Altxau Burua taldea sortu dute teknologiaren erabilera arduratsua eta osasuntsua sustatzeko
Gaur goizean aurkeztu dute Altxau Burua Eibar taldea. Eibarko eskola ezberdinetako guraso talde batek bultzatu duen ekimena da eta helburua gure herrian dute teknologiaren erabilera arduratsua eta osasuntsua sustatzea da.
Orain dela urtebete inguru, Miren Ros gaian aditua den eibartarraren hitzaldi “inspiratzaile” bat entzun ostean hasi ziren martxan gurasoak. “Hitzaldi horrek kezka bera partekatzen genuen guraso batzuk elkartu gintuen, eta horrela hasi ginen herri mailan teknologiarekiko ikuspegi kontzientea eta arduratsua garatzen”, azaldu dute Altxa Buruakoek.
Taldeak azaldu duenez, “teknologiaren erabilera arduratsua eta osasuntsua sustatzea guztion ardura dela uste dugu, eta horregatik, helduok eredu izan behar dugu. Gure seme-alabei ikuspegi kontzientea eta jarrera arduratsua helarazi nahi diegu. Denon artean, teknologia modu osasuntsu eta egokian erabiltzeko bidea lor dezakegu. Horregatik, Altxau Burua Eibar taldeak Eibarko komunitate osoaren parte-hartzea eta babesa eskertzen du”.
Orain arteko bidea
Taldea sortzeko bidean, Altxa Burua Gipuzkoako sarearekin bat egiteko gonbidapena jaso zuten eta gaur egun 73 herri baino gehiagorekin batera saretuta daude, “guztien artean teknologia arduraz erabiltzea eta gure seme-alaben garapena babestea helburu duen egitasmoa lantzen”, azaldu dutenez.
Horretaz gain, hainbat ekintza burutu dituzte Eibarko guraso eta eskolekin:
- Inkestak eta diagnostikoak: “Eibarko eskola desberdinetan inkestak egin ditugu, herriko egoera hobeto ezagutzeko. Horien bidez, gure seme-alaben teknologiaren erabilera nolakoa den ulertzeko lehen diagnostikoa lortu dugu”.
- Hitzaldiak eta prestakuntza saioak: “Teknologia arduraz eta kontzientziaz erabiltzea bultzatzeko, hainbat hitzaldi antolatu ditugu aditu eta espezialisten laguntzarekin. Gurasoek eta hezitzaileek haien kezkak eta galderak partekatzeko aukera izan dute, eta arduraz jokatzeko jarraibideak jaso dituzte”.
- Uda garaiko erronka: “Udako oporraldian, mugikorraren erabilera egokia sustatzeko erronka antolatu genuen. Ekintza hau gurasoen elkarteen bidez”.
Hiru helburu nagusi
Aipatutakoaz gain, beste hiru helburu ditu Altxau Burua taldeak:
- Ume eta gazteei Interneterako sarbidea duten gailuak emateko unea atzeratzea: “Gailu hauek gazteenei emateko momentu egokia zein den gehiago pentsatu nahi dugu; horretarako, guraso eta familietan kontzientzia areagotu nahi dugu”.
- Eskolak mugikorrik gabeko espazio izatea: “Eskolak eta beste aisialdi espazioak teknologiatik libre mantendu nahi ditugu, haurrek arreta beste jarduera batzuetan jar dezaten eta ikasteko eta sozializatzeko espazioak osasuntsuagoak izan daitezen”.
- Helduek eta gazteek teknologia arduraz erabiltzeko prestakuntza jasotzea, eta familiak eredu izatea: “Teknologia arduraz erabiltzeko gaitasuna ez da berez sortzen, eta familiak eredu izatea funtsezkoa da. Horregatik, gurasoekin eta haurrarekin prestakuntza eta kontzientziazio ekintzak bultzatu nahi ditugu”.
Nola jardungo dute?
Helburuak horiek izanda, horrela jardungo du Altxau Burua taldeak:
- Saretuz eta elkarlanean jardunez: “Helburu berak ditugun beste guraso eta herriekin bat egitea ezinbestekoa da; elkarrekin aritzeak, norabide berean pausoak ematea errazten du. Bakarka baino, errazagoa da gure helburuak kolektibo bezala lantzea, eta guztiok lagundu dezakegu aldaketa honetan”.
- Eredua izanez: “Gurasoek eta helduek eredugarri izan behar dugu teknologia arduraz eta kontzientziaz erabiltzeko. Geu ondo prestatzeak eta gure haurren aurrean erabilera arduratsua izateak haiengan eragina du. Beraz, guraso bezala geure gain hartzen dugu gure eredua lantzea eta haurrei bide egokia erakustea”.
- Hezkuntza digitala egokia sustatuz: “Gai honetan denok dugu ikasten eta hezitzen jarraitzeko beharra. Horregatik, hezkuntza digitalaren arloan ere gure seme-alabei tresna egokiak emateko prestatu behar dugu geure burua, baliabideak eta gaitasunak eskainiz.”
Hemendik aurrerako ekintzak?
Gauza zehatzetara joanda, zenbait ekintzak prestatu dituzte abendurako. Eta horrez gain, euren helburuetan interesa duen edozein erakunde edo taldeekin elkarlanean jarduteko prest daude. Horretarako, Instagramen kontua zabaldu dute eurekin harremanetan jarri ahal izateko:
- Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal adituen hitzaldi berezia: “Datorren abenduaren 2, 3, 9 eta 10ean jardunaldi bereziak antolatu ditugu Coliseoan, Eibarko Udalaren babesarekin. Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal adituak Eibarrera etorriko dira eta ZEOS programa aurkeztuko dute, teknologia arduraz erabiltzeko bideak eta osasuntsu jokatzeko baliabideak azalduz. Guraso eta hezitzaile guztiak gonbidatuta daude, eta sarrera doakoa izango da, baina aurrez izen-ematea beharrezkoa da”.
- Eibarko merkatarientzako kanpaina: ‘Gurea Erabili Zeinke’: “Herriko merkatariak kanpaina honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Ekimen honen bidez, herriko saltokietan gazteek larrialdietan telefono bat erabili ahal izango dute. Horretarako, kanpainarekin bat egiten duten saltokiek “Gurea Erabili Zeinke” dioen pegatina bat jasoko dute, eta honek saltoki horretan telefonoa eskuragarri dagoela adieraziko du. Gipuzkoako beste herri askok hilabeteak daramatzate ekimen hau martxan, eta erabilera arduratsua izaten ari dela baieztatu dute. Parte hartu nahi duten merkatariek eibar@altxaburua.eus helbidera idatz dezakete informazio gehiago jasotzeko eta materiala eskuratzeko”.