Besoak zabalik hartu dute Bartzelonan 'Txillarreko sukaldaria' dokumentala
Bartzelonara ere iritsi da ‘Txillarreko sukaldaria’ dokumentala. Joan den irailaren 9an aurkeztu eta proiektatu zuten lana Bartzelonako San Agustin auditoriumean, eta 80-90 lagun inguru bildu ziren emanaldian. Euskarazko ikus-entzunezkoa katalanezko azpitituluekin proiektatu zuten, eta ondoren, gaztelaniaz egin zuten solasaldia. Harrera beroa izan zuen ekitaldiak, eta Pello Rubio protagonistak, David Fernandez CUPeko kideak eta Rosa Lluch historialariak eta 2000. urtean ETAk hil zuen Ernest Lluch PSCko kidearen alabak parte hartu zuten bertan. Eneko Dorronsorok, Bartzelonako Euskal Etxeko arduradunak, egin zituen moderatzaile lanak.
Dokumentalaren egileek, Asier Ibaibarriagak (Ermua, 1973) eta Edurne San Martinek (Eibar, 1968), egin zuten aurkezpena. Txillarreko bilerak egin ziren garaia gogora ekarri eta dokumentalaren testuingurua azaldu zuten, lana proiektatu aurretik.
«Oso hunkigarria eta polita izan zen», azaldu du San Martinek. Bere esanetan, bertaratu zirenek «asko eskertu zuten» dokumentala katalanezko azpitituluekin ikusi ahal izatea. Solasaldian, besteak beste, elkarrengandik desberdin pentsatzen duten pertsonen arteko ezagutza, enpatia eta elkarrizketaren garrantzia izan zituzten hizpide. Ekitaldia txalo zaparrada batekin amaitu zen.
Duela urtebete …eta kitto!-ri eskainitako elkarrizketan azaldu zutenez, ‘Txillarreko sukaldaria’ Pello Rubiori egindako aitortza da. Liburuak eta dokumentalak 1999tik aurrera Txillarre baserrian egindako bilerak eta Rubiok haietan izan zuen rola jorratzen dituzte. Elgoibarko baserrian, politikoki elkarrengandik urrun zeuden pertsonak elkartu ziren bazkari eta otorduen bueltan, eta bilera haietatik bestelako elkarrizketa-gune batzuk sortu ziren.
Egileen esanetan, Rubiok ez zuen sukaldeko ardura hutsa izan; gatazka politikoaren erdian, elkarrizketarako eta elkarbizitzarako gune bat eskaintzeko zeregina ere izan zuen.
Dokumentala ikusgai dago …eta kitto!-ren webgunean.