Andretxeak otsailetik ekainera arteko programa aurkeztu du
Otsailetik ekainera hamar ikastaro edo tailer emango dituzte Andretxean. Batzuk euskaraz izango dira eta beste batzuk gaztelaniaz, eta emakumeen ahalduntzera bideratuta dauden edukiak landu nahi dituzte bertan.
Lehenengoa, ‘Sendabelarrekin gure gorputzak askatzen ikasi: Fitoginekologia’ tailerra izango da. Bertan, inguruko sendabelarrak identifikatzen eta erabiltzen ikasiko da. Martxoaren 2, 9, 16 eta 23an (astelehenak) izango da, 17:30-19:30 ordutegian, euskaraz.
‘Ikasi pentsatzen eta pentsatzeari uzten’ tailerra mindfulnessa praktikatzeko eta pentsamendu kritiko feminista jorratzeko ikastaroa da. Martxoaren 3,10,17 eta 24an, apirilaren 14, 21 eta 28an eta maiatzaren 5,12 eta 19an, (martitzenak), 17:00-19:00 ordutegian, gazteleraz.
‘Nik ere konpontzen dut: etxeko konponketa tailerrean’ oinarrizko tresnak erabiltzen ikasiko da, martxoaren 4,11,18 eta 25an, apirilaren 8,15, 22 eta 29an eta maiatzaren 6 eta 13an (eguaztenak), 10:30-12:00 ordutegian, gazteleraz.
‘Menopausia erronkei aurre eginez: zoru pelbikoko fisioterapia eta nutrizioaren indarra’ tailerrean menopausiari aurre egiteko tresnak jorratuko dira, martxoaren 5ean (17:30-19:00), 12an (17:30-19:30) eta 26an (17:30-19:00), denak eguenetan, euskaraz.
Hurrengoa ‘Flamenko feminista tailerra’ izango da, apirilaren 9, 16, 23 eta 30ean, (ostegunetan, 17:00-19:00), euskaraz.
Gorputz-adierazpen eta dantzarekin jarraituz, ‘Boterea, ahizpatasuna eta perreoa’ tailerra jorratuko da “Boooty Dance” delakoen potentziala ezagutzeko, apirilaren 17an eta 24an, maiatzaren 8an, 22an eta 29an eta ekainaren 5ean (barixakuak), gazteleraz.
Andretxetik kanpo (Arrateko aterpetxean) eskainiko den tailer bakarra ‘Irrintzi tailerra: Jatorrira itzuliz’ izenekoa izango da, maiatzaren 14an (osteguna, 17:30etik 19:30ra), euskaraz.
Ondorengoa, ‘Dantza energetikoa: Mugimendua, gorputz konexioa eta adierazpen emozionala’ ikastaroa izango da, maiatzaren 15ean (barixakua, 17:00etatik 20:00etara) eta 16an (zapatua, 10:00etatik 14:00etara, gazteleraz).
Autodefentsa feministari dagokionez, ‘Boxeo feminista’ (maiatzaren 23an, 10:00etatik 14:00ak bitartean, euskaraz) eta ‘Autodefentsa feminista: bizitzaren sustraia eta ahots propioaren bila’ (maiatzaren 18an, 20an eta 21ean, 18:00etatik 20:30era, gazteleraz) tailerrak antolatu dira.
Bestalde, Andretxea barruan Maistrak liburutegia aurkitu dezakegu, irakurketa feministen gunea. Genero eta feminismo gaietan espezializatuta dago, eta kontsulta-zerbitzuak, aholkularitza espezializatua eta liburuen mailegua eskaintzen ditu. Gainera, ikasteko eta bakarka edo taldean lan egiteko espazio bat ere badu, non giro atsegina eta lasaia dagoen. Horrela, martxoan zehar (6, 13, 20 eta 27an), ‘La jauría: Idazketa sortzaile feministako tailerra’ egingo da bertan, sormena deskubritzeko, liburuez hitz egiteko eta adierazten ikasteko, gaztelaniaz.
Hitzaldiak eta mahai-inguruak
Emakumeak ahalduntzeko aurreikusitako egitarauaren barruan, otsailaren 11n, ‘Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna’ ospatuko da eta, horrekin lotuta, otsailaren 9an, 17:00etan, ‘Emakume ingeniariak’ solasaldia egingo da euskaraz (Mari Luz Guenaga eibartarra izango da hizlarietako bat).
