Amaia Rodriguez, Beldur Barik Lehiaketan sariduna: "Lanean zeinu hizkuntzaz baliatu gara"
- Zelan animatu zinen parte hartzera?
Kazetaritza egiten diharduen lehengusinak bultzatuta. Batez ere, jakin genuenean Euskadi mailan jokoan zegoen saritik aparte, Eibarko onenak
ere saria jasoko zuela.
- Asko kostatu zitzaizuen egitea? Denbora asko eskatu zizuen?
Azken orduko erabakia izan zen. Ideia hartu, testua prestatu eta asteburu bateko kontua izan zen.
- Jende askoren parte-hartzea behar izan zenuten?
Inguruko jendea konprometitu genuen. Amama konbentzitzea izan zen zailena, baina bera ere animatu zen.
- Zer adierazi nahi izan duzue zuen lanean?
Zeinu-hizkuntzaz baliatu gara, horrekin erakusteko -ezintasunak ezintasun- badirela bideak oztopoei aurre egiteko eta komunikatzeko zailtasunak saihesteko. Indarkeria egoeratik irtetzeko bideak badirela adierazi gura izan dugu.
- Halako beste lanik egin duzu aurretik?
Itzulpengintza ikasten dihardut eta bideoaren mundutik aparte ibili naiz. Bazegoen ni baino iaioagorik arlo horretan.
- Dena dela, esperientzia aberasgarria izango zen...
Asko. Batez ere, sari-banaketaren ekitaldian entzun nituenei esker jabetu nintzen zein gertu ditugun askotan benetako egoera latzak. Andretxeakoek hainbat esperientzia jakinarazi ziguten eta herriko jendea horrelakoetan inplikatuta dagoela ikusteak gertutik eragiten dizu.
- Asmorik bai halako beste zeozer egiteko?
Aukerarik balego, zergatik ez? Honen aurretik ere ez nuen nire burua halako batean ikusten.
- Hurrengo erronkek, dena dela, beste bide batetik eramango zaituzte, ezta?
Aurten amaituko dut Itzulpengintza eta, ondoren, Irakaskuntza Masterra egiteko asmoa dut.
- Epe luzera, zer gustatuko litzaizuke egitea?
Interpretazioan jardun nahiko nuke, baina zaila dago asuntoa, plaza gehienak beteta baitaude.