Emantzipatzea, gero eta urrutiago: «Bakarrik eta dirulaguntzarik gabe, ia ezinezkoa da»

…eta kitto!-k sare sozialetan zabaldutako inkestan parte hartu duten 122 lagunetatik 117k uste dute Debabarrenean batez besteko soldata batekin emantzipatzea oso zaila edo ia ezinezkoa dela. Etxebizitzen prezio altuak, soldaten eta alokairuen arteko desorekak eta lan-prekaritateak kezkatzen dituzte gehien; parte-hartzaileek neurri ausartagoak eskatu dituzte egoerari aurre egiteko.
Emantzipatzea, gero eta urrutiago: «Bakarrik eta dirulaguntzarik gabe, ia ezinezkoa da»
2026/11/09 16:34
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Gurasoen etxetik alde egin nahi, baina ezin. Soldata jaso, baina hilaren amaierara iristeko zailtasunak izan. Alokairua ordaindu, baina aurrezteko aukerarik ez eduki. Etxebizitza duin bat eskuratzeko beste pertsona batekin bizitzera joan behar izan. Horiek dira emantzipatu nahi duten gazte askoren eguneroko errealitatearen adibide batzuk. Emantzipazioa, askorentzat, gero eta urrutiago dagoen helburua da, eta ez norberaren borondate faltagatik, horretarako baldintza ekonomiko eta sozialik ez dagoelako baizik.

Horixe adierazten dute …eta kitto!-k sare sozialetan zabaldu duen emantzipazioari eta etxebizitzari buruzko inkestaren emaitzek. Guztira, 122 lagunek hartu dute parte. Inkestaren erantzunek agerian utzi dute etxebizitza eskuratzeko zailtasunak eta lan-baldintzak oso lotuta daudela. Izan ere, parte-hartzaileen arabera, soldatak eta etxebizitzen prezioak ez doaz erritmo berean, eta lan egiteak ez du bermatzen norberaren kabuz bizitzeko aukera izatea.

Inkestan parte hartu duten lagunen erdiak (%50,8) emantzipatuta daude; gainerakoek, berriz, oraindik ez dute pausoa eman. 25 eta 29 urte bitartekoak dira parte-hartzaile gehienak (38 lagun), eta 30 eta 34 urte bitartekoak datoz ondoren (34). 21 eta 24 urte bitarteko 26 lagunek ere erantzun dute. Bizilekuari dagokionez, Eibarren bizi dira gehienak: 57 lagunek adierazi dute hori. Deban bizi diren 23 lagunek ere parte hartu dute, eta Mendaroko eta Ermuko hamar lagunek, hurrenez hurren.

Bakarrik ezin bizi

Gazteei emantzipatzeko dituzten oztopoei buruz galdetuta, soldaten eta etxebizitzen prezioen arteko desoreka aipatu dute gehienek: 99 lagunek. Etxebizitzen prezio altua da bigarren kezka nagusia, 94 lagunek adierazi baitute hori. Alokairuko etxebizitzen eskaintza urria (55) eta lan-prekaritatea (53) ere nabarmendu dituzte.

Izan ere, parte-hartzaileen arabera, arazoa ez da soilik etxebizitza bat aurkitzea, aurkitutakoari aurre egiteko dirua izatea ere bada. Debabarrenean batez besteko soldata batekin emantzipatzea posible ote den galdetuta, 64 lagunek ia ezinezkoa dela erantzun dute, eta beste 53k posible dela, baina zailtasun handiekin. Erraza dela erantzun duen bakarra izan da. Beste lau lagunek bestelako erantzunak eman dituzte. Hortaz, 122 parte-hartzaileetatik 117k zailtasun handiak ikusten dituzte batez besteko soldata batekin emantzipatzeko.

