Aliantza feministak dira ardatza M8 lantaldeak antolatu duen egitarauan

Emakumeen Nazioarteko Eguna ate joka daukagu eta, urteroko martxan, aurten ere hilabete osorako egitaraua prestatu du Martxoaren 8ko lantaldeak.
Aliantza feministak dira ardatza M8 lantaldeak antolatu duen egitarauan
2026/02/26 12:46
Silbia Hernandez Arrazola

Hain zuzen ere, Emakumeen Nazioarteko Eguna kolektiboki antolatzea eta egitarau bateratua osatzea da lantalde honen helburua, osatzen dutenen berbetan. Eta, asmo horrekin, azken hilabeteotan buru-belarri aritu dira lanean, Martxoaren 8rako programazioa prestatzen. Aurten ere, Eibarko emakumeen eskubideak eta berdintasuna erdigunean jarriko dira. Martxoak 8ko lantaldetik azaldu dutenez, “feminismoa aitortu eta indartzea da asmoa, eta, horretarako, askotariko jarduerak antolatu ditugu. Horien bidez, diskriminazio-egoerak agerian jarri eta gizarte-eraldaketa sustatu nahi da”.
Egitaraua parte-hartzaileek adostutako gai nagusi baten bueltan prestatu dute aurten ere: Arrate Kultur Elkartea, …eta kitto! Euskara Elkartea, Egoaizia GKKE, ENE Eibarko Nagusien Elkartea, Eibarko Klub Deportiboa (Mendia), Pagatxa emakume elkartea, Amakin Eibar eta Andretxea dira antolatzaileak, Eibarko Udalarekin batera. Horrela, 2026an, arreta berezia jarriko zaie Aliantza Feministei, “ikuspegi integratzaile eta dekolonial batetik landuta”. Ardatz gisa hori aukeratzeko arrazoiak ere azaldu dizkugute: “Feminismoa eraldaketarako tresna politiko, sozial eta ekonomikoa da. Gero eta konplexuagoak diren zapalkuntza eta botere egiturei aurre egiten die, eta diskurtso LGTBIfobo, arrazista eta klasistak gainditzeko lanean ari da. Horregatik, aliantza feministak sortzea eta indartzea proposatzen da, estrategia kolektibo gisa. Gaur egungo sistema zisheteropatriarkalak ikuspegi kapitalista, kolonialista eta arrazistak sustatzen ditu. Feminismotik, ordea, aldarrikapen eta proposamen bateratuak egin daitezke, LGTBIfobiarik eta arrazakeriarik gabeko gizarte baten alde. Helburua argia da: indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzea”. 

'Greba orokor feministarantz' erakusketarekin hasiko da programazioa
Egitaraua astelehenean, martxoaren 2an abiatuko da, David Beorlegui Zarranzek egindako Greba orokor feministarantz erakusketa zabaltzearekin batera. Martxoaren 31ra arte Andretxean ikusi ahalko den erakusketa honek ibilbide kronologiko eta tematiko bat proposatzen du, XIX., XX. eta XXI. mendeetan emakumeak protagonista izan diren hainbat mobilizazio-esperientzia publikoari hurbiltzeko. Erakusketa 09:00etatik 13:00era eta 16:30etik 19:30era bisitatu ahalko da.
Martxoaren 5ean (eguena), Amaieratik hasi. Euskal Feminismoa, aldaketarako paradigma liburua aurkeztuko dute Naia Torrealdai Mandalurizek eta Ekhiñe Petriatik, 18:00etan Andretxean. Liburu horretan Naia Torrealdaik feminismoetan bizirik dauden korapiloak izendatzen ditu, besteak beste. Ekhiñe Petriatirekin aurkeztuko du, eta, ondoren, gaiaren inguruko solasaldia egongo da (euskaraz izango da). 
Hurrengo egunean (martxoak 6, barixakua) Maria Villalobos Gilek genero-indarkeria aztertuko du, 18:00etan Andrexean hasiko den Aliantza estrategikoak genero-indarkeria bikario eta instituzionalak desagerrarazteko izenburuko hitzaldian (gazteleraz). 
Martxoaren 8ko mobilizazioak, zine-forum feminista, antzerki laborategi feminista eta emakumeen mendi ibilaldiak osatzen dute egitaraua, besteak beste.