Andretxeak udazken-neguan eskainiko duen programazioa aurkeztu dute
Eibarko Jabetze Eskolak udazken honetan eskainiko dituen ikastaroen eskaintza oso zabala da, eta bakoitzari buruzko informazio zehatza Andretxearen webgunean kontsultatu daiteke, baita Andretxeako 2024ko udazkeneko programazioaren liburuxkan ere. Aurrematrikula egiteko epea zabalik dago oraindik, irailaren 25era arte, eta izen-ematea Udalaren eta Andretxearen webguneetan eskuragarri dagoen formulario bat beteta (Andretxean ere bete ahal izango da inprimakia) egin daiteke. Horrekin batera, literatura-saioak, gidatutako erakusketak eta beste ekintza batzuk egingo dituzte.
Klimaterioaren munduan murgilduko gara: zer gertatzen zaigun gorputzean eta zergatik aztertuko dugu. Menopausia zer den ere definituko dugu. Teoriatik gorputzera abiatuko gara eta gertatzen zaigunarentzako erantzunak bilatuko ditugu. Horretarako, taldearen indarra aprobetxatuko dugu horretarako. Aurrematrikula formularioa.
Oso modu praktikoan lan egingo dugu, oinarrizko tresnak erabiltzeko gai izan arte eta hasieran konplexuak iruditzen zitzaizkigun zeregin horiek betetzeko. Metodologia sinple eta argi batean oinarrituta lan egingo dugu, alderdi teoriko batzuk jorratuz, gure zailtasunak partekatuz eta gure beharretara egokituz. Aurrematrikula formularioa.
Chi Kung edo Qi Gong, osasuna modu integralean hobetzeko osagarriak diren praktikak dira, gorputza, burua eta energia kontuan hartzen dituztenak.. Ariketa leunekin, arnasketarekin eta arreta integralarekin batera, gure osasuna eta bizi-energia hobetzen ditugu. Aurrematrikula formularioa.
Tailer honetan jolasa, barrea, konplizitatea, begiradak… nahasten dira hausnarketa, kontzientzia eta presentziarekin. Gune honetan, edalontzia erdi beterik ikusteko aukera geure esku dagoela gogoratu ahal izango dugu, baita ohitura osasungarriak guretzat sortu ere, hala nola geure buruari adeitasunez hitz egitea edo bizitza jolas gisa hartzea. Aurrematrikula formularioa.
Tailerretan taldeak du berebiziko garrantzia. Kozinatzeko era jasangarri eta osasuntsu batetik, elikadura eredu eraldatzailearen gakoak ezagutuko ditugu, bertako eta garaiko elikagaiak erabiliz. Geure buruarekiko eta naturarekiko errespetua eta zaintza garatzeko, landa eremu biziaren garrantzia aldarrikatzeko, emakume nekazarien lana ikustarasteko eta bizitza erdigunean jartzeko asmoz sortutako tailerra da. Aurrematrikula formularioa.
Tailer honen bidez, Pole Dance jarduera ezagutuko dugu, hau da, barra bertikal finko baten gainean egiten den ariketa fisikoa. Gorputzarekin formak, biraketak eta irudiak eta bestelakoak egiten ikasiko dugu. Ikastaro hau guztiontzat da; izan ere, oinarrizko elementu eta ariketekin hasiko gara eta bakoitzaren indargune eta ahulguneetara egokituko gara, maila desberdinetako ariketak proposatuz. Aurrematrikula formularioa.
Ikastaro honek, egile nabarmenen testu autobiografikoetatik abiatuta, kontzientzia kritikoa suspertu eta memoria feminista pertsonala, kolektiboa, globala eta tokikoa berreskuratu nahi du. Aurrematrikula formularioa.
Umorea eta ikuspegi feminista landuko dira bertan. Emakumeak umore hartzaile gisa aztertuko dira, umore objektu gisa eta umore sortzaile gisa. Hiru eremu horiek aztertuta, generoak umorean duen eragina ulertu ahal izango dugu. Aurrematrikula formularioa.
Tailer honen bidez, erasoak identifikatu ahal izango ditugu, beraien jatorria aztertu, eta bortizkeriaren garapena eta ondorioak ezagutu. Era errazean eta zailtasunik gabeko tekniken bidez ikasiko dugu emakumeok eguneroko bizitzan pairatzen ditugun eraso sexistei aurre egiten. Aurrematrikula formularioa.
Tailer teoriko-praktiko honetan ikasiko dugu gure gorputzean zer gertatzen den eta gure bizitzako fase honetan geure buruari nola lagundu dieziokegun elikagai eta edari egokienekin. Nola prestatu eta barneratu gure elikaduran. Menopausia garaia guztiz aberasgarria izan daitekeelako kontzientziaz eta autozaintzatik bizi badugu. Aurrematrikula formularioa.
Gorputzari entzuten eta gure beharrak zeintzuk diren identifikatzen ikasiko dugu, eta horrela horiek asetzeko behar ditugun elikagaiak aukeratzen jakingo dugu. Helburua zoriontsu bizitzea da, osasuna zainduz eta naturarekin bat egiten ikasiz. Horretarako, garrantzitsua da nork bere buruaren kontzientzia izatea: "Kontzientziak gidatzen du elikadura, burua, pentsatzen duguna, esaten duguna, egiten duguna, eta, oro har, bizitzeko modua". Aurrematrikula formularioa.
Zer da plazera? Zer da desioa? Eta zergatik landu jolasen bitartez? Tailer teoriko esperientzial honetan plazera eta erotika zer diren eta ezberdintasunak azalduko ditugu. Baita gure bizitzetan zer leku betetzen duten ere. Plazera eta erotika jolasaren bitartez landuko ditugu alde, batetik ondo pasatzeko, eta bestetik, gorputzetik egiteko. Izan ere, gorputzaren bitartez lortzen dugu plazera. Aurrematrikula formularioa.
Geure mundu ikuskeratik genealogia feministan murgilduko gara, gure errelato kolektiboa eraikitzeko. Borrokatu duten emakumeak lehen lerrora ekarriko ditugu, haiengandik ikasteko, eta bereziki galdetzeko nola iritsi garen honaino; hots, zeinek eraiki dituen, nondik eta zerekin orainaren eta iraganaren bertsioak; errealitate soziala eta memoria nola eraiki diren. Memoria egingo dugu, feminismoaren oinarrietan sakontzeko, teoria eta praktikak ezagutzeko, egindako ibilbideak ulertzeko eta desiratzen dugun etorkizunera gerturatzeko. Aurrematrikula formularioa.