AMAIA TELLAETXE: “Zentzumenek sentiarazten didatena margotzen dut”
Gaur arratsaldean inauguratuko du Amaia Tellaetxe artista eibartarrak erakusketa Untzaga gizarte etxean. Margotu dituen koadrorik berrienak biltzen dituen erakusketa irailaren 15era arte ikusi daiteke, astelehenetik barixakura, 19:15etik 21:00etara;
eta zapatu eta domeketan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.
Noiz eta nola hasi zinen koadroak margotzen?
Betidanik margotu dut, umetatik izan dut horretarako zaletasuna. Lehenik pintura artistikoa ikasi nuen, Paulino Larrañagarekin. Eskulturak eta egurrezko taillak egiteagatik ezagutzen dute askok, baina mar- gotzen ere oso ona izan zen, eta nik zazpi urte eman nituen berarekin, bere eskolan ikasten.
Damaskinatzen ere badakizu. Nork irakatsi zizun?
Hasieran Maria Jesus Portillo hasi zen erakusten, baina gaixotu eta hil egin zen, eta bere ordez Maria Asun Nogues sartu zen eskolan, eta orduan berarekin jarraitu nuen ikasten. Bakoitzarekin hiru urte egin ni- tuen. Amak hilero-hilero ordaintzen zuen, nik eskolan damaskinatua ikasi eta titulua atera ahal izateko. Eta sei urte horietan arratsaldez Txontara joaten nintzen, hango tailer batean lan egin eta ikasten jarraitzeko.
Irakasle on asko izan dituzu orduan...
Bai. Pinturan, Marina Barrena ere izan nuen irakasle, beste teknika batzuk ikasi nahi nituelako. Paulino oso margolari ona zen, marrazkilari bikaina, baina nik gauza berriak ikasi nahi nituen. Marinak Arte Ederretako titulua zuen, eta urtebete egon nintzen berarekin, beste teknika batzuk ikusi eta ikasteko.
Erakusketan dauden koadroak ikusita, zeure-zeurea den margotzeko estiloa daukazula esan liteke. Hala uste duzu zuk ere?
Zientzia asko gustatzen zait. Mineralak, zulo beltzak, Stephen Hawking zientzialaria... bere lanekin ikasten joan naiz. Nire koadro eta marrazkietan sentitzen dudana adierazi nahi dut, naturan eta zientzian inspiratzen naiz. Bi horiek ardatz ditudala, zentzumenek sentiarazten didatena margotzen joaten naiz.
Teknika bereziarekin margotutako lanen bat ere ekarri duzu, jendeak ikusteko.
Bai, koadroetako batean metala dagoela konturatuko dira erakusketara datozenak, hori egiteko beste teknika bat erabili dut. Armeria Eskolan izan nuen beste irakasle batek, Etery Prietok irakatsi zigun eztainua nola erabili. Berarekin ikasitako teknika hori erabili dut geisha baten irudia margotzeko.