Otsailaren 16an, 18:00etan, ‘Pornografia deseraikitzen’ izeneko hitzaldia egongo da, elebitan.
Martxoan, noski, Emakumeen Nazioarteko Egunak izango du protagonismoa, baina horren inguruko egitaraua hurrengo asteetan emango dute jakitera. Horrela, martxoaren 5ean, 18:00etan ‘Euskal Feminismoa, aldaketarako paradigma’ liburua aurkeztuko du Naia Torrealdai Mandalurizek. Eta martxoaren 17an, 18:00etan, ‘Sexualitatea eta zahartzaroa’ hitzaldia antolatu dute, euskaraz zein gazteleraz.
Apirileko egitarauan, ‘Emakume arrazializatuen begirada feminista eta arrazakeriaren aurkakoa’ izeneko hitzaldiaren txanda izango da apirilaren 16an, 18.00etan, Hitzaldia gaztelaniaz.
Maiatzerako bi hitzaldi antolatu dira. Hilaren 7an, 18:00etan, ‘Familiak eta sexualitatea: nola lagundu haur eta nerabeei’, euskaraz eta gazteleraz; eta maiatzaren 13an, 18:00etan, ‘Heteroarauaz eta genero disidentziaz’.
Hitzaldiei amaiera emateko, ekainaren 9an, ‘Sexualitatea eta aniztasun funtzionala’ hitzaldia entzuteko aukera egongo da, 18:00etan.
Proiekzioak eta erakusketak
Ekainean baita ere, baina oraindik zehaztu gabe dagoen egunean, ZINEGOAK 2026 LGTBIQ+ film laburren emanaldia egongo da.
Erakusketei dagokienez, hauek egongo dira: ‘Zientzia emakumeak argira’, otsailaren 2tik 28ra; ‘Greba orokor feministarantza’, martxoaren 2tik 31ra; Igone Mariezkurrena Fernandezen ‘Indusen ibaibideak: Himalaiatik Karatxiram Pakistan, begirada sozial bat’, apirilaren 20tik maiatzaren 20ra (bisita gidatua egingo da lehen egunean, 18:30ean); eta ‘Euskal landa-eremuko LGTBIQ+ komunitatearen istorioak eta erretratuak’, ekainaren 4tik 10era (4an, 18:00etan, hitzaldia emango dute Joseba Olagaraik eta Martxel Larrazak).
Aurrematrikula
Ikastaro eta tailerretan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aurrematrikula egitea. Horretarako, Andretxearen eta Udalaren webguneetan, baita Andretxean ere, eskuragarri dagoen online inprimakia bete behar da, otsailaren 2tik 24ra, biak barne.
Gutxienez, 8 pertsona behar dira ikastaroa edo jarduera osatzeko. Aurrematrikulatutako pertsonen kopuruak ezarritako gehieneko parte-hartzaile kopurua gainditzen badu, parte-hartzaileak zozketa bidez hautatuko dira. Onartutako pertsonen zerrenda egingo da, www.eibar.eus webgunean eskuragarri egongo dena otsailaren 26tik aurrera.
Zerbitzuak
Iraolak eta Ibañezek prentsaurrekoan azpimarratu dutenez, urte osoko lanarengatik da erreferente Andretxea eta bertan ematen diren zerbitzuak gogoratu dituzte. Esaterako, lan-aholkularitza zerbitzua dago zaintzaile eta etxeko langileentzat. Orientazio juridikoko zerbitzua da, etxeko eta zaintzako langileei zuzendua, lan-eskubideei buruzko orientazioa eta aholkularitza emateko, bai eta prestakuntza, gizarte-, gizarteratze- eta laneratze-premietan laguntzeko ere (zerbitzu hori doan eskaintzen da asteazkenero, 16:30etik 19:30era, Andretxean).
AndretxeaSex, sexu-aholkularitza zerbitzua da. Doako zerbitzu hau (hilaren lehen martitzenean, 17:00etatik 19:00etara, hitzorduarekin: 943 54 39 38 - 688 85 34 40) herritar guztiei zuzenduta dago, adin-tarte guztientzat. Orientazioa, aholkularitza eta laguntza sexuala eskaintzen da. Hitzorduak eskatu behar dira.
Beste zerbitzu bat indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen administrazio- egoera erregularizatzeko orientazio-zerbitzua da (doakoa, 16:30etik 19:30era, eguaztenero), laguntza eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen diena indarkeria matxista jasan duten eta egoera administratibo irregularrean dauden emakumeei.