Andretxeak ikastaro eta tailer ugari eskainiko ditu udazkenean

Ikastaroak, tailerrak, erakusketak eta jarduera irekiak izango dira urritik abendura bitarteko programazioaren ardatzak. Izena emateko epea irailaren 23ra arte egongo da zabalik.
Andretxeak ikastaro eta tailer ugari eskainiko ditu udazkenean
2026/09/01 17:14
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Andretxeak udazkeneko programazioa aurkeztu du gaur, irailak 1. Urritik abendura bitartean hainbat ikastaro, tailer, erakusketa eta jarduera eskainiko ditu. Udazken honetan, emakumeen ahalduntzea eta prestakuntza feminista izango dira programazioaren ardatz nagusiak, ikuspegi dekoloniala, autozaintza eta emakumeen autonomia ere landuz.

Emakumeentzako Jabetze Eskolaren barruan, hainbat ikastaro eta tailer antolatu dituzte. Besteak beste, «Estresa kudeatzeko eta autozaintzarako tresnak», «Ahizpatasuna», «Zoru pelbikoa», «Elikadura eta emozioak», «Barreterapia», «Harreman osasungarriak» eta artearen bidez emozioak lantzeko proposamenak izango dira.

Ikuspegi feminista eta dekoloniala lantzeko ere hainbat jarduera izango dira. Horien artean daude «Cumbia: feminismoa eta antirrazismoa gorputzetik» tailerra eta «Dolua migrazioan laguntzea zaintza feministatik eta arrazakeriaren kontrako zaintzatik» saioa.

Hitzaldiak, dokumentalak eta bestelako jarduerak

Andretxeak programazio ireki eta doakoaren barruan hainbat jarduera ere antolatu ditu. Urriaren 19an, esaterako, bularreko minbiziari buruzko hitzaldia egingo dute, Izan Inurri elkartearekin elkarlanean. Azaroan, berriz, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, «Isiltasunaren indarra» dokumentala proiektatuko dute.

Urtea amaitzeko, festa irekia eta «Ez da kasualitatea» bertso-saio feminista egingo dituzte.

Erakusketak eta literatura

Andretxeko Damaskinatzaileak erakusketa-aretoan ere hainbat lan izango dira ikusgai udazkenean. Besteak beste, «Euskal kulturatik eta feminismotik minbiziaren iruditeria kolektiboa eraldatuz», Egoaiziak antolatutako «BUNA: etiopiar emakumeen ahotsak eta erresilientziak» eta «GOI ARGI: 1951-2026» erakusketak izango dira.

Maistrak liburutegiak, berriz, genero eta feminismo gaietan espezializatutako bere zerbitzuarekin jarraituko du. Liburuak kontsultatu eta mailegatzeko aukeraz gain, «Munduko emakumeen literatura-saioak» zikloa eskainiko du, XIX. mendeko idazle ingelesen lana ezagutzeko.

Izena emateko epea

Ikastaro eta tailerretan parte hartzeko aurrematrikula irailaren 1etik 23ra egin ahal izango da, Andretxearen eta Udalaren webguneetan eskuragarri dagoen formularioaren bidez edo, aurrez aurre, Andretxean.

Jarduerak aurrera eramateko, gutxienez zortzi lagunek eman beharko dute izena. Plaza baino eskaera gehiago egonez gero, zozketa egingo da parte-hartzaileak aukeratzeko. Onartutakoen zerrenda irailaren 25etik aurrera kontsultatu ahal izango da Udalaren webgunean.

Bestalde, Andretxeak urtean zehar eskaintzen dituen ahalduntze- eta orientazio-espazioek ere jarraipena izango dute. Besteak beste, «Harreman afektiboen taldea», «Empalabramiento» programa eta «Geure burua maitatzen ikasten» espazioa izango dira martxan. Azken hori indarkeria matxistaren ondoren bizi-proiektua berreraikitzen ari diren emakumeei zuzenduta dago.