Alex Ariznabarreta (Norman): "Sanjuanetan Eibarren jotzea berezia izango da"
- Bigarren diskoa aurkeztuko duzue kontzertuan. Nolako lana da?
Aurreneko diskoarekin konparatuz gero, bateriajolean aldaketa izan dugu, Gorkak taldea laga eta bere ordez Peñalba sartu da eta diskoaren grabazioa azken honekin egin dugu. Beraz, hori litzateke lan bien artean dagoen ezberdintasun nagusia. Hortik kanpora, beharbada lehenengo diskoa hau baino rockeroagoa da, uste dut bigarren lan honetan, doinuari begira barietate handiagoa dagoela.
- Eta abestietan zertaz diharduzue?
Diskoan zortzi abesti daude, "sorpresatxo" batekin batera. Berez sorpesa moduko hori Hitchcock-ek zuzendutako "Psicosis" filmaren gure interpretazio berezia da. Beste abesti guztietan zinema beltzeko filmeei buruz egiten dugu berba.
- Zinea asko gustatzen zaizuela argi dago: taldearen izena Norman Bates "Psicosis" pelikulako pertsonaiari zor diozue eta bigarren diskoaren izenburuan, berriz, pertsonaia horren azalean sartzen den aktoreari, Anthony Perkins-i erreferentzia egiten diozue…
Bai, Beñat oso zinemazalea da, asko gustatzen zaio zinea, batez ere zine beltza, hortik "Psicosis" pelikularen eragina. Pelikula horrekin hasi eta disko osoa fimeei eskaintzeko ideia berari bururatu zitzaion. Gurekin komentatu eta, proposamena gustatu zitzaigunez, aurrera egitea erabaki genuen eta horrela ekin genion bigarren lan honi.
- Sanjuanetako lehen kontzertua izango da gaur zuek emango duzuena, gainera zure herrian bertan… horrek ardura berezia sortzen dizu ala, alderantziz, lasaiago joko duzu?
Pixka bat gauza biak batzen direla uste dut, baina edozein modutan sanjuanetan Eibarren jotzea berezia izango da, horretan ez daukat zalantzarik. Gainera aspaldi ez dugu Eibarren kontzerturik eman, uste dut azkena Ryder tabernan-edo izan zela, pentsa!
- Lan berria kalean, uda gainean… nolakoak izango dira datozen asteak?
Ba, gaurko kontzertutik kanpora oraindik ez dugu emanaldirik lotu, baina gure asmoa ahalik eta kontzertu gehien ematea da, lana ezagutzera emateko joteko gogoa daukagu-eta.