Amillubi Taupaka proiektua aurkeztu dute Arrate Kultur Elkartean

Amillubi baserria eta bere lurrak erostea da euren asmoa, ondasun kolektibo bilakatzeko helburuarekin
2024/04/25 15:00
eta kitto!

Biolur Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak Zestoako Iraeta auzoan dagoen Amillubi baserria erosteko bidea hasi du, ondasun kolektibo bihurtu eta agroekologiari bultzada emateko proiektua martxan jartzeko. Horretarako, herritarrei, erakundeei eta enpresei deia egin diete, guztiek bere alea jarri eta proiektua hazteko aukera emateko.

 

Eguaztenen arratsaldean Amillubi Taupaka proiektua aurkeztu zuten Arrate Kultur Elkartean. “Behar batetik sortu den proiektua da”, aipatu zuen Leire Ibarretxe Biolurreko kideak. Batetik, Amillubiren webgunean dagoen bideoan azaltzen den bezala, “urtez urte nekazal lurrak eta baserritarrak abiadura larrian galtzen ari garela ikusteak kezkatu egiten gaitu”, diote. Izan ere, azken hiru hamarkadetan 5.500 hektarea nekazal-lur galdu dira Gipuzkoan, 8.000 futbol zelairen adina.

Eguazteneko aurkezpenean azpimarratu zuten beste behar bat baserrian dagoen errelebo falta da. Euskadin populazioaren %1ak jarduten du nekazaritzan eta 10 urtetan erdia baino gehiago jubilatuko da. “Gainera, nekazaritza ekologikora iristen diren asko ez dira baserriko seme-alabak, ez dituzte lurrik, eta lurrak topatzeko arazoak daude”, Ibarretxeren esanetan.

Nekazariek lurrak izatea da proiektuaren sustraietako bat, eta herritarrak elikagaiak izatea da beste bat. Izan ere, elikagaien %90 kanpotik ekartzen da, “eta horrek menpeko egiten gaitu”, proiektuko sustatzaileek diotenez. Beraz, elikadura burujabetzaren estrategia eraikitzeko aukera eskaintzen du Amillubik. Gainera, EAEn ekoizten den %10 horretatik, erabilgarri dauden lurren %4,6etan soilik ekoizten da nekazaritza ekologikoaren bidez.

Gauzak horrela, Amillubi bereganatzea berebizikoa izan daiteke. Zergatik? “Toki estrategikoan dagoelako kokatuta”, diote proiektuaren sustatzaileek. Urola ibaiaren meandro naturalean dago eta, krisi klimatikoaren garaiotan, ura eskura izatea bermatzen eta lurraren emankortasuna indartzen du. Horrez gain, 26 hektareako nekazaritza lur gisa kalifikatuta dauden eremu zabal baten alboan dago, etorkizunera begira proiektua hedatzeko aukera eskainiz. “Balio handiko nekazal lurrak dira”, Ibarretxeren ustez. Eta gainera, Gipuzkoan horrelako lur askorik ez egoteaz gain, logistikoki oso ondo kokatuta dago bertan sortutako elikagaiak saltokietara banatzeko.

 

Ekarpenak maiatzaren 30a baino lehen

Ekiteko garaia dela diote Amillubi Taupaka proiektukoek eta asmo horrekin jarri dute martxan Zestoako Iraeta auzoko baserria eta lurrak erosteko egitasmoa. “Hasiera batean ez genuen lurrak erosteko asmorik, baina Biolurreko bi kidek Amillubi baserriaren alde bat hartu zuten (bi etxebizitza eta lurrak daude Amilubin) eta beste aldean, oinordekorik ez dituztenez, bertako familiak saltzea erabaki zuen”, azaldu zuen Ibarretxek. Horrela, bertara bizitzera joan ziren gazteei lurrak lantzea eskaini zieten eta hauek Biolurri jakinarazi zieten egoera.

Biolurrek lurrak babesteko eta erreleboa emateko aukera ederra zela ikusi zuen. “Proiektu potoloa da, baina beharrezkoa”, Ibarretxeren ustez. Beraz, gaia gizarteratzea erabaki zuten, proiektu kolektiboa gauzatzeko.

