ALTXAU BURUA EIBAR: Teknologia berrien arduraz

Haur eta nerabeen artean teknologiaren erabilera arduratsua eta osasuntsua sustatzea dute helburu
2024/11/22 12:04
eta kitto!

Teknologia berrien zurrunbiloan sartuta bizi den gizartea gara, salbuespenak salbuespen. Etengabe iristen zaizkigu bizitza aldatuko dizkiguten gailu eta tresnak. Batzuek bat-bateko fenomenoak izaten dira, eta beste batzuk errotu egiten dira gurekin elkarbiziz. Datozen moduan onartzen ditugu, baina askotan ez dugu eurekin harreman egokia edukitzen asmatzen eta kolektibo zaurgarrienek jasaten dituzte elkarbizitza desegokiaren ondorio latzenak.

 

Euren seme-alabek pantailekin (smartphoneak, tabletak...) duten harremanarekin arduratuta, eta Gipuzkoako zenbait herritan arrakastaz garatu dituzten proiektuak oinarri hartuta, Eibarko guraso talde bat joan den urteko irailean elkartzen hasi zen gaiari nola heldu pentsatzeko. Abendu horretan gaian aditua den Miren Ros eibartarrak Ipuruako Merkatu Plazan hitzaldia eskaini zuen, “inspiratzailea izan zen”, euren berbetan, eta herri mailan teknologiarekiko ikuspegi kontzientea eta arduratsua garatzen hasi ziren.

Gipuzkoako antzeko mugimenduek Altxa Burua izena hartu zuten eta, eredu horri jarraituz, Eibarren taldea sortzea erabaki zuen helburu guraso taldeak. 50 herri inguruk osatzen duten Gipuzkoako sarearekin bat egin zuten, eta guztien artean teknologia arduraz erabiltzea eta euren seme-alaben garapena babestea helburu duen egitasmoa lantzen dihardute.

 

Altxau Burua Eibar

Oihane Sanz, Naiara Sarasketa, Sorkunde Ecenarro eta Eider Mugica dira Altxau Burua Eibar taldeko kide batzuk eta talde sortu berriaren jatorria, helburuak eta egingo dituzten ekintzak kontatu dizkigute.

Guraso talde baten kezkatik abiatu den mugimendua da Altxau Burua, baina kezka horri erantzuna emateko erakunde publikoen eta ikastetxeen parte-hartzea ezinbestekoa dela uste dute. “Argi dugu ekintza batzuk guk geuk egin behar ditugula eta lanketa sakonena guk egin behar dugula, baina ezinbestekoa da denen kolaborazioa”, Mugicak dioskunez. “Gurasoen kontua da hau, erabaki pertsonalak dira, baina taldeetan berba egiten dugunean antzeko arazoak ikusten ditugu. Beraz, goazen talde-lana egitera eta familia-sare bat sortzera”, gehitzen du Sarasketak.

Lehen harremanak irailean egin zituzten arren, urtarrilean hasi ziren lan serioagoa egiten eta, nondik jo jakiteko, herriko egoeraren diagnostikoa egin zuten lehendabizi eskoletan inkestak eginez. “Ume batzuek 6-7 urterekin jasotzen dute lehen smartphonea, baina oroko rrean DBH-ra ematen den jauzian jasotzen dute”, azaldu digute. “Beraz, adin hori atzeratzea da gure nahia”.

Seme-alabek teknologiarekin harreman arduratsu eta osasuntsua eduki dezatela nahi dute gurasoek, baina horretarako ezinbestekoa iruditzen zaie gurasoek ere teknologiarekin arduraz eta kontzientziaz jokatzea. Horrela, denbora honetan hainbat hitzaldi antolatu dituzte aditu eta espezialisten laguntzarekin, eta gurasoek eta hezitzaileek haien kezkak eta galderak partekatzeko aukera izan dute, arduraz jokatzeko jarraibideak jasoz. “Azken batean, gurasoak gara, ez gara gaian adituak”, diosku Mugicak.

