Urtebetean Eibarko segurtasunak hoberantz egin duela dio Udalak

Urtebetean Eibarko segurtasunak hoberantz egin duela dio Udalak
2025/10/23 12:54
eta kitto!

Eibarko Udalak aurkeztutako datuen arabera, udalerriko segurtasunak joera positiboa izan du 2025eko udan. Herritarren Segurtasunaren Foroko azken bileran, Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, enpresetan eta etxebizitzetan izandako lapurreten kopurua jaitsi egin da aurreko urteko udarekin alderatuta. Udalak hobekuntza hori Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazio estuagoari eta prebentzio-lanen sendotzeari lotu dio.

Ertzaintzak emandako datuen arabera, ekainean bi lapurreta izan dira etxebizitzetan, uztailean bat ere ez eta abuztuan bost. Enpresetan, berriz, ez da lapurretarik erregistratu uda honetan. Aisialdiko lokaletan ere beherakada izan da: lau lapurreta izan dira ekainean, lau uztailean eta bi abuztuan.

Trastelekuetan, aldiz, igoera izan da. Udalak azaldu du horixe dela orain arteko delitu ohikoena, eta Ertzaintzak zein Udaltzaingoak elkarlanean ari direla kasu horiek argitzeko. Irailaren 22ra arte, Poliziak 44 kasu argitu ditu, eta ikerketa-lerroak zabalik jarraitzen du.

Etorkizunari begira, Udalak iragarri du hiriaren sarrera eta irteeretan trafiko-kamerak jarriko dituela, bide-segurtasuna eta zaintza-sistema hobetzeko asmoz. Era berean, auzozain berriak lanean hasiko dira datozen asteetan, hurbileko arreta eta prebentzio-lana indartzeko helburuarekin.