Ameli ipuin-kontalaria: “Oso gazte maitemiendu nintzen kontalaritzarekin eta, kontalari gisa ere, hala jarraitzen dut”
Zer aurkituko du publikoak Eibarko emanaldian?
Helduentzako ipuin-kontaketa bat izango da. Aurreiritziengatik askotan kostatu egiten zaigu pausoa ematea, baina jendea animatuko nuke esperienzia hau bizitzera: ipuinak umeekin lotzen ditugu, baina kontalaritzak tradizio handia izan du helduen artean ere. Garai batean, helduak elkartu eta istorioak partekatzen zituzten, eta nik uste dut hori berreskuratzea oso ederra dela. Saioan, publikoak bidaia kolektibo bat egingo du irudimenaren bidez. Aldi berean, bakoitzak iruditegiak sortzeko aukera izango du. Esperientzia kolektiboa da, baina oso pertsonala ere bai.
Zer motatako emanaldia izango da?
Baztanera bidaia egingo dugu. Bakarrizketa kutsua dauka, baina ez da ohiko bakarrizketa bat: umorea badago, baina ez da erritmo azkar horretan oinarritzen. Istorioak eramaten du erritmoa, eta tartea ematen da sakontzeko. Gainera, musikak laguntzen du: biolina, pianoa eta gitarra izango dira oholtza gainean. Beraz, kantua eta kontua uztartuko dira. Azkenean, herri txiki bateko unibertsora bidaiatuko dugu. Oso gazte nintzenean taberna batean lan egin nuen, eta esperientzia horretatik sortutako pertsonaiak eta bizipenak agertzen dira.
Zer sentsaziorekin ateratzen da publikoa?
Ondo pasatzen du eta, horrez gain, askotan emozioz beterik ateratzen da jendea. Ipuinek badute gaitasun berezi bat: entzuten ditugunean, gure barruko istorioak ere pizten dituzte. Gaur egun irudiek indar handia dute, baina ipuinek aukera ematen digute gure oroitzapenekin konektatzeko. Horregatik, askotan saioaren ondoren jendeak bere istorioak partekatzeko gogoa izaten du. Gertatu izan zaigu, adibidez, emanaldi baten ondoren jendea elkar besarkatzen hastea, bakoitzak bizi izan duenarekin konektatuta. Momentu horiek oso bereziak dira niretzat.
Badirudi kontalaritzak lotura handia duela sustraiekin…
Bai, guztiz. Kontalaritza herriarekin, historiaren transmisioarekin eta gure sustraiekin lotuta dago. Gaur egun, irudien mundu honetan, hitzari eta imajinazioari espazio bat ematea oso garrantzitsua dela uste dut.
Oso gazte hasi zinen kontalaritzan...
Bai, bertsolaritzatik heldu nintzen hona eta oso gazte hasi nintzen. Entzule gisa maitemindu nintzen lehenengo kontalaritzarekin. Gaur egun, kontalari gisa ere hala sentitzen naiz, baina oraindik ere plazer handia da beste kontalari batzuk entzutea.