Andretxeak 2026ko udazkeneko programazioa aurkeztu du
Eibarko Andretxea Berdintasun Zerbitzuak 2026ko udazkeneko programazioa aurkeztu du. Andretxeak urritik abendura bitarteko egitaraua prestatu du, emakumeen ahalduntzea eta autonomia, autozaintza eta ongizate emozional eta erlazionala, eta kontzientzia kritiko, feminista eta dekolonialaren eraikuntza ardatz hartuta.
Hala, ikastaro eta tailerrez gain, erakusketak, hitzaldiak, dokumental-emanaldiak eta bestelako jarduerak izango dira Andretxean. Programazioaren barruan, besteak beste, osasuna, emozioen kudeaketa, literatura, indarkeria matxistaren prebentzioa eta kulturartekotasuna landuko dituzte. Udazken honetan, gainera, ikuspegi dekolonial eta antirrazistari garrantzi berezia emango diote.
Euskarazko ikastaro eta tailerrak
Emakumeentzako Jabetze Eskolaren barruan, euskaraz zein gaztelaniaz egingo diren hainbat ikastaro eta tailer izango dira. Euskarazko eskaintzaren barruan, estresa kudeatzeko teknikak, «Kakorratz-lana tailerra: autozaintza, ahizpatasuna eta jabetzea korapiloen bitartez», «Zoru pelbikoa indartzeko tailerra: gure gorputzak ahalduntzen» eta «Elikadura eta emozioei buruzko tailer teoriko-praktikoa» antolatu dituzte. Horrez gain, «Nire gorputza, nire boterea: Autodefentsa Feminista» tailerra izango da, 6 eta 12 urte bitarteko neskei zuzenduta.
Ikastaro eta tailerretan parte hartzeko aurrematrikula irailaren 23ra arte egin daiteke. Izapidea online egin daiteke, Andretxearen edo Eibarko Udalaren webgunean dagoen dagokion inprimakia beteta, edo aurrez aurre, Andretxean. Ikastaro bakoitzak bere inprimakia du, eta bertan kontsulta daiteke proposamen bakoitzaren inguruko informazioa, besteak beste, datak, ordutegiak eta helburuak.
Udazkeneko programazioan, gainera, ikuspegi dekoloniala eta antirrazista lantzeko proposamenak izango dira, hala nola «Cumbia: feminismoa eta antirrazismoa gorputzetik» tailerra eta migrazio-doluari buruzko saioa. Programazio ireki eta doakoaren barruan, berriz, bularreko minbiziari buruzko hitzaldia, dokumental-emanaldi bat eta urte amaierako festa antolatu dituzte.