Iñigo Astiz: “Idaztea ezagun zaizkizun gauzen atzean ezezagun zitzaizun zerbait topatzea da”
Lehen ipuin-bilduma duzu. Zerk motibatu zaitu ipuinak idaztera?
Zehazki ipuinak, umetatik idatzi izan ditut, eta, geroztik ez diot sekula erabat utzi hori egiteari. Beraz, kasu honetan ez da ipuinak idaztea berri zaidana, haiek liburu formatuan argitaratzea baizik. Aurrez poesia liburu batzuk, kronika liburu bat, eta umeentzako klase bateko eta besteko hainbat lan ere eman ditut argitara, eta ez dut uste ipuin liburua aurreko lan horietatik bereizitako ezer denik. Idaztea bera da niretzat interesgarriena, jarduna, eta idazten aritzen naizenez gero, azkenean, goiz ala berandu —gehienetan berandu— beti agertzen da liburu izaten buka dezakeela sentitzen dudan testu multzoren bat.
Nolakoa izan da idazketa-prozesua?
Idaztea, niretzat, beti da ezagun zaizkizun gauzen atzean ezezagun zitzaizun zerbait topatzea. Sorpresa une horregatik idazten dut. Hor zegoenik ere ez nekien hori topatzen duzunean sentitzen duzun harridura eta poz edo susto horregatik. Liburuan badaude aspaldi idatzitako ipuinak, adibidez, eta badaude jadanik ipuin multzo hori liburu bilakatzeko bidean zela sortutako beste testu batzuk ere. Idazten eta berridazten joaten zait denbora, egia esan, harik eta, azkenean, inprentak prozesu hori eteten duen arte. Jartzen eta kentzen aritzen naiz. Hori gustatzen zait. Bide hori batzuetan nekeza da, batez ere, teklatu aurrean eseri, eta, lan egin arren, sorpresa une horiek agertzen ez direnean, edo beti toki ezagunetara heltzen amaituko duzula sumatzen duzunean, baina, beste batzuetan aurkikuntza uneak ere izaten dira, eta hori izaten da ederrena.
«Nik mundua horrela bizi dut, egia esan, pixka bat umorez eta pixka bat deseroso, eta dena aldi berean».
Hamasei ipuin oso desberdin bildu dituzu. Elkartzen ditu hariren batek?
Bai, baina ez dakit argi formulatzen zeinek. Aspergarri xamarra egiten zait aurrez ezarritako eta pentsatutako bide bati jarraitzen dioten testuak idaztea. Kazetaria naiz, eta hori da nire lanbidea. Gertatu den zerbait, demagun, albiste edo erreportaje formatura errenditzea. Eta akaso horregatik saiatzen naiz lanetik kanpoko testuekin bestelako bide bat egiten. Aldiro gertatzen zait. Zerbaiti buruzko ipuin bat idatzi behar nukeela pentsatuz gero, gehien-gehienetan hilda jaiotzen da ideia hori, nolabait ere, testuan agertzen doazen esanahaiei eta ezaugarriei adi egon beharrean, haiei entzungor egin, eta soluzio formal bat bilatzen hasten naizelako. Hori egiten dudanetan, bide erdian aspertu egiten naiz gehienetan, eta bukatu gabe geratzen dira ipuinak. Itsu-mustuan hasten ditudan ipuinetan, ordea, uneren batean, aspalditik buruan nerabilen beldur, ilusio edo mamuren batek hartzen du indarra, eta orduan hasten dira niretzat idazteko prozesua interesgarri egiten duten elementuak azaleratzen.
Nola erabakitzen duzu istorio bakoitza nola kontatu? Nola neurtzen duzu zer kontatu eta zer ixildu?
Hain justu ere hori izaten da erronka. Nola egin jakingo banu, seguruenik, ez nukeen bidea hasi ere egingo, edo, okerragoa dena, interesik gabe egingo nukeen.
«Hutsune horiek, niretzat, oso emankorrak izaten dira, hutsune horietara irakurleak bere barnetasuna isurtzen duelako».

Ez dut uste ezer lortzeko bitarteko bat direnik niretzat; literatura sortzeko dudan moduaren sorburuan bertan dauden elementuak dira. Nik mundua horrela bizi dut, egia esan, pixka bat umorez eta pixka bat deseroso, eta dena aldi berean. Badago aipu oso polit bat, uste dut Jonas Trueba zinemagilearena, esaten duena maitasun film gehienetan lehenik pelikula pentsatzen dutela, eta gero, nolabait, saiatzen direla maitasuna gehitzen. Baina, noski, horrela ezin da film batean maitasuna irudikatu, eta interesgarriagoa da filma maitasunarekin egiten saiatzea, horrek agian eramango duelako filma maitasunezko bilakatzera. Umorearekin eta deserosotasunarekin antzeko zerbait egiten dut nik ere.
Nola eusten zaio umorearen eta seriotasunaren arteko korapiloari? Eta literaturaren eta errealitatearen artekoari?
Bi kezka horiek oso propio ditut, eta denbora askoz izaten ditut buruan bueltaka. Niretzako idazteko jardunean jarraitzera lotzen nauten bi galdera handi dira horiek, eta korapilo horietan jarraitzea bera iruditzen zait interesgarriena, neure burua haiei buruzko soluziorik topatzera behartu beharrik gabe.
Zer ari zara irakurtzen une honetan, gomendiorik?
Samantha Schweblinen 'El buen mal' pasada bat iruditu zitzaidan, Ane Zubeldiaren 'Kontra' poema liburu zoragarria da, Unai Elorriagak itzuli duen Seuman O'Kelly idazle irlandarraren 'Ehulearen hilobia' nobelarekin aspaldiko irakurraldirik onena izan nuen udan, eta Asier Mendizabal artistak Bilboko Arte Ederren museoan duen erakusketarako idatzitako katalogoko testua ere, adibidez, bere testuak izan diren bezala, zoragarria da.

