Alkategaiei galdezka: Miguel de los Toyos (PSE-EE)
- Zer izan da azken legegintzaldiaren onena eta txarrena?
Onena: Krisi garaian ere, eta udal-talde batzuen jarrera pasiboa eta suntsitzailea izan den arren (txarrena izan dena), zerbitzu guztien eta euren kalitatea mantentzeko gai izan garela, eta txartoen pasatzen ari direnei zuzendutakoak sendotzeko. Hiriak etengabe aurrera egitea izan da gure jardunaren ardatz eta emaitzak bistan daude: Eibar modernoagoa, irisgarriagoa eta lehiakorragoa da, berrikuntza eta garapen ekonomikoa bultzatzeko baldintzak sortu (hor, esaterako, Polo teknologikoa) eta gure bizi kalitatea eta aisia hobetuko duten proiektuak bideratu ditugu (Eibarko ospitala, Errebal,...).
- Zeintzuk dira zuen programako bost puntu nagusiak? (programa osoa hemen)
- Enpresa sortu berrientzat laguntzak sortuko ditugu, aholkularitzari eta ura eta hondakinei lotutako gastuak ordaintzeko, eta Ipuruako merkatu plaza ekintzaileen beharretara moldatutako gune bihurtuko dugu.
- Berdegune eder handiak sortuko ditugu (Sakun, Mekola eta Ego errekaren ertzeko Pasealekua) eta hirigunea koexistentzia gune handi bihurtuko. Txaltxa Zelaiko eredua jarraituz, auzoetara hedatuko dugu parke estaliena, sarea osatuz.
- Eibar guztiz irisgarria izateko bidean, eskailera eta igogailu mekaniko berriak ipiniko ditugu, eta ematen diren laguntzak (igogailuak ipinitzekoak eta fatxadak konpontzekoak) bikoiztuko.
- Aparkaleku berriak egingo ditugu, besteak beste, Errekatxun (Aramberri), Ipuruan (Aizarna), Urkizun (Asua Erreka) eta Ubitxan. Errebalgo ekipamendua eta Institutuko parking-a egitean, bizilagunek erabiltzeko moduko plaza asko sortuko dira.
- Zein asmo duzue Eibarren euskararen egoera hobetzeko?
Amaitzear dagoena euskararen normalkuntzarako estrategia definitzeko legealdia izan da eta, datorrena, berau garatzekoa. Euskararen ezagutza erraztu eta erabilera bultzatzeko ekimenak gauzatuko ditugu, batez ere gazteen artean, euskararen ordenantza garatu eta betearaztearekin batera.