Diru-sarreren arabera hilean alokairuan gehienez zenbat ordaindu ahal izango luketen ere galdetu zaie. Erantzun gehien jaso dituen tartea 300 eta 400 euro artekoa izan da (27 lagun); 26 lagunek 500 eta 600 euro artean ordaindu ahal izango luketela adierazi dute, eta beste 19k 400 eta 500 euro artean. Hamar lagunek, berriz, ez dakite zenbat ordaindu ahal izango luketen.

Parte-hartzaileei erantzun irekietan beren iritziak eta bizipenak azaltzeko aukera ere eman zaie. Bertan, bakarrik emantzipatzeko ezintasuna nabarmendu dute. Esaterako, gazte batek aitortu du gurasoen etxetik alde egin ahal izango duen ez jakiteak kezkatzen duela, eta beste pertsona batekin bizitzera joateko beharra izateak ere beldurra ematen diola. Beste batek, laburrago baina argi, honela adierazi du kezka: «Ez da normala gela bat alokatzeko 450 euro ordaindu behar izatea hilero».

Ermuan etxebizitzarik ez, Eibarrera bizitzera

Inkestan parte hartu duen 26 urteko gazte batek bere emantzipazio-prozesuaren berri eman du. Ermuan bizi izan da, baina etxebizitza bila hasi zenean alokairuko eskaintza oso urria aurkitu zuen herrian: bizpahiru etxebizitza besterik ez. Salgai zeuden etxeek, berriz, «izugarrizko prezioak» zituzten. Horregatik, Eibarrera joan behar izan du bizitzera.

Aldaketak, ordea, ez dio soilik bizilekuari eragin. Bere herritik alde egiteak familia eta lagunak atzean uztea ekarri dio, eta hori izan da gehien molestatu dion kontuetako bat, Ermua eta Eibar elkarrengandik oso gertu egon arren.

Hala ere, bere burua zorteduntzat dauka, dirulaguntzei esker lortu duelako alokairuan bizitzea. Bikotekidearekin bizitzeak ere asko lagundu dio, gastuak bien artean banatu ditzaketelako. Bere esperientziatik abiatuta, ondorio garbia atera du: «Gaur egun gazte batentzat, bakarrik eta dirulaguntzarik gabe, ia ezinezkoa da emantzipatzea».

Beste parte-hartzaile batek ere lan-egoera egonkorra izateak ez duela beti emantzipatzeko aukera bermatzen adierazi du. Irakaslea da, eta ikasturte honetan jardunaldi osoko lana izan arren, bikotekidearekin edo beste norbaitekin gastuak partekatu gabe oso zaila egiten zaio etxebizitza bat alokatzea. Haren esanetan, inguruko lagun asko bikotekidearekin edo gurasoekin bizi dira, eta ez dute lagunartean etxebizitza partekatu nahi.

Lekukotza horiek agerian uzten dute emantzipatzeko aukerak ez daudela soilik norberaren lan-egoeraren edo soldataren menpe. Etxebizitzen eskaintzak, alokairuen prezioak eta gastuak beste norbaitekin partekatzeko aukerak ere baldintzatzen dute pausoa emateko aukera.

Emantzipatuta egoteak ez du arazoa konpontzen

Inkestan parte hartu dutenen erdiak baino gehiago emantzipatuta daude, baina horrek ez du esan nahi etxebizitzaren arazoa gainditu dutenik. Etxebizitza eskuratzeko edo mantentzeko izan dituzten zailtasunei buruz galdetuta, alokairuaren prezio altua aipatu dute gehienek: 38 lagunek. Beste 34k beren beharretara eta aurrekontura egokitzen den etxebizitzarik ez aurkitzea nabarmendu dute.

Lan- edo diru-sarreren ezegonkortasuna (21 aipamen), aurrezteko zailtasunak (20) eta hipoteka lortzeko trabak (16) ere ageri dira erantzunetan. Hortaz, emantzipatzea lortu dutenentzat ere ez da beti erraza etxebizitza mantentzea edo etorkizunerako aurreztea.

