Alex O’Dogherty umoregilearen ikuskizunak emango dio hasiera gaur Komediafest jaialdiari
Komediafest umore eta bakarrizketa jaialdiaren lehen edizioa biziko dugu aurten. Gaur, hilak 16, Alex O’Dogherty umoregileak Coliseo antzokian eskainiko duen saioarekin emango zaio hasiera La Algaban (Sevilla) jaiotako Nacho Prado eibartarrak bultzatutako ekimenari, eta irailetik azarora arte sei umore ikuskizun eskainiko dira, tartean Jon Plazaola, Sara Escudero eta Agustin Jimenezenak.
Alex O’Doghertyk estreinatu berri duen ikuskizuna ekarriko du gurera: ‘Palabras mayores’. Umoregile andaluziarrak urteak daramatza eszenatoki gainean, baita musikari eta aktore lanak egiten ere, eta Nacho Pradok ondo ezagutzen du. “Madrilen komunikazio-aholkularitzan eta ikuskizunen antolakuntzan egiten nuen lan, eta Alex O’Doghertyren marketing taldean lanean hasi nintzen. Horrela, kulturaren mundua barrutik ezagutu nuen”, azaldu digu.
Bizitzak, ostera, Eibarrera ekarri zuen. “Bikotea eibartarra dut eta, seme-alabak edukitzea pentsatu genuenean, Sevillara edo hona etortzea erabaki behar izan genuen… eta hemen gaude”, aitortu digu. Gauzak horrela, Eibarko eta Euskal Herriko idiosinkrasia ezagutzen joan zen, eta ikusi zuen euskara jakin barik zaila egingo zitzaiola komunikazioaren munduan bidea egitea. “Mundu guztiari gomendatuko nioke euskara ikastea”, diosku. Euskarazko berba batzuk badakizki, baina ikasi bitartean herriari zerbait eskaini nahi ziola pentsatu eta aukera bat ikusi zuen: umore jaialdi bat sortzea. “Euskadiko erdigunean bizi den jendea hiriburuetara joan behar izaten da umorezko ikuskizunak ikustera".
On Ekin-en bultzada
Ideia horrekin proiektua garatu zuen eta Ekingunek antolatzen duen On Ekin sarietara aurkeztu zen, publikoaren saria jasoz. “Horrek demaseko bultzada eman zidan proiektua aurrera eramateko”, aitortu digu Pradok. Beraz, buruan zuen ideia borobiltzen joan zen eta, azken xehetasunen faltan, prest du Komediafesten lehen edizioa.
Prado da proiektu horren burua, berea da ideia eta berak egin du ia lan guztia, baina alboan izan dituen laguntzaileen babesa eskertu nahi du. “Ekinguneko Leticia Sanchezek asko lagundu dit komunikazioaren arloan, eta elkarteko beste hainbat kidek ere laguntza eskaini didate. Oso eskuzabalak dira. Indibidualismoan baino, kolektiboan asko sinisten duen pertsona naiz”, diosku Ekingunek duen balioa nabarmenduz. “Gauza ezberdin asko egiten dituen jendea dagoenez, batak besteari laguntzeko aukera gehiago dago”. Horrez gain, Rafa Lucas lagunak arteari dagozkion lanak egiten laguntzen dio eta euskarazko itzulpenak bere neskalagunaren esku laga ditu. Beraz, Pradok dioen bezala, “antolakuntza ekonomikoa izateaz gain, artisau-lana izan da”.
Beste sei ikuskizun
Artisau-lan horrekin, O’Doghertyz gain, ezagunak diren beste sei umoregile etorriko dira irailetik azarora arte, Uni Eibar-Ermua Hezkuntza Esparruan egingo diren saioekin. Horrela, irailaren 13an, Julen Axpe arituko da 'Camino al existo' ikuskizunarekin; 27an, Jon Plazaola 'Tu-Tum, Platz' euskarazko saioarekin; urriaren 3an, Agustin Jimenez 'Generacional' lanarekin; 10ean, Sara Escudero 'Tiempo al tiempo' saioarekin; azaroaren 9an, Gorka Aginagalde 'A pelo' ikuskizunarekin; eta 22an, Carolina Noriega 'Gilipollas por el mundo' saioarekin.
Umoregile esanguratsuak ekartzeaz gain, Komediafest umorea egiten hasten ari diren eta euskal umoregileen bultzatzaile izatea nahi du Pradok. “Komediafest Euskal Herrikoa eta euskaldunena izan dadila nahi dut”, diosku.