituztelako. Arazoa da Gazan ez dela edozein elkarte sartzen, oso zaila da. Adibidez, Zisjordanian guk geuk proiektuak ditugu, baina Gazan inoiz ezin izan gara sartu.

Palestinarrei babesa eskaintzeko ekintzen artean oso ezagunak egin dira flotillak eta zuk zeuk antolakuntzan hartu zenuen parte maiatzean. Nolako esperientzia izan zen?

‘Gazarako Martxan’ hartu genuen parte, Egipton egindako ibilaldian, baina atxilotu eta atzera bota gintuzten. Global Summud Flotillari dagokionez, ez ginen joan, baina itsasontziek eraman zituzten osasun-materialak prestatzen lagundu genuen. Flotilla bezalako ekintzak oso garrantzitsuak dira, Gazan gertatzen ari dena erakusten diotelako munduari. Oso karga sinboliko garrantzitsua dute, eraman daitekeen guztiaz gain. Gainera, palestinarrei laguntza morala adierazten zaie, bakarrik ez daudela sentiaraziz eta eurengatik zerbait egiteko prest dagoen jendea dagoela erakutsiz.

Maiatzeko eta orain dela aste batzuetako flotillak alderatuz, Israelen erantzuna ere aldatu egin dela ikusi da, azkenengoan askoz ere gehiago oldartu zirelako kideen aurka. Zigorgabe sentitzen dira?

Bai, guztiz. Mundu guztiak ikusten du Israelek zigorgabetzat ikusten duela bere burua, eta normala da. Nola sentituko zara, egindakoa egin ondoren, errepresaliarik jaso ez baduzu? Nazioarteko Justizia Gorteak kautelazko neurriak hartu ditu eta derrigorrez bete beharrekoak dira, baina ez dago neurriak betearazteko tresnarik. Hor dago paradoxa. Herrialde batek Israeli militarki aurka egin ezean, ez dago modu hertsatzailerik neurri horiek betearazteko. Flotillako kideekin lehen eta bigarren esperientziaz berbetan, maila kualitatiboan Israelek beste muga bat pasa duela diote. Torturak, tratu txarrak eta eraso sexualak gertatu dira oraingoan. Bestetik, Israelek arrazaren arabera erasotu du flotillako jendea. Hau da, europarrek edo estatubatuarrek tratu hobea jaso dute pertsona arrazializatuek baino. Egipton ere antzeko zerbait gertatu zitzaigun. Nire kasuan, zuria eta europarra naiz, eta tratua ez zen txarra izan, baina pertsona arrazializatuek tratu txarrak jaso zituzten.

Gazan bizi den egoeraren aurrean, noraino eutsi dezakete bertakoek?

Ez dakit, egia esan. Osasun-baliabiderik gabe, ez da ezer geratzen. Orain, Gazan erabili duten estrategia bera Libanon erabiltzen ari dira. Jendea ahal duen eta lagatzen dioten tokira mugituko da, baina ez dakit noraino eutsi dezaketen, horrela bizirautea ez delako posible. Bonbardaketak gertatzen zirenean, batzuek hiltzea eskatzen dute ezin dutelako gehiago aguantatu. Etsi egin behar duzu bizi nahi izanez gero. Ez dakit Gazak nolako etorkizuna duen Israelek presio horrekin jarraitzen badu. Orain hedabideetan ez dugu ikusten, baina Israelek erasoak egiten jarraitzen du eta uste dut ez dugula berriz ikusiko lehengo Gaza.

Hemendik inpotentziaz eta amorruz begiratzen diogu Palestinan gertatzen denari. Zer egin dezakegu horren aurrean?

Hasteko, ezin dugu Palestina ahaztu eta ezin dugu hau zigorrik gabe laga, epaitua izan behar da. Nire iritziz, maila kualitatiboan, Israelek naziek egindako krimenak gainditu ditu. Naziek krimen ikaragarriak egin zituzten, baina Nurenbergeko auzien ondoren eta abar, gaur egun arauak eta legeak ditugu, Nazioarteko Eskubidea bateratu zen eta orain badakigu zer egin daitekeen eta zer ez. Argi dago zer diren genozidio delitua, gizateriaren aurkako delitua eta gerra-krimenak. Israelek Nazioarteko Eskubideak urratu ditu. Horren aurrean, hemen, kaleko presioarekin jarraitu behar dugu, gure ordezkari politikoei Palestinaren alde lan egiteko esan, ezin da Israel zuritu gure enpresen bitartez (CAF jartzen da adibide bezala, baina beste askok saltzen die materiala, baita material belikoa ere), ezta kirol eta kultura ekitaldietan ere (Euskal Herriak solidaritate mezu garrantzitsua igorri zuen iazko Vueltan)... Ezin diogu utzi Palestina laguntzeari.