Guztira, 390.000 euro behar dituzte erosketarako eta baserria konpontzeko, eta bertako familiarekin ordainketa bi zatitan egitea adostu dute. Horrela, lehen ordainketa egiteko, maiatzaren 30a baino lehen 150.000 euro eskuratu behar dituzte eta dagoeneko (eguen goizera arte behintzat) 100.300 euro eskuratu dituzte. 547 dohaintza jaso dituzte eta hor ere jarri dute begia, “ahalik eta jende gehiagorengana iritsi nahi dugulako”, proiektua kolektiboa izan dadila nahi duten neurrian.

Norbanakoek amillubi.coop57.coop webgunearen bitartez egin ditzakete dohaintzak. “Edozein kopuru eman daiteke eta errenta aitorpenean desgrabatu egiten du”, azaldu zutenez. Gainera, Biolurrek aportazioak eskatzen ditu eta kooperatibei dei egin diete euren irabazien ehuneko bat emateko, “proiektu sozialei eskaintzen baitiete zati bat”. Adibidez, Fagorrek antolatutako lehiaketa batean hartu zuten parte eta, irabazi ondoren, 60.000 euro eskuratu zituzten.

 

Epe labur eta luzerako proiektuak

Amillubi Taupaka proiektuko kideak hasi dira lurrak mugitzen (porru-landareak landatuz, babarrunak ere jarriko dituzte, udazkenean garia Sosolakoekin elkarlanean…). Izan ere, baserriko jabeekin egin duten akordioaren arabera, familiako amonak eskubidea izango du baserrian bertan geratzeko proiektua martxan jarrita ere.

Proiektua aurrera eramateko bi lagun daude lanean jardun erdian eta 15 lagunek osatzen dute talde eragilea. Hiru taldetan banatzen dira (alde sozioekonomikoa, sorkuntza eta komunikazioa, eta proiektuen taldea), eta epe laburrerako eta epe luzerako proiektuak zehaztu dituzte.

Elikadura burujabetzarako bidean lurrarekin errespetuzkoak diren laborantza proiektuak jarriko dituzte martxan Amillubin, eta formazioa eta nekazarien arteko saretzea sustatuko dute, nekazari berri gehiagoren bidelagunak izanik.
Iparraldeko Lurzaindia proiektuaren lorratzari jarraituz, Euskal Herrian nekazaritza herrikoi eta iraunkorra eraiki nahi dute. “Hego Lurzaindiaren lehen alea jartzen saiatuko gara”, aipatu zuen Ibarretxek.

Besteak beste, baserrietako erreleboa bermatu nahi dutenez, laborantza hasi nahi dutenentzat trebaleku funtzioa beteko dute; formazio eta sentsibilizazio saioak egingo dituzte; eta lan baldintza duinak sortu nahi dituzte laborarientzat, modu kolektiboan.

 

Udaberriko Lurra Taupaka Festa

Maiatzaren 11rako egun osorako festa egitaraua prestatu dute Amillubin. Bisita gidatua egiteko aukera egongo da proiektua hobeto ezagutzeko eta, horrez gain, eskaintza kulturala egongo da: kontzertuak (Pelax, 3zur eta Babarrunba), saio umoretsua Enekoachen (Antton Telleria) eskutik, bakarrizketa (Beatriz Egizabal ‘Grego’-ren eskutik) poesia errezitaldia (Mejillon Tigre), bazkaria, umeentzako txokoa, eta abar.

Egun osorako sarrerak 20 euro balio du, goizekoak 10 euro eta arratsaldekoak 15euro. Bestalde, bazkarirako 10 euro ordaindu beharko dira. Sarrerak webgune honetan erosi daitezke: https://entradium.com/eu/events/amillubi-festa
Ekintzak Amillubin egingo diren arren, ibilgailuak Iraetako futbol zelaian lagako dira eta Amillubira iristeko ibilbidea adierazita egongo da (5-10 minutu oinez). Mugikortasun arazoak dituztenentzat berriz, garraio zerbitzua egongo da Iraetako aparkalekutik Amillubira maiztasunez.