Laguntza tekniko espezializatu berria, kale-garbiketa zerbitzuaren kalitatea eta jarraipena indartzeko

Zerbitzu berri honen bidez, kale-garbiketaren lana hurbiletik eta modu garden batean jarraituko da, datu zehatzetan oinarrituta.
Laguntza tekniko espezializatu berria, kale-garbiketa zerbitzuaren kalitatea eta jarraipena indartzeko
2025/10/13 16:23
eta kitto!

Debabarreneko Mankomunitateak laguntza teknikorako zerbitzu espezializatu bat jarri du martxan, kale-garbiketa hobetzeko eta eraginkorrago bihurtzeko. Ekimen horren bidez "zerbitzu gardenagoa eta herritarren beharretara hobeto egokitutakoa eskaini nahi du Mankomunitateak.

"Laguntza tekniko berriarekin, kale-garbiketa efizientzia handiagoz eta etengabeko hobekuntzaren ikuspegitik kudeatuko da", diote Mankomunitatetik. Funtzio nagusien artean, zerbitzuaren kalitatea neurtzeko eta hobetzeko sistema jarriko da martxan: datu zehatzetan oinarrituko da, eta emaitzen jarraipena egiteko hainbat tresna erabiliko dira. Bestalde, lanean bertan egingo diren behaketek garbiketa-zerbitzuaren egungo egoeraren argazki zehatza eskainiko dute. Gainera, herritarrei egingo zaizkien galdetegien bidez, iritziak eta hobekuntza-proposamenak jasoko dira zuzenean. Eta, azkenik, garbiketa-ibilgailuek sortzen dituzten datuak aztertuko dira, baliabideak hobeto antolatu eta lana modu eraginkorragoan egiteko.

"Zerbitzu berri honen bidez, kale-garbiketaren lana hurbiletik eta modu garden batean jarraituko da, datu zehatzetan oinarrituta. Horrela, Debabarreneko herritarrek kalitate handiagoko eta eraginkorragoa den zerbitzua izango dute", azaldu dute Mankomunitateko arduradunek. Proiektua lehenengo Eibarren jarriko da martxan; urrian hasiko dira lehen behaketak eta herritarrei inkestak. Etorkizunean, ekimena eskualdeko gainerako udalerrietara zabaltzea aurreikusten da.