Eibarko Udal Artxiboak Gernika Batailoiko kideen izen-zerrenda plazaratu du

Eibarko Udal Artxiboak Gernika Batailoiko kideen izen-zerrenda plazaratu du
2025/10/23 12:33
eta kitto!

Eibarko Udal Artxiboak Gernika Batailoiko kideen izen-zerrenda jarri du herritarren eskura, Andrés Prieto Arana tenientearen artxibo pertsonalean aurkitutako dokumentuei esker. Fitxategi horretan, geroago Gernikako Batailoia osatuko zuten Euskal Brigadako kideen izenak daude jasota.

Aurten 80 urte bete dira Pointe de Graveko gudua gertatu zenetik. Borroka hartan, Gernika Batailoiak alemaniarrek hartutako gune estrategiko bat askatzeko parte hartu zuen, eta bost kide galdu zituen.

Batailoi hori 1945eko urtarrilean sortu zen, Heliodoro de la Torrek antolatuta. Frantziako armadaren barruan kokatutako euskal unitate hura erbestean zeuden hainbat ideologiatako euskaldunek osatu zuten, nazien inbasioari aurre egiteko asmoz.

Gernika Batailoiak Frantziaren askapen-prozesuan eginkizun garrantzitsua izan zuen, bereziki Bordele inguruko azken erasoetan. Hala ere, garaipenaren ostean, unitatea formalki desegin zen 1945eko irailaren 30ean.

Eibarko Udal Artxiboaren ekimenak memoria historikoa berreskuratzeko eta euskal gudari haien ibilbidea ezagutzera emateko urrats berria ekarri du.

 

Iturria: Eibarko Udal Artxiboa