Gaur zabalduko dute Untzagako txirrista erraldoia
Gaur, abenduak 19, jarriko da martxan Untzaga plazako txirrista erraldoia, 17:00etan. Duela urte batzuk Errebalen jartze zen izotz-pistaren ordezkoa da elurrezko mendia irudikatzen duen txirrista. Iaz jarri zuten estreinakoz plazan, eta ekimenaren balorazio positiboa egin zuen Udalak.
Atrakzioak ez du adin-mugarik bertara igotzeko eta 3 euro ordainduta lau jaitsiera egiteko aukera dago. Instalazioa urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik.
Gabonetako jarduerak
Txirrista erraldoiaz gain, beste hainbat jarduera antolatu ditu Udalak. Alde batetik, txiki-parkea abenduaren 26an irekiko dute Astelena frontoian. Parkea abenduaren 26, 27, 29 eta 30ean egongo da zabalik, eta baita urtarrilaren 2an eta 3an ere. Sarrerak 3 euro balioko du, edo doan izango da Eibar Centro Comercial Abierto bonua dutenentzat. Bestetik, haurrentzako atrakzioak izango dira Txantxa Zelai eta Anbulatorio inguruan.
Ohitura den bezala, Olentzerok postontzi bat izango du Pegoran eta Portalean abenduaren 23ra arte, eta abenduaren 24an kalejira egingo du Urkizutik abiatuta, 11:30etik aurrera, Juan Bautista Gisasola eta Adolfo Jainaga Musika Eskoletako ikasleek lagunduta. 12:30etik aurrera, Olentzerok haurrei harrera egingo die Udaletxean, azken gutunak jasotzeko.