 

Helburu nagusiak

Altxau Burua Eibar taldearen nahia haur eta nerabeen artean teknologiaren erabilera arduratsua eta osasuntsua sustatzea da eta hiru helburu nagusi dituzte. Batetik, ume eta gazteei Interneterako sarbidea duten gailuak emateko unea atzeratzea. “Gailu hauek gazteenei emateko momentu egokia zein den gehiago pentsatu nahi dugu; horretarako, guraso eta familietan kontzientzia areagotu nahi dugu”, diote.

Bigarren helburua eskolak mugikorrik gabeko espazioak izatea da. “Eskolak eta beste aisialdi espazioak teknologiatik libre mantendu nahi ditugu, haurrek arreta beste jarduera batzuetan jar dezaten eta ikasteko eta sozializatzeko espazioak osasuntsuagoak izan daitezen”, zehazten dute.

Zentzu horretan, ikasturte honen hasieran ‘Mugikorrik gabeko Arnas Gune’ dioten kartelak banatu zituzten herriko eskoletan. “Gurasoek umeak eskolara eta eskolatik jasotzeko uneetan mugikorra alde batera uzteko deia egin dugu, eta horrela eskolako espazioa mugikorretatik libre izatea bultzatu nahi dugu”, diote. Gainera, Eibarko Udalarekin elkarlanean, haurrek marrazketa eta zeramikarako duten denbora kreatibitatean erabat murgiltzeko aukera izan dezaten, jarduera horiek mugikorrik gabeko espazio bihurtu dituzte.

Taldearen hirugarren helburua helduek eta gazteek teknologia arduraz erabiltzeko prestakuntza jasotzea, eta familiak eredu izatea da. “Teknologia arduraz erabiltzeko gaitasuna ez da berez sortzen, eta familiak eredu izatea funtsezkoa da. Horregatik, gurasoekin eta haurrarekin prestakuntza eta kontzientziazio ekintzak bultzatu nahi ditugu”, azaltzen dute.

 

ZEOS programaren eta merkatarientzako kanpaina

Azken helburu horrekin lotuta dago abenduaren 2an, 3an, 9an eta 10ean garatuko duten tailerra. Gaian adituak diren Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal izango dira hizlariak eta ZEOS programa aurkeztuko dute bertan, teknologia arduraz erabiltzeko bideak eta osasuntsu jokatzeko baliabideak azalduz. “Oso hizlari onak dira”, Ecenarroren ustez.

Saioak Coliseo antzokian egingo dira, 18:00etatik 20:00etara, eta gurasoak eta hezitzaileak saio guztietara joatea gomendatzen dute. Parte-hartzea doakoa izango da, baina Udalaren webgunean dagoen formularioa bete beharko da aurretik (https://formularioak.eibar.eus/eu/zeosprograma).

Ekintza horrez gain, herriko merkatariekin batera beste proiektu bat garatu nahi du Altxau Burua taldeak. “Gazteei mugikorra emateko arrazoietako bat izaten da,  kalean zerbait gertatzen bazaio, gurasoei abisatzeko aukera edukitzea”, esan digu Sanzek. Arlo horri beste modu batean heltzeko, ‘Gurea erabili zeinke’ kanpaina jarri nahi dute martxan, herriko saltokietan gazteek larrialdietan telefono bat erabili ahal izateko. Horrela, kanpainarekin bat egiten duten saltokiek ‘Gurea erabili zeinke’ dioen pegatina bat jasoko dute, eta honek saltoki horretan telefonoa eskuragarri dagoela adieraziko du.

 

 

Ez teknologiaren aurka

Guraso taldeak beso zabalik hartuko lituzke ekimenean lagunduko luketen kide berriak eta zenbait bide daude eurekin harremanetan jartzeko. Batetik, eibar@altxaburua.eus helbidera idatzi daiteke, eta bestetik Instagram kontua zabaldu dute taldearen eta gaiaren inguruko informazioa zabaltzeko: @altxauburuaeibar. “Kontrajarria dirudi aipatu dugun guztia esan eta gero sare sozialetan kontua zabaltzea, baina argi laga nahi dugu ez gaudela mugikorren eta horrelakoen kontra. Are gehiago, gauza on asko eskaintzen dituzte. Euren erabilera arduratsu eta osasuntsua besterik ez dugu sustatu nahi”, zehazten du laukoteak.