Neurri ausartagoak eskatzeko garaia

Inkestan parte hartu dutenek ez dute arazoaren diagnostikoa bakarrik egin; egoerari aurre egiteko neurriak ere proposatu dituzte. Soldatak eta lan-baldintzak hobetzea da babes gehien jaso duen neurria: 93 lagunek hautatu dute. Alokairuen prezioak mugatzea oso gertu dago, 91 aipamenekin. Horien atzetik, babes publikoko edo etxebizitza sozial gehiago eskaintzea dago (86), baita etxebizitza hutsak merkatura ateratzea ere (77). Etxebizitza erosteko laguntzak edo finantzaketa erraztea (55) eta alokairurako laguntzak handitzea (46) ere proposatu dituzte.

Erantzun irekietan, laguntza ekonomikoak handitzeaz harago doazen proposamenak ere ageri dira. Parte-hartzaile batek zalantzan jarri du dirulaguntzen eraginkortasuna, eta alokairuak mugatzeko eta etxebizitza hutsak merkaturatzeko legedia ausartagoa eskatu du: «Laguntzek denak berdin jarraitzeko balio dute, onuradunari arnasa emateko, baina jabeak aberasten jarraitzeko».

Beste batek ere etxebizitza hutsen erabilera jarri du mahai gainean: «Herrian dauden etxe hutsekin bertako gazte guztiak emantzipatu ahal izango ginateke». Beste erantzun batean, berriz, etxebizitza duina izateko eskubidea aldarrikatu dute: «Etxebizitza duin bat edukitzea eskubide bat da, eta gauza asko daude aldatzeko».

Etorkizuna, zalantzan

Etxebizitza eskuratzeko zailtasunek etorkizuneko bizi-proiektuetan ere eragiten dute. Hemendik bost urtera non biziko diren galdetuta, 74 lagunek beren herrian bizitzeko aukera aipatu dute. Beste 13k Debabarreneko beste herri batean bizitzeko aukera hautatu dute, eta 24k Euskal Herriko beste toki batean. Beste 24k, berriz, ez dakite non egongo diren; bostek Euskal Herritik kanpo bizitzeko aukera aipatu dute.

Erantzun irekietan ere kezka hori ageri da. Parte-hartzaile batek azaldu du bere inguruan familia sortu nahi duten lagun asko ez direla horretarako gai etxebizitzaren arazoagatik. Beste batek, berriz, gurasoen laguntzari esker etxebizitza erostea oso ohikoa dela uste du, eta egoera horrek desberdintasunak sortzen dituela ohartarazi du.

Etxebizitza eskuratzeko zailtasunek pertsona guztiei berdin eragiten ez dietela ere gogorarazi du beste parte-hartzaile batek. Haren ustez, egoera are zailagoa da arrazializatutako pertsonentzat, bereziki egoera administratibo irregularrean daudenentzat.

«Ezin dugu etorkizunik eraikitzeko ezta asmorik izan», idatzi du parte-hartzaile batek. Beste batek, berriz, gurasoen etxetik irteteko zailtasunak nabarmendu ditu, eta gazte askok independentzia lortzeko aukerarik ez dutela sentitzen ohartarazi.

Inkestaren emaitzek erakusten dute emantzipazioa ez dela gazteen kezka indibidual hutsa, arazo kolektiboa baizik. Etxebizitzaren prezioek, soldatek eta lan-baldintzek elkarri eragiten diote, eta horrek zuzenean baldintzatzen du pertsona askoren bizi-proiektua. Gurasoen etxetik alde egin, herrian bertan bizi eta etorkizuna norberaren kabuz eraiki ahal izatea ez litzateke luxu bat izan behar. Inkestan parte hartu dutenen eskaera, funtsean, hori da: lan egiteak bizitzeko aukera ematea eta etxebizitza eskubide izatea, ez pribilegio.