ALICIA LANDA eta JOSE ANDRES GARCIA: “Gure bezero asko aurretik bezero izandakoen seme-alabak eta bilobak izan dira”
Hirurogeitalau urte bete berri dituen dendak gaur bertan itxiko ditu ateak, betirako. Bizitza osoa bertan beharrean eman duten Alicia Landa eta Jose Andres Garcia senar-emazteei ondo merezitako atsedena ekarriko die jubilazioak. Baina, horrekin batera, Juan Gisasola kalean horrenbeste urtetan egon den dendaren historia amaituko da.
Noiz eta zelan hasi zineten dendan lan egiten?
A: Gure aurretik nere gurasoak aritu ziren. Baina denda aurretik zabaldu zutenak Benito eta Alcoba senar-emazteak izan ziren, hortik dator Benicoba izena. 1960ko maiatzaren 12an eskatu zuten Udalean denda zabaltzeko baimena, eta baimen hori butanoa banatzeko bulego gisa aritzeko eskatu zen. Hortik aurrera, eboluzionatzen joan zen. Eibarrera bizitzera etorri zen kanpoko jendearen eskariari erantzuteko butano-aparatuak saltzen hasi ziren, gero elektragailuak sartu zituzten, eta horrela joan zen poliki-poliki hazten. Gero Luciano Larramendi sartu zen dendan, geroago nere gurasoak ere, bazkide gisa. Dendaren izenari eutsi zitzaion eta, gurasoak jubilatu zirenean, gu hasi ginen.
Biek elkarrekin lanean eman dituzuen urte hauetan, nolako aldaketak gertatu dira?
A: Sorreratik gaur arte, elektrotresnak beti egon dira presente dendak jarraitu duen lerro nagusian. Baina, horiekin batera, arlo ezberdinak ikutzen joan gara, sasoiaren arabera.
J.A: Nolabait bereiztearren, butanoarekin hasi ginen, baina gas naturala agertzearekin batera butanoak behera egin zuenez, gu ere gas naturalera pasatu ginen eta, horren ondotik gaur arte, elektrizitatea izan da nagusi.
A: Bai, baina bien bitartean beste gauza batzuk egin ditugu: sasoi batean bideokluba izan genuen, beste sasoi batean haurrendako kumak, aulkiak eta haurtxo-orgak ere saldu genituen, sukalderako altzariak... Eta Iberdrolaren arretagunea ere izan ginen.
Dendan gauzak salteaz gain, gailuen konponketak-eta zuek egiten dituzue?
J.A: Butanoa nagusi izan zen garaian bai, butano-berogailuak konpontzen genituen, etxez etxe. Baina, bestela, ez dugu elektrotresnarik konpontzen.
A: Konponketarik ez, baina guri zerbait erosi digun norbaitek konponketa edo moldaketaren bat egitea eskatzen badigu, adibidez hozkailua armairuan sartzen ez zaiolako, horrelakoak egin izan ditugu.
Urteekin asko aldatu dira etxerako erosten ditugun elektrotresnak?
J.A: Aldaketarik handiena telebistetan gertatu dela pentsatzen dut. Soinu-ekipoak ere izugarri aldatu dira, asko saltzetik ia ezer ez saltzeraino. Eta gailuak ere asko aldatu dira, mekanikoak izatetik erabat elektronikoak izatera pasatu dira.
A: Eta bezeroek beraiek sortutako premietan ere izugarrizko aldaketa eman da. Lehen luxuzkotzat jotzen ziren gauza asko gaur egun premiazkoak bilakatu dira jende askorentzat. Ontzi-garbigailuarekin gertatu da hori, adibidez. Lehen etxe bakoitzean telebista bakarra zegoen, eta gaur egun hiru edo lau telebista izatea ohikoa bihurtu da. Baina, edozein modutan, premia horiek jendeak sortutakoak dira, ez dira beharrezkoak berez.
Eta zuen bezeroak, horiek ere aldatzen joan dira?
A: Ez pentsa, azken batean bezeroak gizartearekin batera aldatzen joaten dira. Baina, gure kasuan, belaunaldi berriak gurera etortzen ikusi ditugu. Gaur egun gure bezero direnetako asko, aurretik bezero izandakoen seme-alabak eta bilobak dira.
Batez ere Eibarkoak dira, ala inguruko herrietatik ere etorri zaizkizue?
J.A: Nagusiki bezero eibartarrak izan ditugu, baina ingurutik ere asko etorri zaizkigu: Soraluze, Ermua, Deba, Mendaro, Elgetatik...
A: Eta Deban edo Donostian etxea daukaten bezero eibartarrei ere sarritan eraman dizkiegu haraino hemen erositako gauzak, pentsa! Ez dugu ahaztu behar Eibar eskualdeko burua izan dela, puntu neuralgikoa inguruko herrientzat, nahiz eta gaur egun gauzak asko aldatu diren. Baina beste sasoi batean toki askotatik etortzen ziren Eibarrera, hemen denetarik zegoelako, baina orain beste toki batzuetara, Eibartik kanpora joaten dira bila.
Hiriburuetan-eta zabaltzen joan diren merkataritza gune handiek kalte handia egin dizuete?
J.A: Orohar, denda txikiei ez diete mesederik egin. Hala ere, gure kasuan ez dut uste asko kaltetu gaituztenik. Azken batean, gure sektorean behintzat, jendeak nahiago izaten du ezagutzen duen norbaitengana jotzea arazoren bat sortzen zaionean, badakielako konponduko diola.
A: Bai, jendeak gertutasun hori asko estimatzen du. Zerbait hondatzen denean, iturginari edo dena delakoari zuk deitzea, zu guztiarekin arduratzea asko eskertzen dute. Batez ere norberaren etxera joan behar denean, badakielako gu joango garela, ezezagun bat joan beharrean.