Andretxean otsailetik ekainera arte egingo diren ekintzak aurkeztu dituzte
Andretxeak otsailetik ekainera arte jasoko duen programa aurkeztu dute gaur goizean. Tailerren eta hitzaldien bitartez emakumeak eta beste hainbat kolektibo ahaldundu nahi dituzte. Horretarako, ekintzetan honako gaiak jorratuko dituzte: ekologismoa, feminismoa, LGTBIQ+ eskubideak eta emakumeen ahalduntzea, betiere ikuspegi kritiko, dekolonial eta feministatik.
Otsailaren 3an inauguratu dute lehen erakusketa, 18:00etan, ‘Ondo Bizitzeko alternatibak’ goiburuarekin. “Proiektu hau Lumaltik kolektiboak egin du, tokiko hainbat talde ekologista, feminista eta antiarrazistarekin batera, bai eta Erdialdeko Amerikako lurraren emakume defendatzaileekin batera ere. Erakusketa honen bidez, apirilaren 29ra arte zabalik egongo dena, gogoeta egin nahi da gaur egungo bizimoduaren inguruan, Ondo Bizitzea kontzeptu latino-amerikarrean inspiratuta”, azaldu dute.
Udalak nabarmentzen dituen beste proiektu batzuk ‘Gu ere bagara’ edo ‘Kintsugi’ album-mutuen irakurketak dira. “Azkenengo ziklo honetan hitzik gabeko liburuak irakurri eta komentatuko dira, album mutuei modu kolektiboan hitza eta ikusgaitasuna emateko. Saioak Andretxean egingo dira martxoaren 4an, apirilaren 8an, maiatzaren 13an eta ekainaren 10ean. Saio guztiak euskaraz izango dira, Ainhoa Aldazabal Gallastegui dinamizatzaileak gidatuta. Izen-ematea zabalik dago otsailaren 1etik 23ra”, zehaztu dute Udaletik.
Azken urteotan bezala, txikienentzako espazio bat ere egongo da ‘Itsaspeko Bihotzak’ programarekin: “Areto literario bat da, genero-berdintasuna jorratzen duena euskal haur-literaturaren bidez. Tailer hau 5-8 urte bitarteko haurrentzat eta haien familientzat da; liburu espezifikoak erabiliko dira hezkuntza-tresna gisa. Inaugurazio-saioa otsailaren 25ean izango da, 17:30ean, Andretxean, eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak gidatuko du”.
Tailer praktikoak
Hilabete hauetan, Andretxeak hainbat tailer praktiko eskainiko ditu autonomia eta ahalduntze pertsonalari zein kolektiboari begira. Hauek nabarmentzen dira:
- Kosmetika Naturalaren tailerra (martxoak 15 eta 29, apirilak 12, maiatzak 17 eta 24), ingurumenarekiko errespetua eta autosufizientzia sustatzen duena.
- Autodefentsa Feminista (maiatzak 10). Ikastaro honetan emakume parte-hartzaileek eraso sexistak identifikatzen eta haiei aurre egiten ikasiko dute.
- Brikolea: biziraupenerako brikolaje tailerra (apirilak 23-ekainak 4). Tailer honetan etxeko konponketa ohikoenak nola egin irakatsiko da.
Hitzaldiak
Hitzaldiak ere antolatu dituzte. Horrela, ‘Zaintza sistema publiko komunitarioa’ izeneko hitzaldia egongo da Miren Arangurenen eskutik (martxoak 3), ‘ONEKAren sorrera eta bilakaera’ (martxoak 18), eta ‘Resistencia Romaní’ (apirilak 28). “Denak ere hainbat mugimendu sozialetako kideen parte-hartzearekin”, zehaztu dutenez.
Izen-ematea
Tailer eta jarduera guztietarako izen-ematea otsailaren 1etik 23ra bitartean egingo da, Udalaren eta Andretxearen webguneetan dauden formularioen bidez.
Jarduera guztiak zabalik daude herritarrentzat eta doakoak dira edo kostu sinbolikoa dute Eibarren erroldatutako pertsonentzat.