Amaia Gorostiza SD Eibar-en presidenteak kargua laga eta Jon Ander Ulaziak hartuko du bere tokia

Egungo Administrazio Kontseiluak 2027ra arte jarraituko du lanean, agintaldia amaitu arte, trantsizio ordenatua bermatzeko
Amaia Gorostiza SD Eibar-en presidenteak kargua laga eta Jon Ander Ulaziak hartuko du bere tokia
(Argazkia: Juan Herrero / EFE)
2026/11/09 11:53
Ekhi Belar Errasti

Amaia Gorostizak SD Eibar-en presidentetza utziko du hamar urtez klubaren buru izan ostean. Klubaren arabera, Gorostizaren agintaldian epe luzerako ikuspegia eta kudeaketa zorrotza izan dira ardatz, SD Eibar erakunde sendo eta jasangarri gisa finkatzeko helburuarekin.

Hamar urte hauetan, SD Eibar-ek bere oinarri instituzionalak indartu eta hainbat proiektu estrategiko bultzatu dituela dio klubak. Horien artean, Areitioko Kirol Hiria nabarmentzen da, SD Eibar-ek bere jabetzan duen lehen ondare handia. Klubak azpimarratu du Gorostizak antolakuntza sendoa eta etorkizunari bermeekin aurre egiteko prestatua uzten duela, gertutasunean, gardentasunean eta erantzukizunean oinarritutako lan-kulturarekin.

Administrazio Kontseiluak eskerrak eman dizkio Gorostizari, klubari eskainitako hamar urte hauetan erakutsitako dedikazioagatik, konpromisoagatik eta lidergoagatik. Haren lana SD Eibarren historian arrasto sakona utzi duela nabarmendu du.

 

Jon Ander Ulazia, presidente berria

Presidentetza Jon Ander Ulaziak hartuko du, azken urteotan klubaren proiektuaren garapenean funtsezko eginkizuna izan duen kontseilari delegatuak. SD Eibar-ek adierazi du klubaren barruko ezagutza sakonak eta zuzendaritza-organoetan izandako esperientziak jarraitutasuna bermatuko dutela. Gorostizarekin batera aritu da erakundearen bilakaera markatu duten proiektu nagusien estrategia zehazten eta gauzatzen.

Ulaziak kirol-kudeaketaren sektorean ibilbide nabarmena du, eta, SD Eibar-en kontseilari delegatu izateaz gain, LaLiga-ko bigarren presidenteorde ere bada. Klubaren iritziz, esperientzia horrek, lurraldearekiko loturak eta futbolaren industriaren ezagutzak balio erantsia emango diote etapa berriari.

Klubak azaldu duenez, aldaketa egonkortasun instituzional, ekonomiko eta kirol-egoera sendo batetik egingo da, hazkunde jasangarriaren aldeko ildoari eutsiz. Egungo Administrazio Kontseiluak bere eginkizunei eutsiko die agintaldia 2027an amaitu arte, eta ondorengotza ordenatua bermatuko du.